Gaur, urriak 23, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarrak 2015ko urritik eta 2016ko ekaina bitartean garatuko duen “Ispilue proiektua”-ren aurkezpen ekitaldia dugu.
Berton, iazko balantzearen ondorio nagusiak konpartitu nahi ditugu, aurrena:
– SARE ezagutzera emon dugula uste dugu eta dispertsioa amaitzeko helburua konpartitzen dugunon arteko sarea martxan jarri, parte hartze garrantzitsuarekin.
– Dispertsioaren eta bestelako salbuespen neurrien ezagutzan eta sentsibilizazioan urratsak eman ditugu.
Egun gurean 7 preso daude etxetik urrun, sakabanatuta, beraiei eta euren senideei ez-legezko zigor gehigarri baten erruz:
– Jabi Abaunza Martinez, Moulins-Yzeure. 790 km.
– Kepa Arronategi Azurmendi. Almeria. 980 km.
– Ibon Goieaskoetxea Arronategi. Fleury-Megoris. 900 km.
– Eneko Goieaskoetxea Arronategi. Alcala-Meco. 430 km.
– Iñaki Dominguez Atxalandabaso. Jaen. 745 km.
– Oier Goitia Abadia. Murtzia. 800 km.
– Jone Amezaga Arriaga. Brieva (Avila). 445 km.
Ikasturte honetan ere erronka latza daukagula ondorioztatzen dugu: dispertsioa amaitu dadin behingoz egoera gordin hori ezagutzera ematen segitzeaz gain, sarekideak aktibatu behar garela deritzogu, gutako bakoitzak egunen baten dispertsioa amaitzeko helburua bete dadin inplikatuz, eta horrela, euskal gatazkaren behin betiko konponbidean urrats berriak ezagut ditzagun lagunduz.
Nolakoa izango da Ispilue proiektue? Bada, gaur ez dakargu erantzunik, proiektu zabal baten margoak izan daitezkenak dakarzkigu, sarekide guztion artean margoztu dezagun helburura eramango gaituen bidea. Beraz:
1. Ederra litzake alor desberdinetako jendea inplikatzea.
2. Sarekideen ekimena da proiektu honen motorra.
3. Ezinbestekoa da aniztasuna lantzea, desberdinen arteko sarea zabaltzea.
4. Gaur ez ditugun tresnak bidean sortuko ditugu.
5. Gure lana kaleratuko dugu. Hor datoz Gabonak; egutegian leku bat gordeko diogu urtarrilaren 9ko manifestazioari; eta ikasturteari amaiera ona emateko, helburua lortu izana erakusteko gogoz egongo gara.
Gaurko gure mezua ulertu duzuen esperantzan, proiektu honen lehenengo urratsa azaroaren 7an emango dogu, Astran beren beregi antolatuko dugun mintegian. Bihotz eta buruak ideekin beteta, eta hankak eta eskuak lanerako prest etorri zaitezten nahi genuke.
Eduardo Galeano idazle uruguayarraren “Espejos” liburua Xabier Alegria Loinaz Cadizgo Puerto III-ko espetxean preso zegoela euskarara itzuli bezala…
Ispiluak jendez lepo.
Ikusezinek gaituzte ikusten.
Ahantziek oroitzen.
Gure burua ikustean, haiek ditugu ikusten.
Gu joatean, badoaz?








