Berriak
Donostiara heldu da Orain Presoak bizikleta itzulia
Baionan hasi eta Donostian amaitu da Orain Presoak bizikleta itzuliko bigarren etapa eta 60 lagun inguru batu ditu iparraldea eta hegoaldea batu dituen ibilbideak.
Atzoko etaparen ostean, Baionako Barnetegian loaldia eta gosari ederra hartuta, goizeko 09.30ak inguruan irten da Zizpa Gaztetxe paretik Donostia alderantz. Baionako hiria euri eta eguzki artean agurtu ostean, Bidarte, Biarritz, Donibane Lohitzune, Ziburu eta Hendaia atzean utzita Irunen sartu da. Bertan hainbat herritar izan dira zain, batzuk euren babesa eta animoak helarazteko eta besteak bizikleta gainean, itzulira batzeko. Animo berarekin gertatu dira ere hurrengo geldialdiak, Oiartzun eta Orereta-Errenterian. Baionatik etorritako eta bidean batutako guztiei lehen harrera Orereta-Errenterian egin diete bertako herritarrek, festa giroan murgilduta den herriak, txosnagunea eta festa gunea eskaini die bizikletan gerturatu diren guztiei. Bertan herriko bi kidek bertsoa eta irakurketa eskaini dute eta ostean guztiok batera bazkadu dute.
Arratsaldeko txanpa 15:30etan hasi da eta Donostiara 16:00tan iritsi ostean ordubeteko itzulia egin da hiriburuaren barnean, auzoz auzo haur, gazte eta heldu batu direlarik bizkleta gainean. Zuloaga plazara iristean Sara Majarenas Orain Presoak dinamikako kideak irakurketa bertakoekin partekatu eta suziria jaurti du itzuliaren bigarren etapa honi amaiera emanaz. Aisialdiari ekin diote ostean La Jodedera taldearen eskutik lehenbizi eta Andoni Oilokiegirekin ostean. Giro ezin hobea gipuzkoako hiriburuan bihar berriro ere bizikletak hartu eta nafarroara bidea hartu aurretik indarberritzeko.
Bizikleta itzulia abiatu da Mont de Marsanetik
Mont de Marsan eta Zaballa batuko dituen Orain Presoak dinamikaren baitako bizikleta itzulia hasi da gaur Mont de Marsaneko espetxe parean. 35 lagun inguru abiatu dira lehen etapa honetan, eta Bagoaz zein Sareko ordezkariek martxari hasiera eman ostean erritmo lasaiean joan dira bidean aurrera.
Hasierako hitzartzean, Frantziako gobernuak urruntze politikarekin amaitze bidean emaniko lehen urratsak aipatu dira, gogora ekarriz gizarte zibilaren lanari esker ez balitz egoera hau ezinezkoa litzatekela. Horrez gain, oraindik ere urrats gehiago emateko daudela adierazi dute eta baita, iparraldean aurrera eramandako dinamika hegoaldera ekartzeko beharra azpimarratu ere, euskal presoek bizi duten salbuespen legediarekin amaitzeko bide gisa.
Itzuliaren baitan lehen geldialdia Saint Aubin herrian izan da, bertan mokadu bat hartu ostean autobusean Peyehoradera gerturatu eta bertatik Baionara bitarteko azken txanpari ekin diote. Baionarako azken zatia euripean izan bada ere, martxa umorez eta jarraitzeko gogoz amaitu da, Baionako Barnetegi kanpoan argazkia atera dutelarik iritsi berritan. Ostean, afaldu eta aisirako tartea izango dute Baionako Gaztetxean.
Jose Ramon Lopez de Abetxukok askatasuna berreskuratu du
Jose Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarrak askatasuna berreskuratu du zigorra bere osotasunean bete ostean.
Gaur, 31 urte espetxean igaro ostean, Jose Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarrak askatasuna berreskuratu du, zigorra bere osotasunean bete ostean.
Jose Ramonek salbuespeneko espetxe politikaren neurriak bete betean jaso du bere espetxealdian. Izan ere, Jose Ramonek duela urte batzuk jada kalean behar luke, frantzian betetako espetxe zigorra espainiak aintzat hartu izan balu, europar legediak agintzen duen moduan. Horrez gain, Lopez de Abetxukok azken urte luzeak larriki gaixo igaro ditu eta espetxean egotearen ondorioz dagozkion artatze eskubideak urratuak izan ditu. Hau gutxi balitz, bere espetxealdi osoa bere etxetik eta senide zein lagunengandik ehundaka kilometrotara urrundua igaro behar izan du. Salbuespen legediak Jose Ramonen espetxealdia luzatu eta larriki gaixo egoenik egoera bortitzean igaro ditu urte horiek.
Pozez jaso dugu Jose Ramonen askatasunaren berri, baina bizi izan duen giza eskubideen urraketa ezin dezakegu aipatu gabe utzi, izan ere, egun orain indarrean jarraitzen duen espetxe politikak euskal presoen bizi baldintzak muturrera eramaten ditu.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
ORAIN PRESOAK dinamikaren baitan, bizikleta martxaren antolatu dugu Uztailaren 20tik 23ra
Prentsa agerraldi honetan honako hau adieraztea da gure xedea: gaurkoan ez gatoz SAREk abiatu nahi duen ekimenaren berri ematera soilik; etorkizunean, eta lehenbailehen bada hobe, euskal presoen egoerari loturik gerta daitezkeen mugimenduen inguruko gure balorazioa zabaltzera baizik.
Lehenik eta behin, eta gure ekimenekin loturik, “bizikleta martxaren” aipamena egin beharra dugu. ORAIN PRESOAK dinamikaren barruan, uztailean gauzatuko baitugu martxa hau.
ORAIN PRESOAK dinamikaren baitan, bizikleta martxaren aurkezpena
Datorren uztailaren 20an, Mont d’Marsan espetxetik abiatu eta Zaballako espetxean amaituko den bizikleta martxari hasiera emango diogu. Ekimen honen bitartez, une honetan euskal presoei egozten zaien salbuespen egoerarekin amaitu beharra dagoela aldarrikatu nahi dugu; urrunketa politikak zuzen-zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua nabarmenduz.
Frantziar estatuan hasiko da ekimena, frantziar gobernuak gai honekiko aldaketarako duen borondatea erakutsi baitu, eta beraz, erreferentzia argia bihurtu da zentzu horretan.
Bertan frogatu da, beste behin ere, gizarte zibilaren lanaren garrantzia; gizarte zibilak lortu baitu frantziar gobernuak frantziar estatuan dauden euskal presoei dagozkien baldintzak aldatzeko beharrezko urratsak ematen hastea.
Zalantzarik gabe, jarraitu beharreko eredu argia da. Lan lerro hori jarraituz, gizarte zibilaren eta adostasun sozialaren bultzadaz, dugun babes instituzional eta sindikala kontuan izanik, espainiar estatuan ere bide horretan urratsak ematen has daitezen lortu beharra dugu.
Bizikleta martxa edo bira hau 4 etapatan gauzatuko da: 1) Mont d’Marsanetik Baionara, 2) Baionatik Donostiara, 3) Donostiatik Altsasura, eta azkenik, 4) uztailaren 23an Zaballara, gaur hemen elkartu garen Gasteizko plaza honetatik igaroko delarik martxa.
Beraz, martxa sinboliko honetaz baliatuz, Mont d’Marsan eta Zaballa lotu nahi izan ditugu; Zaballa espetxe politikaren aldaketaren ikur bihurtzea nahi dugulako.
Hori dela eta, gaurko agerraldi honekin bertan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu.
Martxa honen inguruko xehetasun edota informazio gehiago jakin nahi izanez gero, gure webgunean sartzeko gonbita egiten dizuegu. Webgunean bertan baitago euskal presoak hurbiltzea ezinbestekoa dela aldarrikatzen duen martxan izena emateko txantiloia.
> Izena emateko: http://sare.eus/bizikleta-itzulia/
Azken asteen balorazioa eta espetxe politikaren inguruko deklarazioa
Sareren ikuspegitik, urtarrilean Bilbon gauzatu genuen manifestazioaz geroztik, igaro dira sei hilabete, eta gure ustez, positiboa izan da euskal presoei egozten zaien salbuespen politika honekin amaitzeko aldarrikapena:
- Maila sindikal zein instituzionalean akordio bateratuak erdietsi dira; bai diputazio eta Nafarroako Parlamentuan, eta baita eusko parlamentuan ere, alderdi popularra izan ezik, gainontzeko alderdi politiko guztien oniritzia lortu da, bai behintzat salbuespen politikaren amaierari dagokionez.
- Abenduan, Iparraldean gizarte zibilak bultzatutako dinamika baten baitan, Bake Artisauen izenpean, ORAIN PRESOAK lemapean manifestazio jendetsua gauzatu zen Parisen. Bertan ordezkaritza anitza izan zen, bai instituzionalki eta baita Frantziako zein Iparraldeko hainbat mugimendu politikoren eskutik ere.
- Urtarrilean, berriz, Bilboko kaleak bete genituen; 100 000 lagun elkartu baikinen aho batez salbuespen legediarekin amaitu eta bakearen alde ekiteko.
- Maiatzean, aldiz, ETAren erabaki historikoaren berri izan genuen, erabaki horrek, jakina, aro itxaropentsu bat zabaldu zuen. Argi eta garbi diogu, erabaki hori ezin izango zela gauzatu gizarte zibilak parte hartu izan ez balu. Hau da, Bake Artisauen lana ezinbestekoa izan zen bai armagabetzean, eta baita ETAren amaieran ere.
- Eta duela aste gutxi, garai berri honi erantzunez, Gizarte Zibileko 46 pertsonek gizarte zibilaren aktibazioari zuzenduriko dinamika aurkeztu zuten, baita hemen ere, Hegoaldean, ORAIN PRESOAK dinamika. Modu horretan Pirinioen beste aldeko kideen eredua jarraitu nahi izan dugularik.
- Ezinbestean, azken egunetan espetxe politikan izango diren aldaketen inguruko zenbait deklarazio direla-eta, horiei erreferentzia egin beharrean gaude. Horien guztien artean, nabarmendu beharrekoa da, nork egin dituen ikusita, espainiar Gobernuko Presidente berria den Pedro Sanchezen aipamena, alegia. Ezbairik gabe, zuhurtziaz jokatu beharrean gaude, balorazio positiboa egiten dugu, lehen aldiz, espainiar Gobernuko Presidenteak ozen adierazi baitu urte luzeetan aldarrikatu duguna. Sanchezen espetxe politika aldatzeko nahitasun hori, jakina, gizarteak eta euskal sindikatuek hainbestetan aldarrikatu izanaren ondorio da. Ezinbestekoa den urratsa litzateke konponbide eta bakearen bidean. Zentzu honetan, Espainiako Gobernuko Presidenteak eginiko eskaera partekatu nahi diegu gainontzeko alderdiei ere, ez dezaten alderdi-interesak jaurtitzeko arma gisa baliatu. Orain eta gaur asmatzea denok dugun betebeharra da. Inork ere ezin du ertz batetik begira geratu, edota alderdiko interesengatik elkarbizitzarantz egin beharreko bidea oztopatu. GIZA ESKUBIDEEZ ari gara, barne zein europar legedia betearazteaz ari gara.
- Horregatik guztiagatik, Sarek adierazpen horiek bereziki positibotzat jotzen ditu, eta espero dugu espetxe politikan aipaturiko aldaketa horiek lehenbailehen gauzatzea, beti ere konponbidearen bidean urratsak eman ditzagun eta giza eskubideen errespetuan oinarrituz, sekula suertatu behar ez lukeen salbuespen politika batekin amaitzeko xedez.
- Honenbestez, guk ulertzen dugunez, espetxe politikaren barruan gainditu beharreko alderdiak ez lirateke soilik urrunketa politikari dagozkionak.
- Bereziki azpimarratu nahi genuke segidan aipatuko duguna. Zinez lehentasuna duten honako lau alderdi hauei konponbidea emateko beharra dugu:
- Larriki gaixorik dauden euskal presoek pairatzen duten egoera jasanezina da, bizitzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea edonork duela kontuan izanik.
Lehen gradu ezarpenaren amaiera, lehen gradua baita salbuespen politikaren eta giza eskubideen urraketaren bermatzailea.
Salbuespen legediaren indargabetzea.
Beste estatu batean aurrez betetako zigorren kontaketa europar legediak eskatu bezala egin beharra.
- Larriki gaixorik dauden euskal presoek pairatzen duten egoera jasanezina da, bizitzeko eskubidea eta osasunerako eskubidea edonork duela kontuan izanik.
- Bide horretan, espetxe eremuari dagokionez, Espetxe instituzioko Zuzendari Nagusi berriaren eta Justizia arduradun berriaren esku dago giza eskubideen inguruko paradigma berritzailea gauzatzea.
- Eta zabaldu berri den itxaropen garai honetan, Eusko Jaurlaritzatik eratorritako aldarrikapenei dagokienez, gure desadostasuna azalerazteko beharra dugu. Errespetuz. Uste osoa dugu modu bateratuan lan egitea beharrezkoa dela, baina baita desberdintasunean ere.
- Entzun eta irakurri dugunaren arabera, Gobernu berriari ere helarazi nahi genioke, PPko Gobernuari egin zitzaion proposamen berbera. Hau da, euskal presoak Euskal Herritik 250km-ra hurbiltzeko proposamena. Gure galdera, ordea, honako hau da: eta zergatik ez EAE eta Nafarroako espetxeetara? Zergatik ez 0km-ra?
Proposamen horrek oraindik ere Euskal Herriko espetxeetan egon beharko luketen presoen eskubide urraketa dakar, eta baita euren senide eta lagunena ere; izan ere, 500km-ko bidaiak egiten jarraitu beharko bailukete astebururo.
Beraz, Eusko Jaurlaritzari proposamen hori berrikus dezala eskatu nahi diogu.
Espetxe eskuduntzen transferentziekin batera, Epaitegiek konpetentzien gertutasuna lortzea. Honela, elkarrekin lan egiteko aukera izan dezagun, ez soilik euskal presoek euren zigorra etxetik gertu betetzeko, Espetxe legediak berak adierazten duen bezala; baizik eta urrunketarekin batera, ez ditzagun ahaztu aurrez aipamena egindako beste larritasunak ere. Erronka edota helburu horietan lan egiteko, SAREk elkarlanean eta modu bateratuan lan egiteko bere prestutasun osoa azaltzen du.
Ez genuke amaitu nahi SAREk duen konpromisoa berretsi gabe, zentzu horretan aurkeztu dugu ORAIN PRESOAK dinamika, ekainaren 2an Bilbon iragarri bezala. SAREk gizarte zibilaren aktibazioa du xede, eta baita gizarte zibil horri ahotsa ematea ere. Guztion artean aurrera urratsak emateko aukerez baliatzeko garaia da, eta ezinbestekoa da eskuartean dugun aukera paregabeaz baliatzea, etorkizuneko gizarte adiskidetsu eta baketsua eraikitzeko.
ORAIN PRESOAK, “slogan” hutsa baino gehiago da. Milaka eta milaka herritarren garrasi isila da, ez dadin 2011ko urrian abiatutako garai berri eta itxaropentsua zapuztu, gerora urrats garrantzitsuak eman dira: esaterako, 2017ko apirilean eta 2018ko maiatzean.
Hori dela eta, Sarek hitza ematen du bere ahalegin guztia egingo duela Euskal Herriko herri guztietara dinamika hau ailegatu dadin. Honela, geroz eta gizarte zibileko herritar gehiago izango gara ekimen hau bere egin eta dinamikaren parte izango garenak. Datozen belaunaldientzat sufrimendurik gabeko etorkizuna izan dezagun, elkarbizitza eraikiz.
Eta orain ez bada, noiz? #OrainPresoak
GERNIKAKO PLAZAKO ADIERAZPENA
Gernikako azoka-plazak euskal herritarron oroimenean esannahia berezia du; horregatik, Gernikako plaza honetatik adierazpen sendo hau zabaldu nahi dugu:
Etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta horretarako iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu.
Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau gurea egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarrituriko jendarte batean bizitzea.
Oraindik bada, ordea, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. Hain zuzen ere, gaur hemen batu gaituena. Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 280 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrotara urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen-neurriak ezartzen zaizkie. Espainiako zein Europako legediaren aurka doazenak eta, pertsona ez ezik, senideak ere -bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak- zigortzen dituztenak.
Korapiloak askatzeko unea da. ORAIN. Elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako jendarte-arrakalak elkarrekin sendatzeko unea. Presoen auzia konpontzeko unea da. ORAIN.
EKAINAK 2ko IRAKURKETA, ORAIN PRESOAK
Une berri baten aurrean gaude. Maiatzean konponbidearen aldeko aurrera pausu berri bat eman da. Saretik urrats honi dagokion garrantzia eman behar zaiola uste dugu eta ireki den aukera berria orain artean gure aldarri eta helburu izan diren giza eskubideen defentsa, konponbidea eta bakea behin betikoz eskuratzeko probestea.
Irekitako aukera berri honen aurrean, ulertezina da oraindik orain, hainbat herritarren giza eskubideak urratuak izaten jarraitzea. Baina hala da, izan ere, euskal presoek bizi duten salbuespen egoera bere horretan mantentzeko hautuak, giza eskubideen urraketan sakontzea baino ez dakar.
Gero eta gehiago gara espetxe politika honek aldaketak behar dituela pentsatzen dugunak, pixkanaka-pixkanaka aldaketaren aldeko ahotsak handitzen doaz. eta geroz eta gehiago eta anitzagoak dira espetxe politika bat aldatzea eskatzen duten ahotsak. Euskal jendartearen gehiengoak argi du, orain ahots guzti horiek aktibatzea izango da gure apustua.
Bide horretatik, iparraldetik, iritsi zaigu lan egiteko era eta ilusio berri bat. Gizarte zibilak armagabetzea eta disoluzioa ahalbidetu ditu eta egun Frantzian aurkitzen diren euskal presoen baldintzak aldatzen hasi daitezen ere lortu du. Hau, jendarte osoaren parte hartzearekin bakarrik izan da posible.
Eta bide hori jarraitu nahi dugu hemen ere, aurreko maiatzaren 3aren ondotik, presoen auziari aterabide bat emateko unean gaude, eta horretarako gizarte zibilaren parte hartzea beharrezkoa da, gizarte zibilaren unea da.
Guztiak hemen ez egon arren, gaur hemen, gizarte zibila ordezka dezakeen norbanakoen talde bat bildu da. Gizarte zibilaren garaia delako, eta SAREk, gizarte zibilarekin batera aktibaziora jotzen duelako.
Beraz, beraiena da hitza.
Irakurketa:
Dagoeneko inork ezin uka dezake: konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea da. Pasa den maiatzaren 4an bizitako egun historikoaren ostean, parez pare ireki zaigu hainbeste sufrimendu sortarazi duen ziklo luze honi amaiera emateko aukera, elkarrekin lan eginez, elkarri begiratuz, elkarri entzunez, ditugun adostasunei lehentasuna emanez eta elkarrekin bidea eginez.
Etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta horretarako iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau geure egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea.
Oraindik bada, ordea, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. Hain zuzen ere, gaur hemen batu gaituena. Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen- neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak, eta, presoa ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen dituztenak.
Bakean eta adiskidetuta bizi den jendarte batekin amesten dugunok giza eskubideen errespetuak batzen gaitu. Jakin badakigu adiskidetzea prozesu konplexu bezain beharrezkoa dela, urratsez urrats eraikitzen joango dena. Zentzu honetan, egungo espetxe-politika aldatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretarako behar beharrezkoa da guztion bultzada eta konpromisoa.
Lau lehentasun hauek dira, bereziki, lehen bait lehen konpondu beharrekoak:
-
Urruntzea. Asteburu oroz ehunka senide ehunka kilometro egitera behartzen dituena.
-
Larriki gaixo dauden presoak. Egun gutxiko bizia geratu aurretik, gaixorik dauden presoek behar bezala artatzeko eskubidea dute, hemen eta orain.
-
Europako Legediak dioen moduan, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa.
-
Lehen Graduen aldaketa. Euskal presoek, lehen graduan betetzen dute zigorraren %100, eta hori legearen kontra doa.
Espetxe-politika hau iraganean kateatuta dago eta ez-ohiko lege batean oinarritzen da. Guk etorkizunera begira jartzeko garaia dela uste dugu. Gure ondorengoentzat guri aurrekoek utzi zigutena baino etorkizun hobea eraikitzeko aukera dugu esku artean. ETA desagertu den honetan, ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi.
Korapiloak askatzeko unea da. ORAIN. Elkarbizitzarako unea. Urteetan sortutako gizarte-arrakalak elkarrekin sendatzeko unea. ORAIN. Batu ezin izan garenok batzeko unea da. Orain presoen auzia konpontzeko unea da.
Gaur hemen batu garenok ORAIN PRESOAK dinamika jarri dugu martxan, eta guztioi dei egiten dizuegu, gure ametsarekin bat egiten baduzue, urriaren 20rako antolatzen ari garen manifestazioa herri honetan inoiz izan den mobilizaziorik handiena bilakatzen laguntzera.

Espainiako Barne Ministerioren komunikatua eta “Zerga” operazioaren harira Sare Herritarraren oharra:
Espainiako Barne Ministerioak gaur publiko egin duen komunikatuaren eta une honetan irekita duen “Zerga” operazioaren harira Sare Herritarraren oharra:
- Espainiako Estatuk agertutako jarrerak konfrontazio eta sufrimendu egoera mantentzearen aldeko apustu garbia egiten duela erakusten du. Orain arte bizitako iraunkortzearen aldeko apustua.
- Ezer aldatu ez bailitzan, iraganari begira jarraitzen du Estatu espainiarrak, euskal jendarte osoari bizkar emanaz, Euskal Herrian batutako iritzi politiko eta sindikalaren gehiengoaren aurka, mendekuaren eta gorrotoaren politikak aplikatzen jarraitzearen alde egin du.
- Gaurko operazioak argi erakusten du hori. Espetxean zein kalean zigorra bere osotasunean betea izanda ere, giza eskubideen urraketan sakontzen jarraitzen du.
- Maiatzaren 4a geroztik, garai berri bat ireki da Euskal Herrian elkarbizitzan eta bakean bizi ahal izateko. Estatuak ordea, ETAk emandako urrats atzeraezin eta garrantzitsuari iraganeko teknikekin erantzun dio, inmobilismoan, sufrimenduan eta errepresioan sakonduz.
- Sare Herritarrak mendekuan oinarritutako eta giza eskubideen aurkakoa den jarrera eta ekintza hauek gogor salatzen ditu eta dei egiten dio jendarte osoari ireki berri den garai berri hau probestu eta elkarbizitza eta bakearen eraikuntzan aktibo izatera. Sarek lan honetan jarraitzeko konpromisoa du.
Motxiladun umeen erakusketa martxan da
Motxiladun umeek bizi duten errealita eta euren testigantza zuzenak jasotzen dituen erakusketa inauguratu du Sarek.
Sare Herritarrak herriz herri mugitzen joango den Motxiladun Umeen erakusketa martxan jarri du. Exprai artista nafarraren laguntzaz, Motxiladun Umeen errelitatea eta testigantzak jasotzen dituen erakusketa osatu du. Erakusketan Exprai artistak eginiko marrazkiak, errealitatea era grafikoan agertzen duten irudiak eta gune interaktibo bat du erakusketak (audiobisuala, bixita simulatzen duen kristala eta telefonoak, haur bat eta bere amaren arteko telefono deia, …).
Erakusketaren inaugurazioa Azpeitian egin da, erakusketa ikusgai izango den lehen herria, eta sarrera Azpeitiko Alkateak eta Joseba Azkarragak egin dute, alderdi, sindikatu eta abarren konpainian.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Sare Herritarrak prentsa agerraldia egin du Bilbon ETAren disoluzioaren osteko bere irakurketa egin eta aurrera begirako ikuspegia elkarbanatzeko.
“Elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko preso eta errefuxiatuen eskubide urraketaren aferak ardura kolektiboa izatera igaro behar du, ezinezkoa baita mendekuzkoak eta injustuak diren oinarrien baitan adiskidetutako jendarte bat eraikitzea”
Gaur goizean Sare Herritarrak prentsa agerraldia egin du Bilboko La Bolsa eraikinean ETAren disoluzioaren osteko bere irakurketa egin eta aurrera begirako ikuspegia elkarbanatzeko. Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek “2018ko maiatzaren 4ean ETAk bere azken erabaki” hartu duela eta “desmobilizatu egin” dela ziurtatu dute, gaineratuz, “ETAko militante izan direnak, aske izan ala preso, gaur gaurkoz jada ez dira ETAko kide, baita ondorio penalei dagokionean ere, jada ezin baitute existitzen ez den zerbaiten parte izan”. Bozeramaileek ideia hau argi utzi nahi izan dute, izan ere, haien ustetan “bada oraindik talde armatu baten existentziaz mintzo denik, gero eta zabalagoa den euskal jendartearen eskariei muzin egin asmoz, zeinak presoek bizi duten eskubide urraketarekin amaitu beharra dagoela eta elkarbizitzan bizitzeko prest dagoela aldarrikatzen du”.
Azkarraga eta Atxak ETA existitu den 60 urte hauetan “urteetako indarkeriaren oinazea eta mina” geratzen direla gogorarazi dute, hainbat eta hainbat “biktima eragin izanaren arddura bere gain hartuaz” apirilaren 8ko komunikatuan, adieraziz “indarkeriak ez zuela sekula existitu behar izan”. Horrez gain, gehitu dute, biktima hauei beste indarkerietako biktimak ere gehitu behar zaizkiela eta hauei ere “besteei zor diegun elkartasun eta errespetu bera” zor zaiela.
Agerraldi honen bitartez, Sare Herritarrak maiatzaren 4a gure historian inflexio une bat izan dela eta inflexio une honek berekin batera bi ondorio dakartzala adierazo nahi izan du:
- Lehenik, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko preso eta errefuxiatuen eskubide urraketaren aferak ardura kolektiboa izatera igaro behar du, ezinezkoa baita mendekuzkoak eta injustuak diren oinarrien baitan adiskidetutako jendarte bat eraikitzea, ezta zauriak eta hamarkadetako indarkeriak utzitako ondorioak sendatu gabe ere. Eta horregatik ere, gure instituzioei lehentasunezko gai gisa kokatzeko eta ardura bere gain ere hartzeko exijitzeko unea da.
- Bigarrenik, Estatu espainiarrari erreferentzia zuzena eginez, aurrera urratsik ez eman eta euskal presoen giza eskubideen errespetuari muzin egiteko aitzakien amaiera. Estatuak urteak daramatza ematen den urrats bakoitzeko exijentzia berri bat mahai gainean jarriz bere lege propioa dena ez betetzeko -presoen gerturatzea, larriki gaixo diren edo nagusiak diren presoen kaleratzea, graduen aplikazioa, kasu injustuen berrikustea...-. Jada ez da exijitzeko urratsik geratzen, espetxe politikan urratsak emateko unea da. ETAk bere jarduna amaitutzat eman du, jada amaitu dira aitzakiak, aurrerantzean urratsik eman ezean mendekua eta min injustua sortzen jarraitzeko grina baino ez dira geratzen, bereziki senideek, inolako errurik ez duten horiek, jasaten duten min injustu bat.
Baina gaurko egunean, Sare Herritarrak bereziki hurrengoa esateko deitu du agerraldi hau:
ETA, 2011eko urrian hasi eta 2018ko maiatzaren 4ean amaitutako bidean, aurrera urratsak ematera zerk eraman duenaren arrazoiak albo batera utzita, Sare Herritarrak uste du gizarte zibilak bide guzti honetan izan duen rola balioan jarri behar dela, zeinaren bultzadarik gabe, ziurrenik, amaiera hau ez litzake sekula gauzatuko, edota behinik behin, asko luzatuko litzake denboran beharrezko baldintzak ez izanagatik.
Azkarraga eta Atxak gogorarazi dute 2011ko urriaren 20ko erabakia, besteak beste, gizarte zibileko hainbat eragileren aurretiazko lanaren ostean eman zela, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen babesarekin. 2017Ko apirilaren 8ko armagabetzea ostera “berau egingarri bilakatu zuen artikulatutako gizarte zibil baten arrakasta irudikatu zuen, kasu honetan Iparraldean”.
“Sarek, agerraldi honetan, pasaden maiatzaren 4tik garai berri bat bizitzen hasi garela azpimarratu nahi du. Zentzu honetan, hamarkadetako sufrimenduarekin amaitzeko eta koponbidean, adiskidetzean eta elkarbizitzan aurrera egiteko sortu den aukera paregabe hau galtzen ez uzteko gonbita luzatu nahi diogu, beste behin ere, gizarte zibilari eta euskal zein espainiar instituzioei”.
Sareko bozeramaileek adierazi dutenez “generazio berri honek guk gure nagusiengandik jaso genuena baino jendarte hobe bat merezi dute. Eta horregatik, gizarte zibila da instituzio, alderdi eta sindikatuekin batera, arduraz eta prespektibaz jokatu behar duena. Garai berri honetan ezin da inor bazterrean geratu”.
ORAIN PRESOAK.
Helburu hau da, une honetatik aurrera, Sare osatzen dugun pertsonon indar guztia mugiaraziko duena. Izan ere, espetxeetako aferari irtenbidea jartzen ez diogun bitartean, euskal presoen eskubideak urratzen jarraitzen diren bitartean, presoen senideak urruntze politikarekin zigortuak izaten jarraitzen duten bitartean, salbuespen legedia aplikatzen jarraitzen den bitartean edota espetxeetan presoak hiltzen jarraitzen duten bitartean ezingo baita benetako bakeaz eta elkarbizitzaz hitz egin.
Sareren lana, une honetatik aurrera, gizarte zibilaren aktibazioa izango da. Gizarte zibilari aldaketarako unea dela eta mobilizatzeko ardura Sarek bere gain hartzen duela adieraziko dio eta baita instituzioei eskariak egitekoa ere, benetako inplikazio bat izan dezaten konponbidearen eta bakearen eraikuntzan.
JUSTIZIA TRANTSIZIONALA
Bada garaia justizia trantsizionalari bide emateko eta beraz:
1.- Gaixo dauden eta adinez nagusiak diren presoak askatzeko, bai eta Euskal Herrira gerturatzeko.
2.- Espetxe eskumena bereganatzeko, bai eta zaintza epaileekiko eskumena, Entzutegi Nazionalaren menpean egoteari uztea beharrezkoa da; Entzutegi Nazionala desagertzea beharrezkoa den moduan. Bere sorrerak zentzurik ez bazuen, gaur are gutxiago. Izan ere, maiatzaren 4az geroztik existitzen ez den erakunde baten kide izateagatik edo berarekin kolaboratzea egozten zaien pertsonak epaitzeak ez baitauka zentzurik.
Hau medioa, epaiketaren zain dauden auziak eta bermerik gabe gauzatutakoak, gertuko epaitegien eskumenpera pasatzea eskatzen dugu, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako epaitegietara.
3.- Gradu aldaketa eskaerak onartzeko eta behin behineko askatasunari begira betetako zigorrak zenbatuak izateko.
4.- Salbuespen legediari amaiera emateko.
5.- Salbuespen legedian oinarritutako prozesuak berraztertzeko.
6.- Tortura salaketapean eman diren zigorrak berraztertzeko.




































