Albisteak
Gaur Iruñeko lehendakaritza batzordeak onartutako mozioa begi onez ikusten du SAREk
Gaur Iruñeko lehendakaritza batzordeak onartutako mozioan lau puntu hauek aurrera atera dira.
1- Sara Fernandez Dispertsioaren biktima izendatu da.
2- Preso daudenen Sakabanaketa beraientzako, familia eta lagunentzako zigor erantsia da.
3- Iruñeko udaletxeak berriz ere Dispertsioren amaiera exijitzen du, Sara Fernandezen heriotza eta izan diren beste asko berriro erepika ez daitezen.
Hiru puntu hauetan EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi, eta Izaquierda Ezkerrak eman dute aldeko bozkak
4- Iruñeko udalak Dispertsioa politikarekin bukatzeko pasoak eman daitezen exijitzen du.
Azken puntu honetan EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi, eta Izaquierda Ezkerra eta PSNk eman dute aldeko bozkak.
Sare Herritarrak aurrera pauso honek duen garrantzia azpimarratu nahi du, Duela aste batzuk egin genuen agerraldian aipatu bezela, urrunketarekin amaitzeko mozioak gehituz doaz EHko herri eta hirietan eta Iruñeako honekin EHko hiri guztiek emandako babesak duen garrantziaz ohartarazi nahi dugu. urrunketarekin amaitzeko jendartean dagoen erabateko konsensua argi agertzen ari dela deritzogu.
Gaurkoarekin 51 dira urruntze politikaren aurkako adierazpena onartu duten udalerriak eta hurrengo aste eta hilabeteetan gehiago izango direla uste dugu.
Dinamika honetan aktibatzeko eta konpromisoak hartzea beharrezkoa iruditzen zaigu, eta jendarte osoari, datorren urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan pausua emateko esatzen diogu, behar beharrezkoa delako elkarrekin urrunketarekin amaitzeko eskatzea.
BAKEGINTZA ETA ELKAR BIZITZAREN BIDEAN: ORAIN PRESOAK
Milaka eta milaka bilduko gara Bilbon eta Baionan, Madril eta Parisi esateko bake justu eta iraunkor baten baldintzak ez direla oraindik bete. Esanen diegu prozesua ez dela bukatu gatazka armatuaren amaierarekin. Armagabetzea eta ETAren disoluzioaren ondotik, orain presoen aldia izan behar dela oihukatuko dugu!
“BAKEGINTZA ETA ELKAR BIZITZAREN BIDEAN: ORAIN PRESOAK!”: horra Euskal Herriak, bere aniztasunean, nahi eta behar duen bide orria, bi Estatuei berriro eskatuko zaiena urtarrilaren 12an. Bilbon eta Baionan esanen dugu bakearen bidea alde guztien eginkizuna dela: jendartearena bere aniztasunean, elkarteena, instituzio-politiko zein instituzionalena eta noski estatuena.
Aktore guztien eginkizuna da, eta naiz eta giltza nagusia Estatuen esku egon, gizarte zibilak ere badu egoera aldatzeko bere eginkizuna.
Presoen alde, ORAIN, egin behar dira urratsak: Prozesuaren abiadura aldatu beharra dago. Urgentziazko garaian sartuak gara! Presoen auzia konpontzeko unea etorria da! Salbuespen neurriak kendu behar dira, giza eskubide arruntak errespetatzea delako, gaurko egoera politiko berriak eskatzen duelako, eta bake orokor eta integral baten oinarria delako! Eta bihar, marko juridiko berri bat beharko dugu, bake prozesuari egokitua.
Orain arte egin diren alde bakarreko urratsek eskatzen dute erantzuna bakearen dinamika elikatzeko. Gaur eman behar diren pausoak ez emateak balioa kentzen ahal diete atzo egin ziren urratsei… Ezinbestezkoa da konfirmatzea orain arte egin dena, egin behar zela eta ona zela bakearentzat! Bidea, hortik doa. Eta hortik urratu behar dugu iraganetik etorkizunerako trantsizio hori…
Iraganaz ezer baztertu eta ahaztu gabe, egin behar dugu bidea. Indarkeria guztien biktima guztiei zor diegun egia, errespetua eta errekonozimendua. Zor diegu iragana ez errepikatzea, eta, horretarako lan egitea, edozein izanik ere gure arteko ezadostasunak.
Aspaldiko urteetan posible izan ez zen elkar bizitza demokratikoa, azkenean posible ikusten da gure Herrian! Orain arte batu ahal izan ez garenen ariketa kolektiboa izanen da!
Eginbide horrekin, esperantza horrekin, zorroztasun horrekin, guzientzat ona izanen den bakea eraikiko dugu. Egun bakoitzak kontatzen du. Bakoitzaren inplikazioa beharrezkoa da.
Elkar bizitzarako prozesu horretan, ORAIN, PRESOEN etapa izan behar da!
Bakearekin guztiak irabazle baikara: Egin dezagun denak irabazle izanen diren bakea!
GUZTIAK, GUZTIAK ETA GUZTIAK BIL GAITEZEN BILBON ETA BAIONAN
Herriz herri iniziatiba instituzional abiatu du Sarek eta urrunketaren kontrako mozioak onartu dira 59 udaletxetan
Denbora da Sare Herritarrak giza eskubideen alde ezberdinen arteko elkarlana sustatzen duela. Bide honetan, urrats nabarmenak eman dira azken urteetan, batez ere, egungo espetxe politikaren aldaketa eta bereziki urruntze politikaren amaieraren eskariari dagokionean. Azken hilabete luzeetan Etxerat Elkartearekin eta Foro Sozialarekin batera, alor honetan jendarte mailan diren hainbat adostasun instituzioetara eraman ditugu, preso diren gaixo larrien artatze eskubidea eta etxeratzea edota urruntze politikaren amaiera Nafarroako zein EAEko Parlamentuetara eramanaz. Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan EAJ, EHBildu, PSE-PSN eta Elkarrekin-Podemosen aldeko botoekin Euskal Herriko gehiengo politikoaren babesa eskuratu dugu. Ez dugu ahaztu nahi, sindikalgintzan eskuratutako adostasuna, Euskal Herriko sindikatu guztien babesarekin.
Bertan onartutako deklarazioak, ostean, herrialde bakoitzeko Batzar Nagusietara eraman ditugu, bertan ere, gehiengoaren babesa jasoz. Orain, dinamika hau bera lau herrialdeetako Udalerrietara eramateari ekin diogu, jada 59 direlarik euskal presoen gain ezarria dagoen urruntze politikarekin amaitzeko eskatzen duten mozioak onartu dituzten Udalak. Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Irun, Durango, Galdakao, Algorta, Eibar, Beasain, Azpeitia, Burlata edota Lesaka, dira besteak beste, iniziatiba hau martxan jarri, Udala osatzen duten alderdiekin bildu eta Sarek osatutako mozioa aurkeztu eta gehiengoaren babesa eskuratu duten herriak. Esan bezala, guztira 59 dira gaur gaurkoz mozioa onartu duten herriak eta guztira 750etik gora dira euren babesa helarazi duten zinegotziak. Aurrerantzean ere dinamikarekin jarraitu eta aukera dagoen herri guztietara mozioa eramateko asmoa dugu.
Benetan garrantzitsua deritzogu, gizarte zibilaren aktibazioa bultzatu asmoz Sarek egiten duen lanarekin batera, instituzio ezberdinen konpromisoa eta bertako ordezkarien babesa artikulatzea. Biak ala biak, elkarlanean, batak besteari jarraiki, ezinbestekoak baitira giza eskubideak urratzen dituen eta presoak ez ezik, senideak ere zigortzen dituen espetxe politika honen aldaketa egikaritzeko. Guztien elkarlana eta konpromisoa beharrezkoa dela uste baitugu egoera aldatu eta elkarbizitzaren, konponbidearen zein bakearen norantzan urratsak eman ahal izateko.
Zentzu honetan kokatzen dugu baita, Sare Herritarrak estatu mailan garatzen hasi den harreman bira ere. Duela aste batzuk Kataluniako President-arekin bildu ginen Sareren dinamikaren berri eman eta espetxe politikaren inguruan hitz egiteko. Datozen egun eta asteetan ere beste hainbat arduradun politikorekin biltzeko intentzioa dugu, eta horretarako eskakizunak egiten hasiak gaude, harrera egokia izango dutelakoan. Datozen asteetan beraz Kataluniako zein estatuko alderdietako ordezkariekin bilera erronda egiteko asmoa iragarri nahi dugu, uste baitugu, espetxe politikaren auzia ez dela euskaldunon arazo bat, ezta gutxiago ere. Espainiar estatuak egun indarrean duen espetxe politika hau, giza eskubideak urratu eta mendekuan oinarritzen den espetxe politika hau, estatu mailako arazoa da. Estatu honen baitan gertatzen ari den auzia izaki, bere baitan diren pertsona orori eragiten dio eta ondorioz ere, guztion ardura da berau aldatzeko eta giza eskubideen errespetua bermatuko duen egoera baten alde lan egitea.
Hauxe da, besteak beste, harreman bira honen baitan, estatu mailan ordezkaritza duten pertsona zein eragileei helarazi nahi diegun mezua.
Bide honetan, batzuen zein besteen nahiak errespetatuz, bilera batzuk publikoak izango diren arren, badira era pribatuan garatuko direnak ere, gure helburua oihartzuna izatearen gainetik, harremanak garatu eta horiengan eragiteko aukera sortzea ere izango baita.
- LABURBILDUZ ETA ONDORIO GISARA
1.- Sarek artikulazio lana egiten jarraituko du, ez solik jendarte zibilaren aktibazioa eta mobilizazioa bilatuz, baita Euskal Herriko zein estatu mailako agente politikoen inplikazioa eta konpromisoa bultzatuz ere.
2.- Arrazoi hori dela eta, pausu bat gehiago ematen ari gara. Gasteizko zein Iruñeako Parlamentuetan, hala nola, Batzar Nagusietan lortutako adostasunak berretsi eta herritarrengandik gertuen diren instituzioen konpromisoaren bila joanaz.
3.- Azkenik, azpimarratu nahi dugu, beti esan izan dugun moduan, giza eskubideak urratzen dituzten eta askatasun ezaren gainetik ezartzen diren zigor atxikituak dituen espetxe politika bat ez dela euskaldunon arazo hutsa. Urruntze politika, larriki gaixo diren presoak kartzelan mantentzea, graduen aldaketa eza edota salbuespen legediaren ezarpenak giza eskubideak urratzen ditu eta ondorioz gizarte demokratiko baten oinarrizko elementuez hizketan ari gara. Honek beraz, demokraziaz mintzo diren edota demokraziaren aldeko diren guztiei eragiten die. Euskaldun izan ala ez izan.
- MOZIOA ONARTU DUTEN HERRIAK
ARABA: Gasteiz, Okondo, Urkabustaitz, Zigoitia, Zuia.
BIZKAIA: Algorta, Arrigorriaga, Bakio, Barakaldo, Basauri, Bakio, Berango, Bilbo, Durango, Elorrio, Ermua, Galdakao, Iurreta, Larrabetzu, Lekeitio, Lemoa, Markina, Ondarru, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Ugao, Urduliz, Zaratamo.
GIPUZKOA: Alkiza, Antzuola, Araitz betelu, Aretxabaleta. Arrasate. Azpeitia, Beasain, Bergara, Billabona, Donostia, Eibar, Elgoibar, Irun. Itsasondo, Larraul, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Pasai Donibane, Segura, Soraluze, Zizurkil, Zumarraga.
NAFARROA: Atarrabia, Burlata, Etxarri Aranatz, Iruñea, Lesaka, Uharte.
Julen Mendoza Errentariako alkatea Aitzol Gogorza Larriki gaixo dagoen Presoa bisitatzera joan da
Sare Herritarrak pozez hartu du Oreretan abiatutako iniziatiba instituzional honi esker Julen Mendoza alkateak larriki gaixo diren herriko presoak bisitatzeko hartutako erabakia. Pozez hartu dugu, abiatutako bideak fruituak eman dituelako eta indar politiko nagusien babesa jaso duelako. Bada denbora Sare Herritarrak jendartearen gehiengo diren aldarri eta eskariak instituzioetara eramaten dituela eta eginiko lan honen ondorioz bai Nafarroako zein EAEko Parlamentuetan urruntze politika aldatzeko eta gaixo larrien kaleratzea eskatzeko adierazpenak onartzea lortu da. Bide honi jarriki, azken hilabeteetan eta baita datozenetan ere herrietara iniziatiba hau ekarri dugu eta gaurko hau horren adibide da. Saretik benetan garrantzitsua iruditzen zaigu gizarte aktibazioan egiten dugun lan hori instituzioetara eramatea, bi bideak elkarlanean espetxe politika honekin amaitzeko beharrezkoak baitira.
Estrasburgok gaur zigorren batuketaren inguruan atera duen epaiaren gainerako balorazio egin du Sare Herritarrak.
[Audioa] Inaxio Oiarzabal | Sare Herritarra
Sare Herritarrak arduraz hartzen du epaia, ebazpena aldekoa dela ulertuta, baina honen irakurketari dagokionean ez da esperotakoa izan. Izan ere, giza eskubideak urratzea bermatzen duela ulertzen du Sarek, Estatu batean zein bestean oinarri berdinaren baitan betetako zigorrak kontuan hartzeari uko egiten dio, ondorioz, euskal presoek euren zigorra birritan betetzen jarraitu beharko dute, sententziak, prozedura judiziala okerra izan dela onartu arren.
Sare Herritarraren ustetan epai honek sufrimendua areagotu eta presoen auziari irtenbidea emateko urratsak baino oztopoak dakartza, mendekuan oinarritzen den lege bati aurre egin eta justiziaz jokatzeko eskatu beharrean, beste aldera begiratu eta egoera hau bere horretan mantentzea dakar.
Era berean Espainiar estatuari zigorrak luzatzea dakarren lege injustu hau bertan behera uzteko eskatzen du Sare Herritarrak, mendekua eta gorrotoa alboratu eta elkarbizitza eta bakea ahalbidetuko dituen egoera eraikitze bidean lagun izan dadin. Zentzu honetan, Espainiar kongresuko ordezkariei ere dei egiten diegu norantza honetan jardun eta europako araudiaren ezarpena aplikatzearen alde egiteko, aurrera urratsak ematearen alde ekiteko.
Sarek gogorarazi nahi du euskal jendartearen gehiengoak argi adierazi duela aurrera urratsak emateko garaia dela eta euskal presoen auziari, mendeku dinamika batetik aldenduz, irtenbidea emateko beharra dagoela elkarbizitzan oinarritzen den jendartea osatu ahal izateko. Nabarmendu du 40.000 lagun batu zirela Donostian joan den larunbatean espetxe politika hau aldatzeko nahiak batuta, orain arteko manifestaziorik anitzenean. Bide honi eutsi eta elkarrekin lanean jarraitzeko deia luzatu nahi du eta bide batez, jendarteari gaurko egunerako herrietan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera animatu.
40.000 lagun inguru batu dira Donostian orain arteko manifestazio anitzenean
“Gaur hemen lortu dugun aniztasuna eta elkartasuna aurrera begirako bidean lagun izan dezagun”
Orain Presoak dinamikako kideek manifestazio amaieran eginiko irakurketan gaurko ekitaldietan lortutako aniztasuna eta parte hartzea azpimarratu dute eta aurrerantzean ere indar eta batasun berarekin lan egiten jarraitzeko deia zabaldu dute.
40.000 lagun inguru batu dira gaur Donostian “garai berri baten aurrean zabaldutako aukera berriak probestu” eta elkarbizitzaren eta espetxe politikaren aldaketaren aldeko topaleku bilakatu diren ekimenetan. Arratsaldeko 16:00etan Miramar Jauregian batu dira alderdi, sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak Felix Arrieta eta Anaiz Funosas Orain Presoak dinamikako sinatzaileek hitza hartu duten elkarbizitzaren aldeko ekitaldian. Bertan s̈ ufrimendu eta min handia pairatu” duen herria garela azpimarratu duten arren, aurrera begira jartzeko unea dela adierazi dute, ondorengoei “gizarte hobea utzi behar” diegula, eta guztiei dagokigula “hau eraikitzea, guri dagokigu zauriak ixteko bideari ekitea eta horretarako sufrimendu guztiekin amaitu eta elkarbizitza ahalbidetzeko baldintzak sortzea”.
Miramar Jauregia gauzatu den ekitaldian EAJ, EH Bildu, Podemos Euskadi, EH Bai eta EELV alderdietako ordezkariak izan dira, baita sindikatuenak ere (ELA, LAB, CCOO, UGT, STEEILAS, ESK, EHNE/ETXALDE ETA HIRU). Horiekin batera hainbat eragileetako ordezkariak ere batu dira (Bake Artisauan, Sare, Etxerat, Foro Soziala, Bagoaz, Bake Bidea) eta gizarte zibileko hainbat kide, tartean, Pili Zabala, Ane Muguruza, Peru del Hoyo, Laura Pego edota Julen Madariaga. (Gonbidatuen zerrenda bere osotasunean atxikita duzue).
Arratsaldeko 17:00etan Antiguako tuneletik abiatu den manifestazioan 40.000 lagun inguru batu ditu, orain artean espetxe politikaren aldaketaren alde egin den manifestaziorik anitzena izan delarik gaurkoa, ordezkaritza zabala dela eta. Orain Presoak dinamikako kideek euren poza eta esker ona adierazi dute manifestazioaren amaierako ekitaldian bertaratutako milaka lagunengatik, parte hartu duen ordezkaritzagatik eta herriz herri eginiko lanagatik eta gogoratu dute “garai berri baten aurrean aurkitzen” garela “bakean eta elkarbizitzan aurrera egiteko aukera ezin hobeak” zabaltzen dituen aukera historiko baten aurrean. Zentzu honetan, “bidea hasi baino ez” dela egin ziurtatu dute eta “gaur hemen lortu dugun aniztasuna eta elkartasuna aurrera begirako bidean lagun izan” dadin lanean jarraitzeko deia egin dute Arantza Aldezabal eta Laura Gomez Orain Presoak dinamikako kideek.
Aldezabal eta Gomezen hitzartzeen aurretik, Michel Berhokogoien Bakegileak hartu du hitza, Iparraldean Bake Artisauen eginiko ibilbidea, Orain Presoak dinamikaren aitzindari izan dena, azaldu eta eginiko lanaren etekinak goraipatu eta gizarte zibilaren aktibazioaren balioa eta beharra azpimarratuz. Lehen aldia da, Bake Artisauan atxilotuak izan zirenetik, Michel Berhokogoienek hegoaldean hitza hartzen duena, orain artean muga pasatzea ezinezkoa baitzuen.
Manifestazioko parte hartzaileak zorionduz eta eskerrak emanaz agurtu dira Orain Presoak dinamikako kideak “benetan batzen gaituen oinarri baten alde elkarrekin lan egitea beharrezkoa bezain aberasgarria” dela esanaz.
Orain Presoak Miramar jauregiko ekitaldia eta Manifestazioa Zuzenean
11:30 | Bulebarrean | OLATZ IGLESIAS
Egunon denoi. Ostegunean ohar bidez adierazi genuen moduan, Orain Presoak dinamikako kideok oso pozik gaude gaurko ekitaldietarako jaso dugun harrera ona dela eta. Batetik, orain artean izan den manifestazio anitzena izango delako gaur 17etan Donostiako kaleak zeharkatuko dituena, eta bestetik, herrietatik jasotako azken datuen arabera 85tik gora direlako arratsaldean hona etorriko diren autobusak, beraz, anitza ez ezik jendetsua ere izatea espero dugu. Hilabeteak daramatzagu dinamika honen baitan lanean eta gogotsu gaude gaurko egunarekin, herriz herri eginiko harreman eta saretze lanen lehen erakusleiho bat izatea espero baitugu.
Horren erakusle da EAJk, EH Bilduk edota Podemos Euskadik ordezkaritza bat ekartzeko hartutako konpromisoa eta baita, bereziki azpimarragarria, sindikatu guztien atxikimendua ere. Ideologia eta lan eremu ezberdineko jende anitza bilduko gara gaur elkarbizitzaren aldeko eta espetxe politika aldatzearen aldeko ekimen honetan. Eta baita generazio ezberdinetako pertsonak ere, egun ireki den garai berri honen zain izan direnak, sortutako aukerak baliatu nahi dituztenak eta oraina zein geroa aurretik dutenak, elkarbizitzan eta bakean eraikitzeko.
Guztiok garela ezinbesteko esan dugu eta esaten jarraitzen dugu, hala sinetsita baikaude. Eta horrexegatik, azken dei hau egin nahi dugu, herritar guztiei zuzenduta, gaur arratsaldeko 17:00etan Antiguako tunelera gerturatu eta Orain Presoak lelopean abiatuko den manifestazioan parte hartu dezaten.
Miramar Jauregia | Elkarbizitza | Convivencia | Cohabitation | Convivence
Orain Presoak manifestazioaren iritsiera eta ekitaldia
Oharra urriaren 20an Miramar Jauregian egingo den ekitaldian izango diren gonbidatuen berri emateko:
Orain Presoak dinamikako kideok larunbat honetan Miramar Jauregian antolatu dugun elkarbizitzaren aldeko ekitaldian parte hartuko duten alderdi eta sindikatuen berri eman nahi dugu. Izan ere, garrantzitsua deritzogu Miramar Jauregian batuko den ordezkaritza baita, norbanakoak ez ezik, hainbat alderdi eta sindikaturen batasuna irudikatzeko sortuko den aukera.
Elkarrekin lan egiteko garaia dela uste dugu eta atzo Aieten adierazi bezala, lan handia egin dugun arren, badauzkagu egiteke batzuk oraindik ere, guztiak elkarrekin egitekoak. Bide horretan kokatzen dugu presoen gaiari irtenbidea ematea eta elkarbizitzaren norabidean pausuak ematea…
Miramar Jauregian antolatutako ekitaldirako zabaldutako gonbidapenek harrera ona izan dutela adierazi nahi dugu, sindikatu guztiak egoteaz gain (ELA, LAB, CCOO, UGT, STEEILAS, ESK, EHNE, HIRU, ETXALDE), talde politikoei dagokionean ere, herritarren gehiengo bat ordezkatzen duten alderdiak batuko baitira (EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Geroa Bai, EH Bai, EELV). Horrez gain, Bake Artisauak, Sare, Etxerat, Foro Soziala, Bake Bidea eta Bagoazeko ordezkaritza ere bertan izango da, besteak beste.
Pozez adierazi nahi dugu, orain artean izan den manifestaziorik anitzena izango dela eta honekin batera, ohar hau probestu nahi dugu larunbatean bertan Antiguako Tuneletik arratsaldeko 17:00etan irtengo den manifestaziorako azken deialdia egiteko, gizarte zibilaren aktibazioa ezinbestekoa dela baiteritzogu presoen egoera konpontzeko.
Sare Herritarrak Karlos Apeztegiaren atxiloketa eta ondorengo espetxeratzearen aurrean hurrengoa adierazi nahi du:
Bakerako eta elkarbizitzarako urratsak emateko garai baten aurrean gauden honetan, atxiloketa eta espetxeratze hau ulergaitza egiten zaigu. Atzera garamatza. Urteetako sufrimenduaren amaitzeko une historiko baten aurrean gauden honetan, aurreko egoera bortitza mantendu eta hain beharrezkoa dugun elkarbizitza egoera bat zapuzteko ekintza gisa baino ezin ulertu genezake Apeztegiaren espetxeratzea. Espainiarko Gobernu berriari aurrekoak hasitako mendekuan oinarritutako politikarekin ez jarraitzeko eskatu diogu behin eta berriro, jendartearen gehiengoaren behar eta nahiei erantzuteko ordua dela eta giza eskubideen errespetuan, bakearen eta elkarbizitzaren alde, zein konponbide bidean aurrera urratsak emateko balentriaz jokatzeko garaia dela azpimarratuz. Atxiloketa eta espetxeratze hau ordea, norabide horren aurka doa eta zentzu horretan gogor salatzen dugu eta argi adierazi bakearen norantzan aurka doan erabaki bati erantzuten diola, herritarrok elkarbizitzaren alde ematen ari garen urratsen aurkakoa da.
Karlos Apeztegiak 22 urteko espetxe zigorra bete du, urte gehienak senideengandik milaka kilometrotara urrundua Andaluziako espetxeetan, eta mendekuzko espetxe politikaren neurri zorrotzenak jasanaz. 2013an kondena bere osotasunean bete ostean eskuratu zuen askatasuna. Orain, Audientzia Nazionalak berriro ere espetxeratzea erabaki du, bere aurkako inolako sententziarik ez izan arren, akusazioa besterik ez. Apeztegia, egun, Etxerat Elkarteko kidea da eta Etxeratek berak adierazi duen moduan frantziar Estatuan dauden euskal presoen senideei laguntza tekniko zein humanoa emateaz arduratzen zen.
Sare Herritarrak babes eta animo mezua helarazi nahi die Karlos Apeztegiren senide eta lagunei eta bere konpromisoa adierazi orain arteko bidean lan egiteko jarraitzeko. Honekin batera, herritar oro, edozein delarik bere ideologia ere, larunbat honetan Orain Presoak dinamikako kideek Donostian deitu duten manifestazioan parte hartzera deitzen du, espetxe politika aldatu eta halako gertakariekin amaitzea ezinbestekoa baita elkarbizitza eta bakearen oinarriak eraikitzeko. Gutako bakoitzak larunbaten Donostian emango duen urrats bana, elkarbizitzaren aldeko pausu izango da.





























