Berriak
Kepa del Hoyo presoaren heriotzari buruz
Kepa del Hoyo Galdakaoko presoa Badajozko kartzelan hil zen atzo, ustez bihotzekoak jota, etxetik 700 kilometrotara zegoela.
20 urte zeramatzan kartzelan galdakaoztarrak, senide eta lagunengandik urrun beti. Kartzelak berak egunerokoan eragiten duen sufrimenduari, ehundaka kilometrotako urrunketak suposatzen duen eskubide urraketa gehitu behar diogu. Horrez gain, 2002an espetxeko funtzionario batek erasotu zuela salatu zuen Del Hoyok berak.
Saminezko une hauetan Sare Herritarraren izenean gure elkartasun, babes eta maitasun guztia bidali nahi diegu senitarteko eta lagunei.
Bestetik, besarkada estu-estu bat bidali nahi genioke bere seme Peruri ere. Motxiladun umea izan da Peru bere bizitza guztian zehar, urrun zegoen aita ikusi ahal izateko milaka eta milaka kilometro egitera beharturik, kartzelaz kartzela bidaia luzeak eginez, beti 700 kilometro baino gehiagora zegoen aitarekin tarte batez egon ahal izateko. Une honetan bereziki, bere egoera berean dauden haur eta gazte guztiak oroitu nahi ditugu, aita edo amaren alboan hezteko eskubidea urraturik duten motxiladun haur horiek guztiak.
Aldi berean, gogoan ditugu larriki gaixorik egonda kartzelan jarraitzen duten presoak. Medikuntzako profesional askok baieztatu duten moduan, kartzelak kalte nabarmena eragiten du presoaren osasun egoeran. Larriki gaixorik dauden presoek etxean egon behar dute, euren gaixotasuna ahalik eta modu egokienean tratatu ahal izateko.
Beste behin ere, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela mendekuzko kartzela politika honekin behingoz amaitzea. Presoaren ingurukoek zuzenean pairatzen duten eskubide urraketa larria da urrunketa, izugarrizko sufrimendua eragiten duena. Aita, anaia edo laguna espetxean hil dela jakitean, kotxea hartu eta 700 km egin behar izatea da urrunketa.
Benetako Bake eta Konponbidea lortu nahi badugu salbuespenezko politika eta Giza Eskubideen urraketa horiekin guztiekin amaitu beharra dago. Eta horretarako, Sarek beste behin ere dei egiten dio gizarte zibilari; bakea, elkarbizitza eta konponbidea egingarri izan dadin, euskal presoen eskubideen alde lanean jarrai dezan.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Oiartzungo Xanisteban jaietan, sokatira 0km-tan
Abuztuaren 3an, arratsaldez, Oiartzungo Xanisteban jaietako Sokatira txapelketan preso eta iheslariak etxeratzeko bidean sokari tiraka arituko dira. Auzoen arteko sokatira txapelketa jendetsua izan ohi da, eta sokari tiraka ari diren bitartean, izango da aldarrikapenerako tartea aurten ere. Urtez urte kanpaina zein aldarri ezberdinekin bat egin izan dute herritarrek, aurten argi dago badela garaia Giza Eskubideetatik Konponbidearen zein Bakearen bidean urratsak emateko, eta horretarako aukera izango da jaietan.
Oraingoan parte hartzaileek bat egin dute Sareren «0km, prest gaude!» kanpainarekin, hori dela eta, guztiek jantziko dute aldarrikapen hori duen kamiseta.
Beraz, argi eta ozen esango dugu; 0km, oiartzuarrok prest gaude!
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Jagoba Codok preso donostiarra jarraituko du, espondilitis ankilosantea izan arren
Jagoba Codok preso jarraituko du, gaixo larria egon arren. Espondilitis ankilosantea dauka Codok. Zoritxarrez berria ez den beste ankerkeria baten aurrean gaude, berriz ere. Gaixo larria eta preso egotea giza eskubideen urraketa garbia izateaz gain, legearen kontrakoa ere bada.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 14 hilabeteko zigor extra bat ezarri zion Codori, baina Espainiako Auzitegi Gorena zigor batuketa honen aurka agertu da orain. Gauzak horrela, ez ditu 14 hilabete gehiago bete beharko Codok, baina preso jarraituko du: gaixo larria eta preso.
Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko legediekin amaitu beharra dago. Hasteko, euren bizitzaren kontrakoak direlako neurri hauek; eta berriz ere, senideak ere salbuespeneko egoeran kokatzen dituelako honek, azkenengo hauen eskubideen contra ere jokatuz.
Preso gaixoak gorroto eta mendekuan oinarrituta dagoen espetxe politika batean baino ezin dira kokatu. Eta bata zein bestearekin amaitu beharra dago; beharrezkoa da, premiazkoa da. Larriki gaixo dauden herritarrak ezin daitezke preso egon, eta espetxe politika ezin daiteke mendekuan edota gorrotoan oinarritu. Soilik horrela berma daitezke giza eskubideak.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Euskal presoen alde baraualdia egiten ari diren gazteei babesa adierazi die Sarek
Euskal presoen eskubideen alde eta Konponbidearen norabidean urratsak emateko asmoz baraualdia egiten ari dira lau gazte Hiriburun (Lapurdi).
Baraualdiko hamahirugarren eguna da gaur eta eragile, elkarte eta norbanakoekin euskal presoen egoerari buruz hitz egiteko baliatu dituzte gazteek egun hauek.
Harreman erronda horren baitan, Sareko ordezkaritza pasa den astelehenean izan zen bertan, Bagoazeko lagunekin batera baraualdia 24 orduz konpartitu eta babesa adierazteko asmoz.
Larunbat honetan emango diote amaiera bi asteko ekimen honi, gazteen prentsaurreko masibo batekin.
Hemen irakur dezakezue gaur Berriak baraualdia egiten ari den Unai Arkauzi egin dion elkarrizketa.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Aitzol Gogorza askatzeko eskatuz mosaiko erraldoia egin dute Orereta-Errenterian
Herritar ugari elkartu dira gaur arratsaldean Errenteria-Oreretan, mosaiko erraldoi bat irudikatuta, Aitzol Gogorzari 100.2 artikulua aplika diezaioten eskatuz. Larriki gaixorik dago preso politiko oreretarra, Basauriko espetxean. Hona hemen ekitaldian irakurri duten testua:
Orereta Errenteriako herritarrak gara eta bakoitzaren ideologia alde batera utzita pertsona guztientzako ezinbestekoak diren giza eskubideak defendatzeak batzen gaitu.
Osasunerako eskubidea, oinarrizko eskubidea da,baina, horrez gain, eskubide unibertsala, ere, bada. Pertsona guzti guztiei zor zaie, aske zein preso egon. Inongo lege eta arautan ez da esaten pertsona batek, aske ez egoteagatik, osasuna eta tratu duina izateko eskubiderik ez duenik.
Hori kontutan hartuta, gure kezka adierazi nahi dugu gure bizilaguna den Aitzol Gogorzak bizi duen egoeragatik. Gaixotasun psikologiko larria eduki arren, espetxean mantentzen dute. Gure ustetan, Aitzolen egoera ez dator bat bere espetxeko egonaldiarekin. Legearen arabera, 100.2 artikuluaren arabera hain zuzen ere,larriki gaixo dauden presoek espetxealdi arin bat edukitzeko eskubidea dute, haien gaixotasunarentzat aproposa den tratamendua jaso dezaten.
Egia da gaixotasun larria duen pertsona bat espetxetik ateratzeak ez duela gaitz sendaezin bat bermatuko, baina pertsona horrek hobera egin dezan eta bilakaera geldoago bat izan dezan lagunduko du, zalantzarik gabe.
Aitzolek eta bere gertukoek pairatzen duten sufrimenduarekin amaitu behar dugu. Horregatik, AItzoli 100.2 artikulua ezartzea eskatzen dugu; espetxetik kanpo eta bere ingurune afektiboan tratamendu egokia jaso dezan. Giza eskubideen defentsan artisau asko beharko dira. Ezberdinen arteko zubiak eraikiz eta indarrak batuz, hain beharrezkoa zaigun, hainbestean amestu dugun konponbidea lortuko dugu.
Ez ahaztu Eduardo Galeano idazle uruguaidarraren hitzak: “Jende txiki askok leku txikietan gauza txikiak eginez, mundua alda dezake.”
LORTUKO DUGU!
AITZOL ETXERA!
*Ekitaldiko argazki galeria ikus dezakezue Oarsoaldeko Hitzan: http://oarsoaldea.hitza.eus/2017/07/01/sare-aitzolek-eta-bere-gertukoek-pairatzen-duten-sufrimenduarekin-amaitu-behar-dugu/
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Gasteizko Legebiltzarrak larriki gaixorik dauden presoen askatasuna eskatuz hartutako erabakia txalotzen du Sarek eta urratsak ematen jarraitzeko deia egiten du
Gosari-analisia egin dugu gaur prentsarekin azken albisteetaz, Konponbideaz eta Sarek datozen hilabeteetan egingo dituen ekimenetaz hitz egiteko. Hona hemen laburpen esandakoaren laburpena:
Duela urte t´erdi, horrelako gosari batean, aurtengo urtearekiko genituen itxaropenak helarazi nahi izan genizkizuen, 2017. urtea konponbidearen bidean aurrera pausoak emango ziren urtea izango zela. Pixkanaka, motel baina pixkanaka, gure itxaropenak egi bihurtzen ari dira.
Zergatik uste degun hau?
- Aurreko Apirilaren 8an, ETA berek bigarren erabaki garrantzitsuen hartu zuen, armagabetzea. Egun arma gabeko antolakunde bat da.
- Azken hilabeteotan, beraien agenda ez zeuden gai batzuekiko garapen positibo bat ikusten ari gara talde politiko eta sindikal batzuen aldetik:
- Urrunketaren amaiera
- Larriki preso gaixoen askatzea
- Eszepziozko legediaren berrikuspen kritiko bat
- PSE eta Unidos Podemos alderdiek konponbidearen aldeko jarrera erakutsi dute
- Horrela, aurreko asteazkenean, Eusko legebiltzarrak, Sara Majarenasen askatasuna eskatu zuen, PPren kontrako bozkekin bakarrik.
- Atzo, talde politiko guztiek, alderdi bera izan ezik, larriki preso gaixoen askatasunaren alde azaldu ziran.
Sare Herritarretik, erabaki hau begi onez hartzen dugu, batzordean, SARE eta Etxeraten konparezentzien ondotik datozen erabakiak, larriki preso gaixo hauek artatzen dituen medikuen kolektiboa ahaztu gabe. Eskertu nahi dugu, bere garaian Eusko Legebiltzarrari egindako eskaera kontutan hartu delako, gainera duela gutxi Nafar paramentuan eskaera berdina sartu dugu.
Hau da ibili behar dugun bidea, pertsona guztien eskubideen defentsan eman beharreko pausuak, baita preso daudenenak ere, ETAren jarduera indarrean egongo balitz jardutea amaitu da. Hauek dira garai berriak, hizkera eta emaitza berrien garaia.
Baina pausuak ematen jarraitu behar dugu, bide beretik, beharrezkoa da gehiengo politiko berriak, Autonomi erkidegoan zein Nafarroan daudenak, Espainiar parlamentura zabaltzea. Horregatik deialdi bikoitza egiten dugu, euskal instituzioei, iniziatiba har dezaten presoen eskubideen defentsan, eta espainiar parlamentuari, beraien legea errespetatzeko eskatzeari.
Era berean, presoen kolektiboa ematen ari den eztabaidari errespetu osoa izateko eskatzen dugu, inungo kanpo injerentziarik gabe eman dezaten. Gai hau hartuz, honi buruz zabaldutako mezu batzuei buruzko argipen batzuk eman nahi ditugu:
- Euskal presoek ez dute urrunketa beraiek nahi dutelako pairatzen. Gradu garapenak, tratamendu taldeak proposatzen ditu eta onartu “juez de vigilancia penitenciaria” delakoak. Beraz, erabaki tekniko-politiko-juridiko bat izaten jarraitzen du. Ez da zilegi, espainiar presoen %1,5 soilik baldin badago lehen graduan, euskal presoen kasuan %95,5 a izatea.
- Kartzelako onurak ere ez daude presoen esku. Tratamendu juntaren esku baizik.
- 70 urtetik gorako presoak ere ez dira beraiek kartzelan jarraitzearen erantzule, naiz eta gehiengoek euren zigorraren 3/4ak beteak izan.
- Urrunketa presoen borandate ezarengatik indarrean dagoela esatea, egiari muzin egitea da. Urrunketa politika, zeinak kartzela lege arrunta urratzen duen, erabaki politiko izan zen, beraz erabaki politiko bat izan behar da honi amaiera emateko.
- Inork ez diezaiela presoei legea aplikatzeko beste kondiziorik eskatu. Eskubideak hori bait dira, eskubideak, ez daude inungo baldintza zein txantaiei lotuta.
Estatua irabazle eta galtzaileen eszenatokian mantentzen da, zeinak konfrontaziorako dinamika batean murgiltzen da eta euskal gizarteak hainbeste nahi duen elkarbizitza batetik oso urruti dagoen.
Hortik, espainiar estatuak arazoa ez duela armarik gabeko antolakunde batekin, baizik eta euskal gizartearekin duela esaten dugu, konponbidearen alde egiten duen euskal gizarte batekin. Gizarte hau, konponbidean protagonista izango den gizarte hau.
“0 Km” kanpainarekin, elkarbizitzan oinarria duen agertki batera aurrera egin nahi dugu. Horregatik, eta datorren urtarrileko manifestaziorarte, gure indarrak giza eskubideen defentsan jarri nahi ditugu, herriz herri, auzoz auzo, lantoki edo ikastoletan….
Euskal herrian nahi ditugu, eta orain nahi ditugu. Larriki preso gaixoak bizirik eta etxean nahi ditugulako. Eszepziozko legediaren baitan jarritako zigorrak berrikusi behar direlako, eta lege arruntaren arabera aplikatu behar direlako, inungo erabaki impartzialik gabe, gizatasunez, eta legalki.
Ez dugu presoen umeen egoeraz ahaztu nahi, ez eta pairatzen duten eskubide urraketaz. Lanketa ezberdin batzuk ere garatuko ditugu, “umeen nazioarteko egunean”,azaroaren 20aren bueltan inflexio puntu batekin.
Horrela, Foro Sozialarekin elkarlanean jarraituko dugu, eta talde politiko, zein eragile ezberdinekin elkarrizketak jarraituko ditugu, euskal gizartea eta euskal instituzioak elkarrekin abiatu daitezen.
Jurista munduko kolektiboekin ere lanean jarraituko dugu, presoen eta heuren senideen eskubide urraketekin zer ikusia duen guztiarekin.
Hauek dira, SAREk datozen hilabeteotan emango diauen lanketetako batzuk, lan asko, baina 2018an urtarrileko manifestazioarekin aurrera egingo duena. Berriro ere, euskal gizartearen aniztasunaren eta arduraren eredu bat izango delarik.
> Pretsan bildutakoak
> NAIZ
Sare pide al Congreso español que «exija el cumplimiento de sus propias normativas» penitenciarias.
La red ciudadana de apoyo a los presos ha mostrado su satisfacción por los pasos adelante en esta materia que se están dando en las cámaras de Gasteiz e Iruñea, y ha reclamado que esas «nuevas mayorías políticas» tengan reflejo en Madrid para poner fin a la «legislación especial» que se aplica a los prisioneros vascos.
> EITB
Espetxe-legeak betearaztea eskatu dio Sarek Espainiako Kongresuari.
Begi onez hartu du Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek, PPk salbu, larri gaixo dauden presoak aske uztea eskatu izana.
Larriki gaixorik dagoen Aitzol Gogorza presoak kalean behar lukeela salatuko dute larunbatean Orereta-Errenterian
Larunbat honetan, uztailaren 1ean, mosaiko erraldoi bat osatuko dute Orereta-Errenterian Aitzol Gogorza herrikide presoaren askatasuna eskatzeko.
Gaixotasun psikologiko larria eduki arren, espetxean mantentzen dute Gogorza eta egoera honen aurrean kezka adierazi dute oreretarrek: “Gure ustetan, Aitzolen egoera ez dator bat bere espetxeko egonaldiarekin. Legearen arabera, 100.2 artikuluaren arabera hain zuzen ere, larriki gaixo dauden presoek espetxealdi arin bat edukitzeko eskubidea dute, haien gaixotasunarentzat aproposa den tratamendua jaso dezaten.”
Horretaz gain, Frantziako espetxeetan bete duen kartzelaldia kontutan hartuko balitz kalean behar luke dagoeneko Gogorzak. Europako Batasunak 2008an hartutako erabakiak zigor metaketaren alde egiten du; erabaki honen bidez, europar komunitateko estatu ezberdinetako sententziak efektu berbera izan behar dutela zehazten da. 2014an, ordea, Europako erabakia barne ordenamenduan sartzeko asmoz, Espainiak lege berri bat egin zuen, europar erabakiaren zentzua aldatuz eta beste estatuetako zigorren batuketaren aplikazioa oztopatuz. Horrela, Frantziako kondena bete ostean, Espainiako zigorra antzeko akusazioengatik 0-tik hasten da, Frantzian betetako espetxealdia kontutan hartu gabe. Gogorza, honenbestez, zigorren batuketa emango balitz kalean behar luketen presoen zerrendara gehitzen da.
Beraz, Europak zigor metaketari buruz dioena betez gero, Gogorzak kalean behar luke, eta gainera, larriki gaixorik egonik, osasun egoera horrek eskatzen duen zaintza izatea ezinbestekoa du oreretarrak. Bi arrazoi hauengatik, Gogorzaren askatasuna eskatuko dute larunbatean Orereta-Errenterian.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Etxarri Aranazko Sare Herritarrak eta Ahotsa.info hedabideak “Atia miñe… ein ziaun ahalegiñe!” ekimena jarri dute martxan elkarlanean
Sare Herritarra sortu zenetik argi eta garbi zehaztua geratu zen zein zen bere egitekoa: Euskal preso eta iheslarien giza eskubideak aldarrikatu batetik eta konponbidearen eta benetako bakearen aldeko urratsak ematea bestetik.
Ekimen honetan, hainbat esparru landu nahi ditugu; denak ere, egun presoei aplikatzen zaien salbuezpenezko egoerak gizarteratu eta hori gure herrian salatzea dute helburu. Hala ere salaketa hutsean ez genuke geratu nahi; eskubide urraketa horiek herriko eta Sakana osoko sektore eta sentsibilidade ezberdinen artean konpartitu eta landu nahi ditugu, amankomunean urraketa horiei aurre egiteko dinamikak eta lan ildoak proposatuz. Sakanako euskal presoei aplikatzen zaizkien eskubide urraketa horien testigantza zuzenak bildu nahi ditugu. Oihan, Luis, Boltio, Hodei, Popi, Unai, Jon Gurutz, Adur, Jokin eta Oihan dira, heuren senide eta lagunekin batera, eskubide urraketa horiek pairatzen dituztenak , haiek dira kartzela politika honen zuzeneko kaltetuak, haien testigantza da urraketa horien adierazlerik nabarmenena.
Lehenengo atalean “Aitatasuna/amatasuna eta kartzela” gaia jorratu nahi izan dugu.
Horretarako Juan Ramon Karasatorre “Popi”-k Castellóko Albocasser espetxetxik (450km) idatzitako gutuna jaso dugu.
Zer interes eduki dezake gobernu batek ehunka haur, adin txikiko zein gazteren eskubideak
ukatzeko?
Zer interes eduki dezake gobernu batek haurren eta gazteen bizitzak arriskuan jartzeko?
Zer interes eduki dezake gizarte batek eskubide horien ukazioa zuritzeko?
Kopuru txiki baten salbuespenarekin, euskal preso politiko guztiak 400 km baino gehiagoko distantzietara espetxeratuak daude, eta haietako gehienak 700 km baino gehiagora.
Beraz, kasurik onenetan 800 km-ko bidaiez hitz egiten dugu; eta kasurik gehien-gehienetan 1500 eta 2200 km arteko bidaiez.
Azterketa honetan oinarrituta aurrera dezakegu 1000 adin txikiko inguru izango direla egoera honetan aurkitzen direnak.
Haur hauetako askok egoera horretan eman dute beren haurtzaro guztia. Beste askok, beren nerabezaroa ere bai.
Nerabezaroan, aldaketa somatiko, sexual, psikologiko eta sozial sakonak gertatzen dira, haur izateari utzi eta heldu izaten hasten da pertsona.
Horregatik, gurasoen maitasun, arreta eta kontaktua behar izaten dute, batez ere, interakzio zuzena eta kontaktu fisiko zein emozionala.
Aipatutako beharra ase dadin, beharrezkoa izango da haurrek eta nerabeek gurasoekin interakzio zuzenak eta kontaktu fisikoa izatea; izan ere, modu horretara jasotzen dituzte afektuzko adierazpenak zein adierazpen emozionalak (irribarrea, laztanak, besarkadak eta beste zenbait adierazpen). Adierazpen hauek guztiek, enpatiazko, ziurtasunezko, goxotasunezko lotura afektibo positiboak lortzea ahalbidetzen dute.
Nerabezaroan, oinarrizko interakzio zuzenak eta kontaktu fisikoa galarazten duten araudi orok, garapen osasuntsurako ondorio negatiboak ekartzen ditu. Ziurtasun emozionala behar bezala asea ez duten haur eta nerabeek, atsekabe hori bakardade, baztertze edo abandonu bezala sentitzen dute. Honek guztiak, autoestimu arazoak, beldurrak, ziurgabetasuna, bakartze sentimenduak, bakardade emozionala eta beste zenbait psikopatologia sor ditzake.
Honekin bukatu beharra dago!
Guztion artean lortuko dugu!
Horrexegaitik gaur martxan jartzen dugun “Atia miñe…ein ziaun ahalegiñe!” ekimenaren berri zuen inguruan zabaltzea eskertuko genuke.
Eskerrik asko eta besarkada bat!
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Dispertsioak Peñei ere eragiten die
Mahaian gauden bi lagunak Koldobi Osta eta Mikel Mundiñano gara. Koldobi Osta euskal preso politikoen sakabanaketaren aurkako ekimenean parte hartu duten Iruñeko peñen izenean ariko da eta Mikel Mundiñano SARE-Nafarroaren izenean.
SARE sentsibilitate ezberdinetako jendeak osatutako sare herritarra da. Konbentzituta gaude pertsona guztiok eskubide guztiak bermatuta izatearen beharraz, eta gu batzen gaituen, gu saretzen gaituen, helburua euskal preso politikoen eskubideen aldeko lana da
Oraingo honetan, Iruñeko peñetako bazkideokin harremanetan jarri gara, jendartearen parte aktibo eta garrantzitsu diren heinean, hausnarketa bat partekatzeko eta peñei dispertsioaren aurkako babesa eta konpromisoa eskatzeko, beharrezkotzat jotzen ez dugun sufrimendu honekin bukatzeko.
Peñetako ordezkariei hitza eman aurretik, SAREren izenean zera esan nahiko genuke:
- Peñei haien sentsibilitatea eskertu nahi dizuegu, harrera egiteagatik eta gu entzuteagatik
- Egin duzuen informazio eta erabaki prozesua txalotu.
Prozesu hau burututa, 11 peña hauek erabaki dute DISPERTSIOAren espetxe-politika krudela amaitzea eskatzeko ekimenekin bat egitea: Alegría de Iruña, Aldapa, El Bullicio Pamplones, La Unika, La Jarana, San Fermin, Irrintzi, Muthiko Alaiak, Sanduzelai, Armonía Txantreana eta Rotxapea Peñek. Era berean, Anaitasuna Peñak ere ekimen honetan parte hartu duela aipatu nahi dugu: Anaitasuna parte den igerilekuen, SCDR Anaitasunaren, estatutuek bazkideek bozkatzea eta balizko atxikimendua ematea galarazi badute ere.
PEÑAK
Egun on, SARE-NAFARROAren ekimenera atxikitzen garen peñek adosturiko oharra irakurriko dugu:
Dispertsioak jendarte osoari eragiten dio, eta, ondorioz, baita peñei ere.
Dispertsatuta dauden 335 presoetatik 50 nafarrak dira. Haien artean daude La Unicako bazkide Juan Mari Etxabarri eta Aurken Sola, Jaranako Iñaki Armendariz eta Alberto Ilundain, Muthiko Alaiakeko Josetxo Arizkuren, Armonia Txantreanako Txuma Altable eta Mikel Gil, San Fermin Peñako Iñaki Marin eta Anaitasunako bazkide Xabi Rey.
Urruntzeak senide eta lagunak urtero batezbeste 63.599 km egitera behartzen gaitu, urtero 19.653 €-ko batezbesteko gastura. Zigor honek hainbat umeri ere eragiten die, guraso zaharrei ere eragiten die, eta haietako batzuek urteak daramatzate euren seme edota alaba ikusi gabe. Peñetako bazkideok ere, ezin ihes egin diezaiokegun errealitatea da hau.
Dispertsio politika martxan jarri zutenetik, bidaia luzeek 300 istripu baino gehiago, 16 hildako eta hamarnaka zauritu eragin dituzte. Hildako lagun hauen artean, Iruñerriko bi bizilagun daude.
Politika penitentziario hau urrun dago legeak jasotzen dituen bermeetatik. Nazioarteko ebazpen eta erreferentzia ugari dago politika honen kontra, haien artean daude Amnesty International, Human Rights Watch eta Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziarena.
Nahiz eta gure jardunaren parterik handiena Sanferminekin lotzen den, Peñok ongi ezagutzen ditugu sufrimendua eta egunerokotasunean bizi beharreko injustizia guztiak. Jendarte zibilaren parte den heinean, orain arte bidegabea den egoera honekiko kritika islatu dugu gure pankartetan (lan gatazkak, ustelkeria, genero indarkeria, murrizketak..), eta, nola ez, euskal presoak euskal herriratzea eskatzen duen mapa eta gezien bidez.
Orain, peñek ere pauso bat eman dugu giza eskubideen errespetuan oinarritutako jendarte baten eraikuntzan. Horrexegatik, uste dugu premiazkoa eta ezinbestekoa dela dispertsioa bukatzea; eta dinamika honekiko gure babesarekin, hori lortzeari begira, peñek jartzen dugun gure hondar alea badela hau.
Horregatik, hemen gauden peñek, aurten praktika krudel eta mendekari hau amaitzeko konpromisoa bilatzeko asmoz aurrera eraman dugun prozesuaren berri eman nahi dugu: otsailetik, peñek gure bazkideak informatu ditugu dispertsio politikei buruz eta eta honen dakarrenaren inguruan. Ondoren, bazkideek erabaki dute, nork bere batzarrean, ekimen honekin bat egin edo ez.
Gure bazkideak peñetan bueltan nahi ditugu, eta hauek bisitatzera doazen bazkideen bizitza arriskuan ez jartzea ere nahi dugu. Dispertsioa amaitzea lortu behar dugu. Denon artean lor dezakegu. Merezi du.
Sare herritarra eta 11 peñak: Alegría de Iruña, Aldapa, El Bullicio Pamplones, La Unika, La Jarana, San Fermin, Irrintzi, Muthiko Alaiak, Sanduzelai, Armonía Txantreana eta Rotxapea
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Bakea, elkarbizitza eta konponbidea egingarri egiteko prest gaude; 0 kilometrotara ekarriko ditugu
Gaur Donostian jai giroan egin ditugun ekimen aldarrikatzaileei amaiera emateko ekitaldia egin dugu San Telmon. Bertan, Joseba Azkarraga eta Bego Atxak hitz egin dute. Hona hemen egunaren laburpen bideoa eta ekitaldian esandakoa:
Duela hiru urte, plaza honetan bertan, ideologia ezberdinetako pertsonen artean hasi ginen ehuntzen SARE HERRITARRA.
Pertsona ezberdinak ginen eta gara, ideologia askotakoak, baina behin betiko bakeren alde lan egiteak batzen gaitu, elkarlanak mendeku gosea ordeztuko duen egoera baten alde.
Gaur, hiru urteren ondoren, orduan hasitako bidea egiten segitzen dugu. Jarritako zailtasunen gainetik, jazarpen polizial eta judizialen gainetik, gaur hemen ozen esan nahi diegu Madrili eta Parisi ez dugula amore emango. Helburu batzuk lortzeko sortu ginen, eta horiek lortzeko lanean jarraitzen dugu, oso argi daukagulako galtzen diren borroka bakarrak albo batera uzten direnak direla.
Ez daukagu ez, bide erreza.
Insitituzioen memoria eza selektiboa da frankismoari edota trantsizioari dagokionez. Memoria oso zorrotza dauka, ordea, ETAz ari garenean, errudunak banan-banan bilatuz, nahiz eta kolektiboki milaka urteko kartzela zigorrekin ordaintzen ari diren. Euren foruetatik dihardu hipokresiak.
Egia da,justiziak ezin duela amnesiarik izan, baina bere interpretazioa eta ekintza politikoa ezin da normalizazio sozio-politikoaren aurka joan.
Jendarteak aurrera egin nahi du, justiziaren ordainketa berrinterpretatuz, baina eskuzabaltasunez, zauriak itxi daitezen.
ETAk 2011ko urrian bere erabaki garrantzitsuena hartu zuen jarduera armatua behin betikoz utzi zuela esatean. Joan den apirilaren 8an erabaki hori berretsi da, armagabetzea gauzatuz.
Paradoxikoki, atxiloketa gehiagorekin erantzun diete aurrerapauso horiei; Audientzia Nazionalak iraganeko gertakizunen sententziak ematen jarraitu du; eta kartzeletan luzerako jarraituko duten presoak daude.
Gobernu espainolak eta bere epailegotzak mendekuan oinarrituta dagoen kartzela politika aplikatzen jarraitzen du, beren legeak ere bete gabe.
Eta jokabide hauen aurrean, geroz eta handiagoa den euskal gizarteko zati baten jarrera argia izan da: horrenbeste urte gogor eta indarkeriaz betetako hamarkaden ondoren ezinezkoa da gorroto eta mendekuzko etorkizuneko elkarbizitza batean pentsatzea. Eta inolaz ere, ez ditu euskal presoak ahaztuko. Euskal gizarteak berreskuratu egin nahi ditu.
Preso, erbesteratu eta deportatuak erdigunean jartzeko egin diren deialdien arrakastak, SAREk gaurkoan antolatutakoa esaterako, adierazten du batzuek ez dutela herri hau ondo ezagutzen; herri antolatu, tolerante eta demokratikoa izateaz gain, elkartasuna adierazten duen herri bat baita. Herri honek badaki memoria izateak eta gogoratzeak gizakiago egiten duela; badaki gertaera mingarriak justiziaz eta eskuzabaltasunez ixteak hobe egiten duela; eta, horrek guztiak sortzen du askatasunean eta berdintasunean oinarritutako kolektibitate bat eta elkarbizitza solido bat.
ETAren armagabetzeak izandako babes soziala, memoriaz beteta zegoena, herriak emandako beste irakaspen bat izan da. Estatu espainolak denbora pasatzen utzi nahi zuen, ETAk amore ematea eta porrota lortzeko, baina gizarte zibilak armagabetzean lagunduko zuen bide bat hasi zuen, bake justu baterantz pausuak emanez, memoria edukiz baina faktura eta interes erantsirik gabe.
Armagabetzea, eta hori nola egin zen, mugarri bat izan da. Euskal gizarteak erabaki garrantzitsu bat hartu du: bake prozesuaren lider izatea. Eta, horretarako, oraindik, bide luze eta zaila dugu aurretik.
Izan ere, zuzenbide Estatuak, “borroka antiterrorista”-ren aitzakian, indarkeria, tortura eta salbuespenezko legegintza aplikatzen zuen, pertsona batzuen eskubide eta askatasunak murriztuz eta demokrata askoren kontzientziak propaganda interesatuarekin anestesiatuz.
Urte hauetako justiziak salbuespenezko araudia, ekintza judiziala, poliziala eta kartzela politika aplikatu du, zuzenbide Estatu baten parametroetatik at gelditzen dena.
ETAk jarduera armatua behin-betiko amaitutzat eman eta 6 urte eta geroago, beharrezkoa da legegintza, doktrina judiziala eta kartzela politika berrikustea.
“Dena ETA da” ideia oinarritzat hartuta, bidegabekeriak egin dira, torturak justifikatu dira, alderdi politikoak legez kanpo utzi dira, komunikabideak itxi dira etab. Azken finean, askatasuna birrindu dute.
Hori honela, Estatuak ez du onartu nahi arazoa ez dela soilik armagabetutako erakunde baten ingurukoa, baizik eta gatazkaren ondorioetan aurrera egiteko exijitzen ari den gizarte batena. Bide horri jarraitzen ez bazaio, konfrontazioa besterik ez dugu izango.
Estatuak “irabazle eta galtzaileen” jokoari eutsi nahi dio, eta horrek konfrontaziozko dinamika batera darama inplizituki, etsaia garaitu arte aurrera eraman nahi duen dinamika, hain zuzen. Adiskidetze logikaren kontrakoa da.
Benetako elkarbizitzarantz aurrerapausoak eman nahi ditugulako, gaur, guretzat hain adierazgarria den leku honetan, euskal gizarte osoari deia egin nahi diogu, haien ideologiak alde batera utzita:
- Giza eskubideen defentsa denoi dagokigu. Inor ezin da bazter batean gelditu. Eskubide hauek unibertsalak dira, baita preso dauden pertsonentzat ere. Eta euskal presoentzat ere bai. Euskal Herrian nahi ditugu. Eta orain nahi ditugu. Horregatik: 0 km.
- Larriki gaixo dauden pertsonak kartzelatik kanpo egotea exijitzen dugu. Bizirik eta etxean nahi ditugu.
- Salbuespenezko legedia amaitzea exijitzen dugu, bidegabea, krudela eta legez kanpokoa delako.
- Gobernuei, alderdi politikoei eta komunikabideei beste alde batera ez begiratzeko eskatzen diegu, euskal presoen eta haien familien eskubideak urratzen direnean. Era berean, parlamentuko gehiengoek injustiziak ezabatzeko balio behar dute.
- Dei egiten diegu euskal instituzio guztiei, preso dauden pertsonen eskubideen defentsan aurrea har dezaten. Espainiako Parlamentuari berriz, arauak betetzea exiji dezaten eskatzen diegu.
Gaur 0km kanpaina martxan da. Sentituko gaituzte. Entzungo gaituzte, baina ez da nahikoa, aditzea nahi dugu.
Gaurko eguna ez dugu bukatu nahi gizarte zibila omendu gabe, botoa eman eta herritar izateaz gain, gauzak aldatu nahi dituelako, zentzuzko lana eginez.
Gizarte zibil horri heldu nahi diogu, SARErekin bat egin dezazuen, bakea, elkarbizitza eta konponbidea egingarri egiteko.
Gero eta gutxiago falta da lortzeko.
PREST GAUDE – ESTAMOS PREPARADOS!!!
Eskerrik asko. Lortuko dugu.
Handball erakustaldia, Gogorza etxeratzea eskatzeko
Aitzol Gogorza larri gaixo dagoen euskal presoaren aldeko dinamikak antolatzen jarraitzen dute Oreretan. Oraingoan, kirolak hartuko du Gogorza etxeratzea eskatzeko lekukoa, handballak (eskubaloia), zehazki. Larunbatean erakustaldia antolatu dute Koldo Mitxelena plazan (Esmalteria). 10:30etan hasita, hamabi taldek hartuko dute parte erakustaldian, zazpi neskenak, eta bost mutilenak. All blacks, Red devils, Men in black, 123ereintza, Handmilton, Yagüermaister, Egurra, Eres la caña, Girls Squad, Tortus, Rehuso eta Mendak taldeek eskubaloi erakustaldia egingo dute, eta egoera larrian den Oreretako presoa etxeratzea eskatuko dute.
Sarek antolatu du erakustaldia, eta bertaratzera deitu ditu herritarrak. Larunbat arratsaldean berriz, Sare Herritarrak Donostian deitu duen ekitaldian parte hartzera deitu du.
*Oarsoaldeko Hitzatik hartutako albistea. Hemen lotura: http://oarsoaldea.hitza.eus/2017/06/15/handball-erakustaldia-gogorza-etxeratzea-eskatzeko/
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!




































