Albisteak
Deustun Orain Presoak dinamikari hasiera emateko ekitaldia
Irailaren 13an, Deustuko Orain Presoak dinamikari hasiera emateko agerraldi berezia antolatu zen Deustuko Udaltegian. Ekitaldi labur baten bidez arlo ezberdinetan lanean diharduten deustuarrek beraien babesa erakutsi zioten dagoeneko Euskal Herriko beste txoko batzuetan abian den Orain Presoak dinamikari. Horretarako, ekimen herritarraren pluraltasunaren erakusgarri izatea helburu zuen argazki bateratu bat atera eta “Deustuarren Adierazpena” irakurri zuten. Azken honetan, konpobidea, elkarbizitza eta bakea lortzeko konpromisoa hartuz deustuko herritarrei urriaren 11an Deustuko Frontoian egingo den agerraldi herritar erraldoian eta orain arteko mobilizaziorik anitzena izan nahi duen urriaren 20ko mobilizaioan parte hartzeko deia egin zieten.
Horrez gain, Orain Presoak Deustuko kideek aurrera begira antolatuko dituzten ekintzak publiko egin zituzten:
– Irailaren 28an, 19:00tatik aurrera, Kale Animazioa deustuko tabernetatik.
– Urriak 7, 12:30tan, “Bizikletaldia” 8 km-ko bizikleta martxa.
– Urriak 11, 19:30tan, Deustuko Frontoian Argazki Herritarra.
Gainera, dinamikaren berri eman eta “Bizikletaldia”-n zein Donostiara joateko busetan izen emateko auzolanean informazio mahaiak jarriko dituztela aipatu zuten.
Jarraian Orain Presoak dinamikari babesa eman dioten pertsonen izenak:
Agerraldian egon zirenak
Imanol Agirre (Kulturgilea)
Juan Antonio Alonso (EH Bilduko kidea)
Ramon Bustamante (Kazetaria)
Joseba Castro (Sindikalista jubilatua)
Juanma Contreras (S.D. Deustuko zuzendaritzako kidea)
Laura Etxebarria (Kultura mundua)
Luis Angel Gaintza (Txistularia)
Pedro Huidobro (Ipar Mendebaldeko Podemoseko zirkuluko kidea)
Olatz Iglesias (Ikasle eta senidea)
Iñaki Irulegi (Athletic-eko bazkidea)
Olatz Kaltzada (Ikastolako irakaslea)
Goizalde Landabaso (Kazetari eta idazlea)
Txema Luzuriaga (Deustuko argazki artxiboa)
Olatz Masip (Euskaltzalea)
Urtzi Ostolozaga (LAB sindikatua)
Nati Ovelleiro (Ekintzaile soziala)
Galder Perez (Aktore eta kazetaria)
Alfonso Ríos (CCOO sindikatua)
Lourdes Unzueta (Familia medikua)
Itziar Uriarte (Irakasle jubilatua)
Ibon Urrutia (Trikitilaria)
Leire Villares (Deustuko eskubaloi taldeko jokalaria)
Ignacio Villota (Apaiza eta irakasle ohia)
Josu Zalbidea (STEILAS-eko kidea)
Agerraldian egon ezin izan zuten baina, beraien atxikimendua eman dutenak
Josu Balmaseda (ESK sindikatua)
Ana Fernández (Bankako langilea)
Ieltxu Gimenez (Musikaria)
Juanjo Lekanda
Xabier Madariaga (Kazetaria)
Mikel Noval (ELA sindikatua)
Maria Victoria Portugal (Deustuko merkatarien elkarteko kidea)
Iñaki Urrutia (Aktore eta rapsoda)
—-
Bilera Jonan Fernandezekin espetxe politikaren aldaketaren inguruan
Sare Herritarra Jonan Fernandez, Bakea eta Bizikidetzaren Idazkari Nagusiarekin bildu da espetxe politikaren aldaketen inguruan Gobernu Espainiarrarekin dituen harremanen berri jakiteko, Eusko Jaurlaritzaren bide orriaren berri izateko eta Sarek auzi honen inguruan duen kezka eta aldarrikapenaren berri emateko.
Bileraren ostean, Inaxio Oiartzabal eta Joseba Azkarraga bozeramaileek hitz egindakoaren inguruko balorazioa eta bart ezagutzera eman ziren Gobernu espainiarraren azken mugimenduen inguruan aritu dira prentsaurrean. Oiartzabalek bilera ongi joan dela adierazi du, hainbat iritzi zein lan lerro elkarbanatu dituztela ziurtatuz. Kezka ere adierazi du ordea Sareko bozeramaileak, izan ere, oraindik orain, Gobernu espainiarrak auzi honen aurrean, hitzez gaindik, duen bide orria falta dela eta azken mugimenduek ez diotela ez legeak dioenari, ez giza eskubideen errespetuari, ez eta jendartearen gehiengo batek, maila sozialean zein instituzionalean, eskatzen duenari erantzuten. Zentzu honetan, gogorarazi du, Gasteizko zein Nafarroako parlamentuek, gehiengoz, urruntze politikaren amaieraren alde eta larriki gaixo diren presoen kaleratzearen aldeko adierazpenak onartu dituztela.
Oiartzabalek Sare Herritarra Gobernu espainiarrak iragarritako aldaketa hauek bizkortzeko eta ziurtatzeko lanean jarraituko duela adierazi du eta Eusko Jaurlaritzari euskal presoen benetako gerturatze baten alde ekin dezala eskatu dio, inolako baldintzarik gabekoa eta presoak euren etxeetatik gertuen egotea ahalbidetuko duena. Ideia hau bera transmititu diote Jonan Fernandezi ere bileran zehar. Horrez gain, Kepa Arronategi larriki gaixo den presoa Zuera espetxera mugitzen dutenaren albisteari eutsiz, Sareko bozeramaileak larriki gaixo diren presoak, legez, kaleratuak izateko eta euren etxean behar duten artatzea jasotzeko eskubidea dutela azpimarratu du eta ondorioz, Arronategiren espetxe aldaketak dagozkion eskubideak urratzen jarraitzea dakarrela ziurtatu du.
Amaitzeko, Sare Herritarrak urriaren 20an Donostian zita garrantzitsu bat dugula gogorarazi du. Herritarrak espetxe politika hau behin betikoz aldatu dadin eta bakean eta elkarbizitzan urratsak eman daitezen batzeko zita, hain zuzen ere.
ORAIN PRESOAK dinamikako kideen agerraldia Donostian
Orain Presoak dinamikako kideek egindako agerraldiak bi helburu bete asmo zituen; batetik, jaso duzuen deialdia aurreratu dugun moduan, Urriak 20ko konbokatoriaren baitan egin behar izan dugun aldaketa garrantzitsu baten berri emateko eta bestetik, uda aurretik eta udan zehar Madrildik jasotako berri eta mezuen inguruko gure irakurketa egin eta manifestaziora batzeko arrazoiak helarazteko:
Lehen lehenik, jakinarazi nahi dugu, Urriak 20rako Bilbon deitua genuen manifestazioa Donostiako (Antiguoko Tuneletik) kaleetara lekualdatzera behartuak aurkitu garela. Izan ere, Urriak 20an Bilbon Bilbao Night Marathon lasterketa antolatu dute eta barne sailak jakinarazi digunez, bi ekitaldiak bateraezinak dira, Bilbo hiri osoa moztu beharko genukeelako eta guztiok ikusten dugu horrek arazo larriak eragin ditzakeela. Horregatik, eta arazoa benetan pisutsua dela ulertuta, manifestazioa hiriburuz aldatu eta deialdia Donostiara egitea erabaki dugu.
Hiriburuz aldatu arren, urriaren 20ko datak helburu berak mantentzen ditu. Orain Presoak dinamikaren baitan antolatu eta batu garenok, ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu eta aspaldidanik espero dugun aldaketa gauzatu dadin gure hondar alea jarri nahi dugu. Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena.
Horretarako, ekainaren 2an eginiko aurkezpenean azaldu moduan, ezinbestekotzat jotzen dugu milaka kilometrotara urrunduak diren eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen egoerari irtenbidea ematea. Jakitun gara, herri honetan bizi garenon artean, minak eta oinazeak askotarikoak direla. Ez ditugu horiek ahantzi ez eta atzean utzi nahi. Aurrez esan bezala, gure nahia elkarbizitzan eta bakean den jendarte baterantz urratsak ematea da, horretarako zauriak sendatu eta korapiloak askatzea beharrezkoa delarik. Baina, argi dugu ere, oraindik orain, indarrean den espetxe politika aldatu ezean, giza eskubideak urratuak izateaz gain, presoen senideak, bereziki haurrak eta adinduak direnak, sufrimendua pairatzen jarraitzen dutela, astebururo astebururo milaka kilometro egitera behartuak izanik edota larriki gaixo diren euren senideak hain urrun izanda, alerta egoeran bizitzera behartuak egonez.
Zentzu honetan, azken hilabeteetan hainbat ahots entzun ahal izan ditugu espetxe politika honen aldaketa beharraz mintzo izan direnak. Guztiak pozez eta esperantzaz jaso ditugu. Bereziki, aipatzekoak dira, Madrilen gauzatutako gobernu aldaketaren ostean Espainiako presidentearen zein barne ministroarengandik jasotako mezuak. Lehen aldia da presidente baten ahotik halakoak entzuten ditugula eta zentzu horretan, pozgarria deritzogu emandako jarrera aldaketa. Baina, esan beharra dugu ere, oraindik ez dugula argi zein den proposatzen duten bide-orria. Eta horrek kezka ere sortu du. Benetako aldaketa batez ari bagara, hitzak ez ezik, ekintzak ere beharrezko baitira, eta helburu garbiak; sufrimenduarekin amaitzea, giza eskubideak errespetatuak direla ziurtatzea, legea betearaztea eta bakerako zein elkarbizitzarako baldintzak sortzea. Hori da, gure ustez, jendarte honek merezi duena eta gure ondorengoei utzi beharreko ondarea. Ez baitugu sinesten, inork, herritarrok azken urte luzeetan bizi izan duguna gure atzetik datozenei opa dienik. Ez dugu halakorik astakeriarik sinetsi nahi.
Horregatik, dinamika honen baitan gabiltzanok, aipatzen dugun aldaketa horren oinarriak ezartzeko unea dela konbentzituak gaude. Horretarako aukerak zabaldu zaizkigulakoan gaude eta guztiok desio dugun sufrimendurik gabeko egoera berri bat eraikitzeko, gutako bakoitzaren bultzada behar beharrezkoa dela uste dugu. ETAren disoluzioak, iparraldean gizarte zibilaren inpultsuz Estatu frantsesak emaniko urratsak eta Madrilen ezarritako gobernu berriak auziaren baitan itxuraz duen jarrera aldaketak ate berriak zabaldu ditu bai, baina jakin badakigu, haize bolada batez berriro ere ixteko arriskua badela, batez ere, Espainian hauteskundeak ate joka diren honetan. Hala ba, herritar oro gonbidatu nahi dugu gurekin batera bakearen eta elkarbizitzaren norantzan ekitera eta espainiar gobernuari urratsak determinazioz emateko, hitzetatik ekintzetara igarotzeko, eskatzera. Finean, zabaldutako ateek eskaintzen duten aldaketarako aukera, oinarri atzeraezin bilakatzera. Ondoren datorren inork, jada atzean uzten gabiltzan garai ilunetara itzultzeko nahia izanez gero halakorik egin ahal ez dezan.
Urriaren 20ko zita horretarako da hain zuzen ere, elkarrekin eragiteko. Urratsak eman daitezen bultzatzeko. Aldaketa egi bilakatzeko. Gaur, zuetako bakoitzarengana zuzentzen gara. Orain dugu urteetan luzatu den sufrimenduarekin amaitzeko aukera. Zauriak ixten hastekoa. Korapiloak askatzekoa. Bakean eta elkarbizitzan den jendarte bat eraikitzeko aukera.
Urriaren 20an zatoz zu ere Donostiara.
Sareren irakurketa Grande Marlascaren adierazpenen aurrean
Sare Herritarrak Grande Marlascaren azken adierazpenak kezkagarritzat jo eta salatzen ditu
Sare Herritarrak, Grande Marlasca Barne Ministroak parlamentuko egoitzan eginiko azken deklarazioak direla eta, iritzi publikoari bere kezka adierazi nahi dio, eta baita salatu, oraindik orain espetxe legedia urratua izanik, euskal presoen gerturatzearen inguruan Gobernutik zabaltzen ari diren “nahasmen” mezuak.
Izan ere, bart Marlascak euskal presoek jasaten duten urruntze politikaren amaierak ez du inolako espetxe onura edo mesederekin zer ikusirik esan eta jarraian, presoen gerturatzea, hala nola, hirugarren gradua eskuratzeko aukera damu indibidualarekin eta justiziarekin elkarlanean aritzearekin baldintzatu zuen. Hau, kontraesankorra izateaz gain, eurek ezarritako legediaren aurka jarduten jarraitzearen nahiaren adierazle da. Baita, aurreko gobernuak ezarritako “irabazle eta galtzaile” dinamikarekin jarraitzeko erabakia ere.
Hori hala, Sare Herritarrak ondorengoa adierazi nahi du:
1.- Urruntze politika neurri politiko deitoragarria izan zen, duela 30 urtetatik euskal presoei sistematikoki ezartzen zaiena eta inoz ere inolako lege edo arauri lotua dagoena. Ondorioz, neurri politiko bat izan den heinean, beste neurri politiko baten bitartez desagerrarazi behar da, giza eskubideen urraketa zuzena izaki.
2.- Urruntze politika honen amaiera beraz, eukal preso bakoitzaren ekintza edota klasifikazio orotik at eman behar da, guztiei dagokien eskubidea delako eta legeak hala jasotzen duelako.
3.- Graduen aldaketa ere ezin da inolako mendeku edo xantaiaren ondorio izan, bergizarteratzeko baldintzak sortzeari erantzun behar dio. Zentzu honetan, egun euskal presoen %95ak espetxera sartu zenetik lehen graduan jarraitzen duela salatzen segi behar dugu, baita askatasuna eskuratu duten presoen gehiengoak espetxealdi osoa egoera horretan pasa dutela gogorarazi ere.
4.- Bestetik, Kepa Arronategi larriki gaixo den presoaren gerturatzea egingo dela dioten adierazpenen aurrean, gure poza adierazi nahi dugu, presoari berari zein senideei arnasaldia emango baitie. Berri pozgarria dela eta aurrera urrats bat dela ulertuta ere, ez dugu Sarek orain artean eginiko aldarri eta eskaria alboratzen, izan ere, Sare Herritarrak argi du, larriki gaixo diren presoak etxean behar luketela, legeak hala adierazten duelako eta egoera horretan baino ez dutelako behar duten artatzea baldintza duinetan jasoko. Kepa Arronategi eta gainontzeko preso gaixoak espetxean mantentzen diren egun bakoitzeko euren gaixotasun egoera areagotik, sufrimendua areagotu eta bizia eskuetatik lau horma artean ihes egiten ikustera kondenatuak daude, bi bider kondenatuak beraz.
5.- Erdizkako egoera honetan. Iniziatiba falta dagoen honetan. Adierazpen kontrajarriak jasotzen ditugun honetan inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dugu gizarte zibilaren aktibazioa eta mobilizazioa, behin betikoz sufrimendua sortzeari amaitu eta giza eskubideen urraketekin amaitzeko.
Hori dela eta, dei egiten dugu datorren urriaren 20an Bilboko kaleak bete eta herritarren bakerako eta aurrera urratsak emateko nahia adieraztera. Edozein dela ere bakoitzaren ideologia edota atxikipen politikoa, guztion batasun beharra aldarrikatzen dugu giza eskubideen urratze zein sufrimendua sortzen duen egoera honekin amaitzeko.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Bilboko Konpartsen Federazioak “Orain Presoak” herri dinamikarekin bat egiten du.
Bilboko Konpartsek #OrainPresoak dinamikarekin bat egiteko plazaratu duten testua:
Bilboko Aste Nagusia gainean daukagu, berton, Bilboko Konpartsak, urtean
garatzen dugun jardun eta egitarauen puntu gorena izaten da. Bilboko jaiak, herri honen
parte bezala ulertzen ditugulako, Konpartsak ez gara inguratzen gaituen errealitatetik
kanpo bizitzen ari, horregatik, beste eremu eta aldarrikapen aurrean egiten dugun
bezala, gizarte justuago baten eraikuntzan, ORAIN PRESOAK dinamikarekin bat egitea
erabaki dugu eta URRIAREN 20AN, BILBOKO KALEETAN BURUTUKO DEN
MOBILIZAZIOAN PARTE HARTZERA DEI EGITEN DUGU.Bilboko Konpartsak, atxikimendu honekin, ORAIN PRESOAK dinamikak barne-biltzen
dituen lehenbailehen konpontzeko lau aldarrikapen nagusiekin bat egiten dugu:- URRUNTZEA. Asteburu oroz ehunka senide eta lagunak, ehunka kilometro
egitera behartzen dituena.
- LARRIKI GAIXO DAUDEN PRESOAK. Egun gutxiko bizia geratu aurretik, gaixorik
dauden presoek behar bezala artatzeko eskubidea dute, hemen eta orain.
- EUROPAKO LEGEDIAK dioen moduan, bi estatuko zigorren batuketaren
aplikazioa.
- LEHEN GRADUEN ALDAKETA. Euskal presoek, lehen graduan betetzen dute
zigorraren %100a, eta hori legearen kontra doa.Bilboko Konpartsak ORAIN PRESOAK diogu!
Bi presoren lekualdatzearen balorazioa egin du Sare Herritarrak
1.- Bi Preso Basaurira hurbiltzeak, SAREren iritziz, eztabaida nahasi baterako aukera eman du, eta hortik atera behar dugula uste dugu
Nahasmena, espainiar gobernutik datozen ahotsek eta gauzatzeko momentuak, ez dutelako euskal presoen urrunketa politikaren amaiera normaltasun osoz emateko bidea argi zabaltzen ekarri du .
Duela 15 egun, epailea den barne ministroak, publikoki, urrunketaren amaierak, ez zuela kartzela politikaren onurarekin zer ikusirik esan zuen, baizik eta legea batetzea zela. Erabaki honek, duela 29 urte eraiki zuten urrunketa eta dispertsio politikaren amaiera ekarri beharko luke.
Duela 2 egun, preso hauen urbiltzearekin, Gobernu delegaritzatik, urbilketak emateko damua, elkarlana…. beharrezkoa zela esan zuen.
Ezin gara eten gabe legearen aurkako deklarazio kontrajarriekin jardun.
2.- Eusko jaurlaritzak esan duenaren aritik, SAREk urrunketa politikarekin guztiz amaitzeko bidea hasi behar dugula deritzo, eta ez dugu bide honen hasierarik ikusten.
3- Kartzela legedia bete behar da. Ezin dira baldintza berriak jartzen hasi legedia bete ahal izateko. Guk, legearen betearaztea eskatzen dugu. URRUNKETA POLITIKAREN AMAIERA ORAIN
4.- ez dugu ezer esateko, biktimei informatzeko erabakiekin, emango diren pausuak konpartitzeakin, baina ezin dezakete legedi hau ez Ppk ez eta beste eragile batzuek baldintzatu. Horregatik, espainiar gobernu berriak Pp-ren bidetik alde egin behar du.
5.- SAREk argi dauka, euskal jendartearen aktibazioa eta konpromisoa behar beharrezkoa dela, bide baketsu eta demokratiko batzuetatik, gobernu ezberdinei espetxe politikaren aldaketa eskatzeko.
6.- Urriaren 20ean, guztiok, Bilbon BAKEA eta KONPONBIDEAren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko aukera daukagu. #OrainPresoak
3.etapa garaituta, azken txanpa sartu gara
3. etapa Donostian hasi da goizeko 09:30etan Zuloaga plazatik abiatu denean. Lehen zatian Donostia atzean utzi eta Tolosaldea eta Goierriko herriak zeharkatu ditu itzuliak erritmo lasaiean eta eguraldia lagun, giro apartean.
Bidean hainbat matxura txiki izan arren, txirrindulariek bata bestea lagunduz erruberak aldatu, pintxazoak konpondu eta aurrera egin dute Ordiziara heldu artean. Ordizia ere, atzo Orereta-Errenteria moduan, festa giroan harrapatu dute eta Donostian ateratako zein bidean herriz herri batutako pelotoi jendetsua bertan batu da eguerdian Ordiziarrek prestatutako bazkari ederraz gozatzeko. Txalo zaparrada handi batekin agurtu dituzte Ordiziko herritarrak eta Altsasu aldera atera dira. Zegaman geldialditxoa egin eta Oltzarteko portua igotzen hasi dira martxako partaideak, bakoitza bere erritmoan, gainean guztiak elkartu diren arte. Bertan argazkia atera dute eta beherantz Altsasurarte joan dira. 18:30etan heldu dira Altsasura. Herritarren harrera beroaren ostean Inaxio Oiartzabal Sareko kideak herritarrei eta parte hartzaileei eskerrak eman eta Altsasuko herriari herri aktibazioan eredu izan izana txalotu dute, parte hartzailean oholtzara deitu eta guztien artean Altsasuko gazteen abestia abestu diete herritarrei. Etapa amaiera guztietan moduan, suziriarekin agurtu dira eta aisialdirako tartea ireki dute.
Donostiara heldu da Orain Presoak bizikleta itzulia
Baionan hasi eta Donostian amaitu da Orain Presoak bizikleta itzuliko bigarren etapa eta 60 lagun inguru batu ditu iparraldea eta hegoaldea batu dituen ibilbideak.
Atzoko etaparen ostean, Baionako Barnetegian loaldia eta gosari ederra hartuta, goizeko 09.30ak inguruan irten da Zizpa Gaztetxe paretik Donostia alderantz. Baionako hiria euri eta eguzki artean agurtu ostean, Bidarte, Biarritz, Donibane Lohitzune, Ziburu eta Hendaia atzean utzita Irunen sartu da. Bertan hainbat herritar izan dira zain, batzuk euren babesa eta animoak helarazteko eta besteak bizikleta gainean, itzulira batzeko. Animo berarekin gertatu dira ere hurrengo geldialdiak, Oiartzun eta Orereta-Errenterian. Baionatik etorritako eta bidean batutako guztiei lehen harrera Orereta-Errenterian egin diete bertako herritarrek, festa giroan murgilduta den herriak, txosnagunea eta festa gunea eskaini die bizikletan gerturatu diren guztiei. Bertan herriko bi kidek bertsoa eta irakurketa eskaini dute eta ostean guztiok batera bazkadu dute.
Arratsaldeko txanpa 15:30etan hasi da eta Donostiara 16:00tan iritsi ostean ordubeteko itzulia egin da hiriburuaren barnean, auzoz auzo haur, gazte eta heldu batu direlarik bizkleta gainean. Zuloaga plazara iristean Sara Majarenas Orain Presoak dinamikako kideak irakurketa bertakoekin partekatu eta suziria jaurti du itzuliaren bigarren etapa honi amaiera emanaz. Aisialdiari ekin diote ostean La Jodedera taldearen eskutik lehenbizi eta Andoni Oilokiegirekin ostean. Giro ezin hobea gipuzkoako hiriburuan bihar berriro ere bizikletak hartu eta nafarroara bidea hartu aurretik indarberritzeko.
Bizikleta itzulia abiatu da Mont de Marsanetik
Mont de Marsan eta Zaballa batuko dituen Orain Presoak dinamikaren baitako bizikleta itzulia hasi da gaur Mont de Marsaneko espetxe parean. 35 lagun inguru abiatu dira lehen etapa honetan, eta Bagoaz zein Sareko ordezkariek martxari hasiera eman ostean erritmo lasaiean joan dira bidean aurrera.
Hasierako hitzartzean, Frantziako gobernuak urruntze politikarekin amaitze bidean emaniko lehen urratsak aipatu dira, gogora ekarriz gizarte zibilaren lanari esker ez balitz egoera hau ezinezkoa litzatekela. Horrez gain, oraindik ere urrats gehiago emateko daudela adierazi dute eta baita, iparraldean aurrera eramandako dinamika hegoaldera ekartzeko beharra azpimarratu ere, euskal presoek bizi duten salbuespen legediarekin amaitzeko bide gisa.
Itzuliaren baitan lehen geldialdia Saint Aubin herrian izan da, bertan mokadu bat hartu ostean autobusean Peyehoradera gerturatu eta bertatik Baionara bitarteko azken txanpari ekin diote. Baionarako azken zatia euripean izan bada ere, martxa umorez eta jarraitzeko gogoz amaitu da, Baionako Barnetegi kanpoan argazkia atera dutelarik iritsi berritan. Ostean, afaldu eta aisirako tartea izango dute Baionako Gaztetxean.
Jose Ramon Lopez de Abetxukok askatasuna berreskuratu du
Jose Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarrak askatasuna berreskuratu du zigorra bere osotasunean bete ostean.
Gaur, 31 urte espetxean igaro ostean, Jose Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarrak askatasuna berreskuratu du, zigorra bere osotasunean bete ostean.
Jose Ramonek salbuespeneko espetxe politikaren neurriak bete betean jaso du bere espetxealdian. Izan ere, Jose Ramonek duela urte batzuk jada kalean behar luke, frantzian betetako espetxe zigorra espainiak aintzat hartu izan balu, europar legediak agintzen duen moduan. Horrez gain, Lopez de Abetxukok azken urte luzeak larriki gaixo igaro ditu eta espetxean egotearen ondorioz dagozkion artatze eskubideak urratuak izan ditu. Hau gutxi balitz, bere espetxealdi osoa bere etxetik eta senide zein lagunengandik ehundaka kilometrotara urrundua igaro behar izan du. Salbuespen legediak Jose Ramonen espetxealdia luzatu eta larriki gaixo egoenik egoera bortitzean igaro ditu urte horiek.
Pozez jaso dugu Jose Ramonen askatasunaren berri, baina bizi izan duen giza eskubideen urraketa ezin dezakegu aipatu gabe utzi, izan ere, egun orain indarrean jarraitzen duen espetxe politikak euskal presoen bizi baldintzak muturrera eramaten ditu.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
























































