Sare herritarrak bake prozesua indartzeko sortutako Foro Sozialean hartuko du parte, urtarrilaren 30ean Gernikako Lizeo Antzokian.
Lehenengo Foro Sozialak (2013) harrera handia izan bazuen ere, bakean sakontzeko eta aurrerapausoak emateko beharra ikusten dute antolatzaileek, eta Sarek oinarri ideologikotzat giza eskubideak, konponbidea eta bakea izanda, bertan egongo dela iragarri nahi du.

Euskal presoen giza eskubideak errespetatzea eskatu zuten bertaratutako nazioarteko zenbait adituk, baina Euskal Herrian ez da aurrerapausorik eman zentzu honetan. Ipar Euskal Herrian bai, ordea, besteak beste, 2015eko ekainaren 11n Pariseko Asanblada Nazionalera eramanez Euskal Herriko bake prozesua, konferentzia humanitario baten baitan.
Gernikak duen sinbologia aprobetxatu nahi du Foro Sozialak bake prozesuan beste pauso bat emateko, eta bertan, iritzi ezberdinetako persona anitzen artean, Sarek euskal presoen giza eskubideen defentsan sakontzeko beharra azpimarratuko du, konponbideari eta bakeari bultzada nabarmena eman ahal izateko. Horretarako, bai presoen eta baita euren senitartekoen eskubideak errespetatuak izateko, ezinbestekoa da sakabanaketarekin amaitzea eta euskal presoak Euskal Herrian lehenbailehen egotea.
Foro Sozialak Bagoaz gogoeta goraipatu du, alderdi ororen hautetsien sostengua lortuz konponbidean pausoak emateko. Saretik ere hala uste dugu: instituzionalki zein egunerokotasunean bat egin behar dugu euskal presoen giza eskubideen defentsan jarduteko.
Egunean bertan, Kolonbiako bake prozesuaz mintzatuko dira Carlos Alberto Ruiz abokatua eta Alberto Spektorowsky HNT-ko kideak. Armagabetze prozesuetaz eta gizarteak jokatu beharreko paperaz hitz egiteko tartea ere egongo da, besteak beste, Bryan Currinek parte hartuz.
Bukatzeko, Sare herritarretik uste dugu horrelako ekimenak sustatzea eta aurrera ateratzea ezinbestekoa dela. Errespetuz, gai ezberdinen ondorioak mahai gainean jarriz, iritzi ezberdinak elkarbanatuz … Baina giza eskubide guztien errespetua helmuga izanda.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!

















