#SalatzenDut kanpaina abiatu dugu aktibazio soziala, politikoa eta istituzionala bultzatzeko asmoz.
2014ko ekainaren 15ean jaio zen SARE, sentsibilitate ideologiko ezberdineko pertsonen sare herritarra ehuntzeko asmoz, eta denon elkarlanean oinarrituz, euskal presoen giza eskubideen defentsan eta gatazkaren behin behineko konponbidea lortzeko helburu tinkoa du.
2 urte hauetan, jatorri ezberdineko pertsonak sentsibilizatzea eta presoen giza eskubideen alorrean erreferentzia izatea lortu dugu. Baina oraindik, egiteko asko dugu.
Hori dela eta, aktibazio-ziklo berri bat irekitzeko ordua dela uste dugu SAREn. Espainia eta Frantziako espetxeetako giza eskubideen urraketarekin amaitzeko ikasturte politiko berria erabakiorra izan dadin, aipaturiko denbora-tarte horretan sareturiko potentziala aktibatzea izango da gure lehentasuna.
Konponbide eta behin behineko bake eskenatokia lortzeko bidean aurrera egin nahi badugu behintzat, eskenatoki hau gainditzea, guztiok aurre egin beharreko lehentasuna izan behar da.
Norbaitek uste badu, denbora pasatzen utziz egoera hau bere kabuz konponduko dela, oker dabil.
Norbaitek uste badu, urraketen eskenatoki hau, paisaia politikoaren parte bezala onartuko dugula, okertzen da ere.
Eta larriena da, pasibitatearekin, urraketen onarpenarekin, ondorio larriak izan ditzakeen arazoaren katramilatzea errazten ariko dela.
Esfortsua eta borondatea, behar baitira horrelako prozesuek aurrera egin ahal izateko.
Horrela ikusi dugu Kolonbian, eta horrela izan beharko da hemen ere.
Iragan ostiralean, ikuskizun zentzugabe baten lekuko izan ginen. Espainiako parlamentuak Kolonbiako gerrilla eta Gobernuaren arteko elkarrizketa prozesua ahobatez txalotu zuen, hemen konpondu gabeko bake-prozesu bat duela ahaztuz.
Guzti honegatik, jardunbide berri bat aurkeztu nahi dugu: SALATZEN DUT.
SALATZEN DUT jardunbideak, gizarte zibila euskal presoen giza eskubideen banderapean artikulatu, aktibatu eta parte hartzaile bihurtzea du helburu.
SALATZEN DUT, euskal preso eta beraien senideen %95ak pairatzen duen dispertsio mendekatia.
SALATZEN DUT, presoen kolektibo honi ezartzen zaion salbuespen-legedia, bizi arteko zigor estalia dena.
SALATZEN DUT, larriki gaixorik dauden presoen egoera; salbuespenik gabe guztiei legea ezartzea eskatzen dugu.
SALATZEN DUT, duela bi urtetik zigorra beteta aske behar luketeen 7 euskal presoen zigorraren kontaketa-eza.
Honela, SALATZEN DUT jardunbideak, garapen propioa behar duten dinamika sektorial edota aldarrikapen ezberdinak, aipaturiko banderapean saretuko ditu.
Baina jardunbide hau salaketa hutsetik haratagokoa izatea nahi dugu. Norbanakoen atxekitze eta aktibazio tresna bihurtzea nahi dugu. Borroka demokratikoaren ikur.
Norbanako bakoitzak bere egin dezala, eta Anoetako, San Mamesko, Mendizorrotzako, Ipuruako, Sadarreko armailetan agertu dadila. Baskoniaren kantxan edota Miribillan edo Donostian.
Musika jaialdietan; lantegietan, Unibertsitateetan, ospitaletan eta kaleetan.
Finean, edozein une eta lekutan, euskal jendarteak luzapen gehoagorik gabe, giza eskubideak, konponbidea eta bakearekiko duen apustuaren erakusle.
ENTZUN eta SENTITUKO GAITUZTE!
Gainera SALATZEN DUT jardunbideak, ehundik gora jurista, abokatu eta EHUko irakasleek eginiko dossier juridikoa bere egingo du.
Hori medio, euskal presoen giza eskubideen urraketaren salaketa Europako instituzioetara emango dugu.
Dispertsioaren eta zigor-kontaketen ukazioarekin amaitze-bidean Europa modu aktiboagoan inplikatzea lortuko dugu.
SALATZEN DUT-en bidez, euskal norbanako bakoitzak dossier hau bere egin ahal izango du eta nahi duen adina instituzioetara bidali.
SALATZEN DUT-ek, manifestazio itxura ere hartuko du urriaren 15ean Donostian, GAIXO LARRIAK ETXERA lelopean.
Ahaztu gabe, urtarrileko zita eta herri ezberdinetan sortzen joango diren askotariko ekimenak.
SALATZEN DUT lerroak, aurpegi askotarikoa izan nahi du, ezaugarri eta formatu ezberdinetako ekimenez hornitua. Denak bat etorri ahalko garenak. Denok geure ezberdintasunetik eroso sentitu ahalko garenak.
Euskal presoen eskubideen errespetua, gutariko bakoitzaren, denon, borroka-bandera bihurtu behar dela uste dugu; gizarte zibiletik, alderdi politiko eta instituzioetaraino.
Sentsibilitate guztiek konpartituriko minimo komuna izan behar du.
Jakitun gara hauteskunde-prozesu baten sartuak garela. Hori dela eta, gure jardunbidearen baitan alderdi bakoitza eta beren lehendakari-hautagaiei dei egingo diegu, SALATZEN DUT bandera bere egin dezaten. Giza eskubideen bandera. Beraien agendetan eta lehentasunetan sar dezaten.
Legegintzaldi-hastapenetik akordioak bilatzera, elkarlanera, konprometitu daitezen.
Giza eskubideen aldeko gehiengo zabal batez osaturiko legebiltzar bat iragarri ahal dugu, baina borondateak batzeko urratsa eman beharra dute, hau ezin delako jendartearen zati baten helburua soilik izan, baizik eta guztiona. Bakea guztiontzat da.
SAREk norabide horretan lan egingo du eta beharrezko diren zubiak eraikiko ditugu, inor ez dadin dinamika honetatik kanpo geratu.
SALATZEN DUT jardunbideak baditu beharrezko osagaiak, euskal presoen eta beraien senideen eskubideen errespetuaren aldeko gehiengo sozial, politiko, sindikal eta instituzionala artikulatzeko, aktibatzeko eta arazo hau agendaren erdigunean ipintzeko, eta ondorioz, ikasturte hau erabakiorra izan dadin lortzeko gatazka gainditze bidean.
Azkenik esan, aurre egin beharreko erronka asko ditugunez, gure oinarriak berrindartzea beharrezko delakoan gaude, gure esfortzuak biderkatu ahal izateko.
SARE oraindik indartsuago izatea da gure asmoa. Eta hori lortzeko, gaurtik, Otsailean burutuko dugun Batzar Orokorra bitarte, pertsona ezberdinei, sare herritarrera gehitu daitezen proposatuko diegu.
Batetik, SARE herri guztietara hel dadin lortzeko.
Eta bestetik, gehitze kualitatibo horiei esker, sentsibilitate ezberdinekin, eta orohar jendartearekin, egin asmo dugun interlokuzioan eraginkorrago izatea lortu asmoz.
> Pretsan bildutakoak
> GARA
Sare busca acuerdos políticos y denuncia social desde ya.
La red ciudadana emplazó ayer a los partidos y a los candidatos a lehendakari a incluir los derechos humanos de los presos y presas vascas en su agenda, «entre sus prioridades».
> BERRIA
‘Salatzen dut’ kanpaina abiatu du Sare plataformak, gizarte zibila euskal presoen eskubideen alde aktibatzeko.
Euskal presoen eskubideen alde herritarrak “artikulatu, parte egin eta aktibatzea” da kanpainaren helburua. Urriaren 15erako manifestaziora deitu dute Donostian.
> EITB
Sarek presoen eskubideak lehenesteko eskatu die hautagaiei.
Kolektiboak eskatu du aldarrikapen hori “lehentasunen agendan” egotea. Gainera, ‘Salatzen dut’ ekimena aurkeztu du.
> Argia
Urriaren 15ean preso gaixoen aldeko manifestaziora deitu du Sarek
Euskal preso politikoei sakabanaketa eta salbuespenezko beste arau batzuk ezartzearen aurkako Salatzen dut kanpaina aurkeztu dute, Sare plataformaren izenean, Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarragak. Horrekin batera, larriki gaixo dauden presoen aldeko manifestazioa iragarri dute; urriaren 15ean egingo dute, Donostian, Gaixo larriak etxera leloarekin.
> El Correo
Sare pedirá a los partidos que reivindiquen los derechos de los presos de ETA.
