Albisteak

SARE Herritarraren oharra Arantza Zulueta presoaren leku aldatzea dela eta

Arantza Zulueta abokatu presoa, Zaballako kartzelatik Picassentera (Balentzia) kartzelara mugitu dute. Gertaera hau, Espetxe politika krudel honen mendekuaren beste ondorio bat da.

 

Gogorarazi nahi dugu, bai Arantza eta baita Jon ere, 11/13 makroepaiketan izan direla zigortuak, eta geratzen zitzaizkien bost hilabeteko zigorra betetzeko sartu zituzten Zaballako kartzelan.

Espainiar gobernuak, biderik ulertezinena hartu du. Zigorra betetzeko, beraien senideengandik ehunka kilometrotara urruntzea, zigorra betetzeko soilik 4 hilabete geratzen zaien honetan.

Espainiar Gobernuari, hainbeste sufrikario eragiten duen espetxe politika honi amaiera emateko eskatzen diogu. Soilik horrenbeste sufrikario bizitzen ari diren senideei areagotzen bait diete zigorra. Arantza Zulueta Balentziara eramatean pertsona gehiagoren bizia arriskuan jartzen da berriz ere. Arantzaren senideek 500kmtik gora egin beharko dituzte astebururo (500km joan eta 500km itzulian) neguko eguraldiei aurre eginez. Nori egiten dio mesede horrek? Zergatik jarraitzen du Espainiar Gobernuak iraganeko politika honekin? Soilik erantzun bakarra datorkigu burura, mendekua.

Euskal jendarteari, adi egoteko eta mobilizatzeko deia egiten diogu, giza eskubideen defentsa guztion ardura delako.

Horregatik, SAREk, datorren asteazkenean, azaroak 13, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Udaletxe aurrean burutuko dugun elkarretaratzera dei egiten du.

 


Ehundaka pertsona batu dira Gasteizen Jose Angel Otxoa de Eribe azkena izan behar duela exijitzeko

Jose Angel Otxoa de Eribe, Estatuko botereen estatistiketan, preso egon eta gaixotasun larri bat dela eta kaleratua izan zena.

Jendarte honen zati gero eta garrantzitsuago batentzat, Jose Angel bere etxean hil zedin aske utzi zuten euskal preso bat da. Ez zuten askatu bere gaitz larria espetxeko hormetatik at artatu ahal izateko. EZ. Ez zuten bere gaitzari aurre egin eta bizia luzatzeko askatu. EZ. Askatasuna, bere bizi esperantzak ia hutsalak zirenean baino ez zioten eman.

Gobernu honek bere egin du PPko Gobernuak bere garaian onartu zuen zirkularra; bertan, ondorengoa jasotzen zen larriki gaixo dauden presoen zegokionean “soilik heriotza ate joka dutela ziurtatzean” izango direla askatuak.

Guztiz krudela da, baina egun oraindik ere errealitate bat izaten jarraitzen du; bada hau baino zerbait zitalagorik?

Salatu nahi dugu, beste behin ere, saihestu zitekeen heriotza bat. Salatu nahi dugu ere, Jose Angelen moduan, hainbat euskal preso daudela, sendaezinak diren gaixotasunekin, euren bizia eskuetatik ihesi doakiela ikusten duten bitartean, espetxean, Gobernu espainiarraren eta Justiziaren pasibitatearen aurrean. Horren adibide da, Ibon Fernandez Iradiren kasua, beste behin ere, justiziak bere gaitzaren gaineko erabakia ebazteko epea luzatu baitu, bere egoeraren larritasuna aintzat hartu gabe, bere etxeratze prozesua eternizatuz.

Jose Angelek eta bere sendiak, gaixotasunaren gora beherez gain, urruntze politikak dakarren sufrimendu atxikiari egin behar izan diote aurre urte luzeetan zehar, mendeku bikoitza jasanez.

Ekin diezaiogun elkarrekin egoera hau aldatzeko. Atera gaitezen kalera, atera gaitezen bidera, zerrenda ilun hau zabaldu ez dadin. Eta batez ere, egin dezagun posible dena eta ezinezko dena, pertsona hauek espetxea atzean utzi eta euren gaitza etxean era duinean artatzeko aukera izan arte.

Bere burua demokratikotzat duen jendarte batek, ezin du elkarbizitzarako espazioen sorrera, gorrotoa eta mendekua oinarri dituen espetxe politika batengatik aldatu.
Aspaldidanik, espetxeak inpunitate eta zigor eremu dira.

Osasunerako eskubidea, oinarrizko eskubidea da, baina baita eskubide unibertsala ere eta errespetatua izan behar da, pertsona preso egon ala ez.

Eta osasunerako eskubide hau, larriki gaixo diren presoen kasuan, espetxearekin bateraezina da.

Tribunalek ezarritako zigorrak, askatasuna ukatzen die presoei, baina ezin die osasunerako eta, are gutxiago bizitzarako eskubidea ukatu.

Jendarte hau euskal presoen aurka ezartzen den gorroto eta mendekuarekin amaitzeko prest dago. Aurrera egiteko prest gaude.

Gorrotoari eta mendekuari ateak itxi eta askatasunari, konponbideari eta elkarbizitzari ateak zabaldu nahi dizkiogu.

Lanean jarraitzeko dei egiten dizuegu. Gure herri, auzo, ikastola, unibertsitate edota frabriketan...

Eta berriro ere kalera aterako gara, beharrezkoa den bitartean.

Marisol, Asier, Garazi... ez zaudete bakarrik. Zuen herriaren maitasuna eta babes osoa duzue.

Gobernu espainiarrari azken deialdi bat eginez amaitu nahi dugu:

GIZATASUNAGATIK, DUINTASUNAGATIK, ETA LEGALITATEAGATIK, LARRIKI GAIXO DIREN PRESOAK ASKATU!

ETXEAN NAHI DITUGU ETA BIZIRIK NAHI DITUGU.


Jose Angel Otxoa de Eribe euskal presoaren heriotzaren aurrean (Uztailetik baldintzapeko askatasunean):

Jose Angel Otxoa de Eribe euskal presoa, igaro berri den uztailean askatu zuten baldintzapean gaixotasun larri bat zela eta. Gaur, hiru hilabeteren ostean, bere heriotzaren berri izan dugu.

Lehenik eta behin, gure elkartasun, maitasun eta doluminak helarazi nahi dizkiogu Jose Angelen sendiari. Horrekin batera, gogor salatu nahi dugu zigorrerako eta mendekurako espetxearen erabilera eta abusua; berekiko ardura zutenen humanitate falta nabarmenduz, zeinaren ondorioz, askatasuna bere egoera klinikoa guztiz limitean zegoenean baino ez zioten eman.

Jose Angel duela 19 urte espetxeratu zuten, 2000.urtean. 2015. urtean kantzerra diagnostikatu zioten. Bere zigorraren 3/4enak beteak zituela (2016.urtean) jakitun izanda ere, eta larriki gaixo egonda ere, Jose Angel espetxean mantentzea erabaki zuten, bere egoerak guztiz okerrera egin eta atzera bueltarik gabea bilakatu artean. Espetxe politikaren ohiko legediaren arabera, Jose Angelen bere gaitza etxean, baldintza duinetan, aukera guztiekin eta bere senide eta konfiantzazko medikuen babesarekin artatzeko eskubidea zuen.

Sare Herritarretik, espainiar Gobernuari, euskal presoentzat heriotza zigor bilakatzen den egoera honekin amaitzeko exijitzen diogu; horretarako, larriki gaixo diren presoak aske utziz, beste preso batek Jose Angeli gertatutako jasan ez dezan.

Gorrotoa eta mendekua albo batera utzi eta halako egoerek eskatzen duten humanitatea eta ardurarekin joka dezan eskatzen diogu. Gertaera berri honen aurrean, Sarek, larunbat honetarako, azaroak 2, manifestazioa deitu du arratsaldeko 17:00etan Gasteizen, Artium parean.

#GaixoLarriakEtxera


SARE Herritarraren oharra Jon Enparantza presoaren leku aldatzea dela eta

Jon Enparantza abokatu presoa, Zaballako kartzelatik Estremerako (Madrid) kartzelara mugitu dute. Gertaera hau, Espetxe politika krudel honen mendekuaren beste ondorio bat da.

Gogorarazi nahi dugu, bai Jon eta baita Arantza ere, 11/13 makroepaiketan izan direla zigortuak, eta geratzen zitzaizkien 5 hilabeteko zigorra betetzeko sartu zituzten Zaballako kartzelan.

Espainiar gobernuak, biderik ulertezinena hartu du. Zigorra betetzeko, beraien senideengandik ehunka kilometrotara urruntzea, zigorra betetzeko soilik 4 hilabete geratzen ez zaien honetan.

Espainiar Gobernuari, hainbeste sufrikario eragiten duen espetxe politika honi amaiera emateko eskatzen diogu. Soilik horrenbeste sufrikario bizitzen ari diren senideei areagotzen bait diete zigorra. Jon Enparantza Madrilera eramatean pertsona gehiagoren bizia arriskuan jartzen da berriz ere, haien artean 5 adin txikikoak, ume hauek beste 103 umek bezela, ehunka kilometro egin beharko dituzte bere senidea ikusteko. Nori egiten dio mesede horrek? Zergatik jarraitzen du Espainiar Gobernuak iraganeko politika honekin? Soilik erantzun bakarra datorkigu burura, mendekua.

Euskal jendarteari, adi egoteko eta mobilizatzeko deia egiten diogu, giza eskubideen defentsa guztion ardura delako.

Horregatik, SAREk, datorren Astelehenan 28, arratsaldeko 19:30tan Txillardegi (Gaskuina) plazan burutuko dugun elkarretaratzera dei egiten du.


MANIFESTAZIOA, URTARRILAREN 11n, ORAIN PRESOAK DINAMIKAREN BAITAN

Urtarrilaren 11n berriro beteko ditugu Bilboko kaleak. Berriro plazaratuko dugu presoen eskubideen aldeko konpromiso irmoa.

Mobilizazio soziala gizarte garaikideen tresnarik garrantzitsuena da gehiengoak lortzeko, gizartea aktibatzeko eta aldaketa garrantzitsuak erdiesteko.

Zalantzarik gabe, mobilizazio hori funtsezkoa da helburuak errealitate bihurtzeko.

Izpiritu hori euskal gizartean zabaldu nahi dugu. Uste sendo hori. Ideiak argi izanda, benetan sinesten badugu, gure helburuak lorgarriak direla sinestera eramango gaituen izpiritu hori.

Eutsi egin nahi diogu benetako bakea eta bizikidetza lortzeko bideari.

ORAIN PRESOAK ekimena Euskal Herriak, bere pluraltasunetik, behar eta nahi duen bide-orria da. Urteetako sufrimenduari eta konfrontazioari amaiera ematea guztion ardura delako: gizartearena, elkarteena, erakunde politiko eta judizialena, eta, jakina, Espainiako eta Frantziako gobernuena. Frantziako Gobernuan mugimendu esanguratsuak eman dira; espero dugu Espainiakoak eredutzat hartzea.

Manifestazioa inflexio-puntu garrantzitsua izan behar da, iraganaren eta etorkizunaren arteko etena markatuko duena gizartea aktibatzeko ziklo berri honetan, gure herriaren zati handi batek eskatzen duen ziklo honetan.

Presoen aldeko urratsak emateko unea da: aldatu egin behar delako prozesuaren erritmoa. Orain, estatuan beste hauteskunde batzuk egiteko gutxi falta den une honetan eta, ziur aski, epe laburrean gobernu berria eratzea eragingo duten hauteskunde horien aurrean, berriro plazaratu behar dugu espetxe-politika aldatzeko beharra; irmo plazaratu ere, euskal erakundeetan hartutako zenbait erabakik ematen diguten babesa baliatuta.

Espainiako gobernua urrats txikiak ematen hasi zen: graduen progresioari dagokionez; preso batzuk, gutxi, hurbilago dauden espetxeetara ekarri ditu; baimenen bat eman du, eta zerbait humanizatu du gaixotasunak dituzten preso batzuen egoera. Oso urrats txikiak izan dira, eta gutxi izan dira. Ausardia eskatu behar dugu, urrats gehiago emateko, urgentea baita.

Horretan jarriko dugu gure indar guztia, eta estatuko erakundeekin dagoen komunikaziorako bidean sakontzen jarraituko dugu. Hasitako bidean aurrera egiten badute, gure babesa izango dute.

Horregatik, ausardia eta erabakitasuna eskatzen diegu botere politiko eta judizialei, presoen salbuespen-erregimenari amaiera emango dion espetxe-politika bat aplikatzea eta etapa bati amaiera emateko eta presoak etxera itzultzeko bide-orria diseinatzeko aukera izatea ekarriko duen prozesu baten hasiera izan daitezen urrats txiki horiek euskal.

Familiek –kondena luzeak dituzten senide presoak bisitatzen jarraitzen dute– eta Euskal Herriak eskatzen dugu agindutakoa betetzeko: espetxeak humanizatzeko; aplikatzen hasi zirenean zentzurik ez zuen eta, ETAk zegozkion erabakiak hartu eta desegin ondoren, orain oraindik zentzu gutxiago duen salbuespenezko espetxe-politika bertan behera uzteko.

Estatuak ez dauka orain arazo bat existitzen ez den “banda” batekin. Arazoa, orain, gizartearekin du, gizarte horrek ez baitu nahi bere izenean euskal presoen eskubideak urratzen jarraitzea.

Aldarrikapen unibertsal bat da hau, giza eskubideei buruz hitz egitea ez delako alderdi baten aukera ideologiko bat defendatzea, eskubide unibertsal bat defendatzea baizik.

Urtarrilaren 11n, milaka eta milaka euskal herritar elkartuko dira berriro Bilbon, erakusteko euskal gizartearen pluraltasunaren isla diren aukera politiko ezberdinak ez direla oztopo bat aho batez defendatzeko giza eskubide horiek, bizikidetzan eta bakean oinarritutako gizarte bat izatea lortu nahi badugu.

Urtarrilaren 11n, halaber, berriro eramango dugu Bilboko kaleetara gure bostgarren urteurrenean hartutako konpromisoa.

Lan egingo dugu bakea, justizia eta bizikidetza ardatz dituen gizartea lortzeko. Minik sortzen ez duen gizarte bat, biktima gehiagorik gabe, euskal presorik gabe.

Erronka horrek ezberdinen arteko espazio berriak sortzea eskatuko digu, besteari entzutea, besteen bizipenak eta mina partekatzea; oinarri sendo bat lortzea: onarpena, errespetua eta enpatia.

Guztiok egin behar dugu autokritika, kultura kolektiboa indartzeko, gertatutakoaren gaineko ariketa aldeaniztun baten bidez, memoria guztiak kontuan hartuta, oinarrizko eskubideen errespetuaren ikuspuntutik. Hori da etorkizuna guztion artean eraikitzeko modurik egokiena.

Baikortasunez ikusten dugu etorkizun hurbila. Agian, baikortasun gehiegiz. Baina horrelakoak gara gu. Eta horrelakoak izan nahi dugu.

Aro berri bat dugu aurrean, etorkizun hobea lortzeko ateak zabaldu dizkigun aro bat; hamarkadetako sufrimendu eta minaren ondoren, guztiok merezi dugun aro bat. Korapiloak askatzeko unea da; aurrera egin eta, eskubide, errespetu eta enpatiatik, guztiok nahi dugun gizartea eraikitzeko unea da.

Helburu hori ardatz hartuta, dei hau helarazi nahi diogu euskal gizarteari. Ibil gaitezen elkarren ondoan urtarrilaren 11n.

Aurkez diezaiogun munduari zauriak itxi eta etorkizuna eraikitzeko dugun borondate sendoa


[#ORAINPREOSAK | ZOZKETA] ZENBAKI SARITUAK / NUMEROS PREMIADOS:

1. SARIA: 078364. Znbk | Greziar irletara kruzeroa
1. PREMIO: Nº078364 | Crucero por las islas Griegas

2. SARIA: 036523. Znbk | Estambulera bidaia
2. PREMIO: Nº036523 | Viaje a Estambul

3. SARIA: 037797 znbk | 2 pertsonetzako afaria LIZEAGA sagardotegian
3.PREMIO: Nº037797 | Cena para 2 en al sidreria LIZEAGA


Larriki gaixo daude presoen aldeko dinamika aurkeztu da

Aldarrikapen hau oinarri hartuta, SAREk dinamika mobilizatzaile bat hasi zuen atzo, gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten eskubideen urratze-egoera desagerrarazteko. Atzo hasita eta hurrengo hiru hilabeteetan zehar, anbulantzia bat, hemen ondoan daukaguna, Euskal Herrian zehar ibiliko da, eta eskualde bakoitzean mobilizazioak antolatuko dira.

ETAk erakundea bera desegiteko erabakia hartu zuenetik hilabeteak eta hilabeteak pasatu ondoren, esan daiteke euskal presoak salbuespen-egoeran bizi direla, eta zigorra dela arau nagusia.

Bere burua demokratikotzat duen gizarte batek ezin du onartu espetxeak dakarren gorrotoa eta mendekua izatea espetxe-legeriaren ordezkoa, eta, presoak gizarteratzeko aukeraren ordez, preso asko heriotzara daramaan bide luze eta iraunkorra aukeratzea.

Preso askok dituzten gaixotasun larriak bateraezinak dira espetxearekin; eta hori ez diogu guk, osasunaren arloko profesionalek baizik, eta behin eta berriro plazaratu dute mezu hori.

Legeek aukera ematen dute espetxe arindua ezartzeko, eta hala egin da Aitzol Gogortzaren edo Ibon Iparragirreren kasuan; orain, etxean jasotzen dute tratamendua, konfiantzazko medikuen zaintzapean. Ekimen berri honen bidez, irizpide edo neurri hori gaixotasun larriak dituzten preso guztiei aplikatzeko eskatzen dugu.

Ez dugu ezer berezia eskatzen; ez gara eskatzen ari barruko legerian edo nazioarteko arauetan jasota ez dagoen ezer. Legeak eta gizatasunaren arauak betetzeko eskatzen ari gara, besterik ez.

Preso horietako batzuen kasuan, egoera kliniko larriaz gainera, urruntze-politika gehitu behar da, hau da, mendeku bikoitza. Hala ere, esan behar da urruntze-politika senideen kontrako zigorra dela batez ere.

Hain zaila da haien legeak aplikatzea? Hain zaila da gaixorik dauden preso horien egoera legezkotasunean eta giza eskubideetan oinarrituta aztertzea?

Gobernuak dioenaren kontra, espetxea ez da askatasunerako eskola bat, ezta osasun fisikoaren eta mentalaren arazoak tratatzeko eremu egokia ere. Alderantziz; espetxeak inpunitate eta zigor eremuak dira, are gehiago euskal presoentzat; eta, ondorioz, bidegabeak eta ankerrak dira. Gaur egun, espetxeak pertsonen biltegi bihurtu dira, eta, horregatik, salatu nahi dugu justizia penalak bere alderik gordinena erakusten jarraitzen duela: zigorrarena eta mendekuarena.

Osasunerako eskubidea oinarrizko eskubidea da, baina, halaber, eskubide unibertsala da, pertsona guztien kasuen errespetatu behar dena, preso egon zein aske egon. Eta osasunerako eskubide hori, gaur egun, bateraezina da espetxearekin gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan.
Gogorarazi nahi dugu justizia-auzitegiek ezarritako kondenak askatasuna kentzen diela, baina ezin dizkiela kendu osasunerako eta bizitzarako eskubideak.

Ez dago legerik, erregelamendurik edo araurik esaten duenik pertsona bati, askatasuna kendu diotelako, osasunerako eskubidea eta tratu duina izateko eskubidea kendu behar zaizkiola.

SAREk adierazi nahi du espetxe-legeria betetzea ezin dela ulertu Estatuaren amore emate gisa.

Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea ez da amore ematea; barruko legeria eta Europakoa betetzea baino ez da.

Amaitzeko, deia egin nahi diogu euskal gizarteari injustizien kontra mugitzen jarrai dezan, eskubideak urratzen dituen egoera honen ordez konponbidearen aldeko egoera lortzea lehentasuna baita euskal gizartearen gehiengoarentzat, ideologiak eta alderdikeriak alde batera utzita.

JUSTIZIAK, LEGEEK ETA GIZATASUNAK HALA ESKATZEN DUTELAKO, ETXEAN NAHI DITUGU GAIXOTASUN LARRIAK DITUZTEN PRESOAK


"Presoak etxeratzeko zubiak" giza-kateak Oblata eta S. Engrazia zubiak batu ditu

Iruñeako Oblata eta Santa Engrazia zubiak batu dituzte gaur ehunka nafarrek “presoak etxeratzeko” zubiak eraikitzearen beharra aldarrikatuz. Ekimenaren osteko ekitaldian, ondorengo testua partekatu dute bertaratutako guztiekin:

Korapiloak askatzeko unea azpimarratzen du Julio Sotok entzun berri dugun testu honetan eta hori aldarrikatzeko elkartu gara gaur hemen. Presoen korapiloa askatzeko eta konponbidean urratsak emateko gizartearen gehiengoak aldarrikatzen duena ikus arazteko ekimen berri bat izan da gaurkoa. Helburu horrekin sortu genuen orain dela 5 urte Sare Herritarra: preso eta iheslaririk gabeko etorkizun bat ekartzea gure herrira.

Preso eta iheslaririk gabeko etorkizun bat behar dugu, desiratzen dugun bizikidetza pertsona guztien eskubideen errespetuan eta konponbide integral batean oinarriturik egon dadin. Urte luzeetako zauriak ixten joan daitezen.

Uste dugu baldintzak ematen direla urteetan luzatu den gatazka hau konponbidean jartzeko eta konbentzituak gaude, etorkizun berri hori eraikitzeko nahitaezkoa dela ezberdinen artean zubiak eraikitzea.

Badakigu, urteetan zehar pilatutako sufrimenduak atzean utzi beharreko inertzia asko barnebiltzen dituela. Baina egoera aldatzea nahi badugu ausardiaz jokatu behar dugu pausoak ematerako orduan. Eta guztioi dagokigu ausardiaz jokatzea, inplikatutako parte guztiek ausardia eta borondatea erakutsi behar dute.

Gaur, hemen Iruñan egiten ari garen ekimen honekin, presoak etxeratzeko ezberdinen arteko zubi-lanaren garrantzia azpimarratu nahi dugu,   adierazi nahi baitugu nafar jendartea izan behar dela presoen etxeratzea gauzatzeko eta konponbidean urratsak biderkatzeko zubiak eraiki behar dituena: nik, zuk, guk… denok leku beretik bultzatu behar dugula!

Eta herritar guztiak helburu bera lortzeko elkartu nahi baldin badira, batzen gaituen hori aldentzen gaituen horren aurretik jartzen jakin behar dugu. Batzen gaituen hori,  etorkizun berri baten ametsa da; non errespetatuak izango diren guztien eskubideak, non proiektu eta ideia guztiak berdintasunean defendatzeko aukera izanen den, bakean eta askatasunean. Horra iristeko ausardia behar da, horra iristeko borondatea behar da.

Konponbide integral baten bidean jendartea batu eta elkarlanean jarduteko gai izan behar gara. Urte luzeetako konfrontazioak eragin  duen eta eragiten jarraitzen duen samin eta sufrimenduaz kontziente izanik. Etorkizun batean hau errepika ez dadin nahi badugu, guzti honi irtenbide bat eman beharrean gaude.

Norabide horretan preso eta iheslarien auzia konpondu behar da eta herritarrok izan behar dugu presoak etxeratzeko zubi, konponbidearen zein elkarbizitzaren alde zubiak eraikitzeko prest gauden herritar aktibo. Egia da, herritarrok ez dugula 249 euskal herritar horiek etxera ekarriko dituen giltza eskuartean. Badakigu, zein den estatu espainiarraren jarrera orain arte. Zeozer esan bai, baina urratsak emateko borondaterik apenas, ezer gutxi!

Horregatik, aktibazio soziala bidea dela berresten dugu. Jendartearen presioa espainiar estatuaren immobilismoarekin amaitu dezakeelakoan gaude. Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurrien kontrako kontsentsu politiko, sozial eta sindikal zabal bat dago gure herrian. Eta estatuaren lehenbiziko pausoa hortik etorri behar du. Preso, senide eta lagunen eskubideak sistematikoki urratzen dituen salbuespenezko espetxe politikaren amaiera orain eman behar da. Legea bete dezaten besterik ez da. Mugimendu horrek ez luke presoen korapiloa guztiz askatuko, baina gauzatuz gero, pauso gehiago ematen jarraitzeko baldintza hobeagoak leudeke.

Borondatea da behar den gauza bakarra. Sufrimendu eta gatazka garaiak atzean utzi eta etorkizun berri bat eraikitzeko borondatea. Zauriak itxi eta sufrimendu guztiekin amaitzen badugu denak aterako baikara garaile. Auzolan erraldoi horretan parte hartzea dagokigu guztioi, zubiak eraikiz konponbidearen, elkarbizitzaren eta preso zein iheslaririk gabeko Euskal Herri baten alde.

Denok batera presoak etxera!

 

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare


"Zubiak Presoak Etxeratzeko" ekimena Urriaren 5ean ospatuko da Iruñean Oblatas eta Santa Engrazia zubien artean

Lehenik eta behin, atzo Madrilgo Auzitegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako makro epaiketaren inguruan egiten dugun irakurketa helarazi nahi dugu. Presoen eskubideen alde eta konponbidearen alde lan aktiboa egin duten, eta egiten duten, herritarrak zigortzeko mendekuzko ahalegin horren aurrean sentimendu eta iritzi kontrajarriak sortzen dizkigula esan beharra dugu. Alde batetik, epaiketa honek injustizia berri baten aurrean kokatzeko gintuelako eta iraganeko garaietan iltzatu nahi gaituzten horien mendeku gosea zegoelako; eta hori oso larria dela uste dugu. Injustizia zen hasieratik eta akordioa erdietsita ere injustizia baten aurrean gaudela argi eta garbi esan beharra dugu.

Bestetik, atzoko epaiketan lortutako akordioaren inguruan gure poztasuna ere adierazi nahi dugu. 47 euskal herritar gehiago, estatuek, egun, mantentzen duten salbuespenezko espetxe politikaren hatzaparretan ez egoteak ematen digun poza hain zuzen ere. Nahiz eta bi herritarrek 5 hilabetez espetxera joan beharko duten. Momentua da etorkizunari begira jartzeko eta konponbidean urratsak emateko.

Norabide horretan herritarroi mobilizatzen jarraitzea dagokigu; guztioi dagokigu euskal presoen eskubideen aldeko lanean jarraitzea eta urtetako sufrimendua atzean utziz konponbidean urratsak biderkatzea. Hori da Sareko kideoi ere dagokiguna, eta norabide horretan dator gaur hemen aurkeztu nahi dugun “Zubiak presoak etxeratzeko” ekimena.

Urriaren 5ean Iruñeko bi zubi esanguratsu lotuko dituen Giza Kate Herritar baterako deia egin nahi dugu. Ekimen honekin, presoak etxeratzeko ezberdinen arteko zubi-lanaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, adierazi nahi baitugu nafar jendartea izan behar dela presoen etxeratzea gauzatzeko eta konponbidean urratsak biderkatzeko zubiak eraiki behar dituena: nik, zuk, guk… denok leku beretik bultzatu behar dugula!

Azken batean, herritarrok izan behar dugu presoak etxeratzeko zubi, konponbidearen zein elkarbizitzaren alde zubiak eraikitzeko prest gauden herritar aktibo. Presorik gabeko herri baketsu eta justuago batean amesten dugun herritarrak izan behar gara bide horretan aktibo. Kalean, instituzioetan, lantegietan, ikastetxetan… biderkatu egin behar ditugu aktibo horiek, bai gehiago izateko asmoz eta bai gure helburuetara azkarrago iristeko asmoz ere.

Hortaz, bi dei nafar jendarteari:

  • Batetik, urriaren 5ean, eguerdiko hamabietan, Iruñeko Oblatas eta Santa Engraziko zubiak lotuko dituen Giza Katean parte hartzera deitu nahi ditugu herritarrak.
  • Bestetik, deialdi honi oihartzuna emateko asmoz, herri eta auzoetan herritarrei aktibatzeko deia egin nahi diegu, presoak etxeratzeko eta konponbidean urratsak emateko zubi izan behar garela ikusarazteko.

Presoen korapiloa askatu egin behar dugu… Denon artean presoak etxeratu egin behar ditugu. Bide horretan, urriaren 5ean gure eskuak elkar lotuko ditugu, konponbidearen, elkarbizitzaren eta presorik gabeko herri baten alde!


Sare eta Ikasmirak NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan presoek bizi duten egoeraren inguruko Txostena aurkeztu dute

SARE HERRITARRAk eta IKASMIRA (EHU) elkarteek euskal presoen eskubideak urratzen dituen salbuespen legediaren txosten bat aurkeztuko dute NBEko giza eskubideen batzordean.

Txosten honek Espainiar Estatuaren egungo kartzela politikak urratzen dituzten eskubideak biltzen ditu, hainbat eremutako babes zabala jaso du; horien artean lehendakari ohi diren Garaikoetxea eta Ibarretxerena; Garbiñe Bihurrun epailearena; Jabier Sadaba flosofoarena, edo Arantza Amezaga idazlearenak, esaterako, eta politikagintzan, sindikalgintzan, kulturan edo unibertsitatean diharduten norbanako askorena ere bai.

SARE Herritarrak eta Ikasmirak gaur antolatu dugun prentsaurrean babes horren guztiaren ordezkaritza dugu; ondorioz, bertan izango dira SAREren bozeramaile diren Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, baita EHUko kide eta abokatua den Iñaki Lasagabaster ere. Txosten honetan gaur egun espainiar estatuko kartzelatan dauden 203 euskal presoren egoera aurkeztuko dugu, hau da, bertan aurkeztuko ditugu bizi duten salbuespen legedi honen ondorioz, presoei urratzen zaizkien eskubideak zein diren.

Azkenik, txosten hau Europako partaide diren herrialdeetako eskubideen egoera aztertzen duen NBEko Giza eskubideen batzordean aurkeztu da. Izan ere, herrialde bakoitzak bost urtean behin pasa behar izaten du azterketa hau, eta aurtengo urrian izango da Espainiaren txanda.

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare