Albisteak
Nafarroako Parlamentuko gehiengoak bat egin du dispertsioaren aurka
Euskal presoen giza eskubideak eta baldintza duinak ziurtatu daitezela eskatu dugu, gaur, Nafarroako Parlamentuko Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordean egin dugun agerraldian.
Sareren izenean, Joseba Azkarraga, Euskal Gobernuko Justizia sailburu ohiak, Pepe Moulia kartzeletako funtzionario ohiak eta Marilo Gorostiaga preso gaixo ohiak beharrezkotzat jo dute frantziar eta espainiar agintariek euskal presoei aplikatzen dizkieten salbuespen neurriak indargabetzea. Sareren iritziz, espetxetako politikak ez du betetzen bertako legedia ez Europakoa, ezta bermatzen gaixotasun sendaezinak dituzten presoen zaintza egokia. Gainera presoen senideei sufrimendua eta trabak eragiten dizkie. EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldetako kideek bat egin dute Sarek azaldutakoarekin.
Behin eta berriro aldarrikatu dugu behar beharrezkoa dela beraz, dispertsioa eta salbuespenezko neurriekin bukatzea, horrek jendartearen bizikidetza indartuko bailuke, eta baita gatazkaren konponbidea erraztu ere.
Duela 26 urte abian jarri zen euskal presoen dispertsio politikaren eta bere ondorioen berri ere eman dugu agerraldian datu ezberdinak eskeiniz.
Gure iritziz, presoen urruntze sistematikoa betetzen ari diren kartzela aldiari gehitzen zaion legez kanpoko zigorra da, are larriagoa presoen senideei eta lagunei eragiten dielako. Marilo Gorostiagak espetxean gaixotasunari aurre egiteko bere esperientzia azaldu du eta egun gaixotasun larriak dituzten 11 presoen egoera salatu eta beraien askatasuna aldarrikatu du, hauen giza eskubideak egunero urratuak baitira.
Azkarragak, Mouliáak eta Gorostiagak nabarmendu dutenez giza eskubideak daude jokoan.
Nafarroako Parlamentuko EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldetako ordezkariek bat egin dute adierazi dugun iritziarekin, euskal presoak jaioterritik urruntzearen politika salatu dute.
@ainhoaaznarEZ ‘la dispersión fue una decisión política, la resolución deberá ser también política’
UPN ‘creemos que la dispersión ha sido eficaz’
@BakartxoR ‘jendartearen presioak mugituko ditu harriak’ ‘presoek ere giza eskubideak dituzte’
@geroabai “Rara vez se piensa en los colectivos en exclusión social.No hay excusa q valga para no respetar los Derechos de presos”
@EzkerraN ‘nuestra postura es contraria a la dispersión; la política de alejamiento vulnera los derechos de los presos y de sus familiares’
Urtarrilaren 9ko manifestazioekin bat egin dute legelariek
Preso daudenen giza eskubideak errespetatzeko eskatu dute
Zuzenbidearen alorreko zenbait pertsonek bat egin dute Bilbon eta Baionan urtarrilaren 9an Sarek eta Bagoazek deituta euskal presoen giza eskubideen alde burutuko diren manifestazioekin, euren ustez, egun Gobernu eta Epaitegiek aldiro-aldiro urratzen baitituzte oinarrizko eskubide horiek. Jokabide horiek legez kanpokoak direla baieztatzeko argudio juridikoak eman dituzte Begoña Atxak eta Juan Mari Vidartek guztien izenean; bereziki zigorra etxetik gertu dagoen kartzelan betetzeko eskubideari, eta Europar Batasuneko bi Estatutan betetako zigorra aintzat hartzeko erabakiari dagozkien arrazoiak azpimarratu dituzte.
Pentsaera eta izaera ezberdineko legelariak izan arren denek bat egin dute eta nabarmendu, Madrilgo eta Parisko neurri horiek arintzen saiatzen ari direla Europako erakundeak eta baita, Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegia ere. “Hala ere, espainiar eta frantziar agintari politiko eta judizialek epaitegi goren horren ebazpenak saihesten dituzte euskal presoei dagozkien kasuetan”.
Juristen ustez kartzeletako politikak ez ditu bertako arauak ez Europakoak betetzen. Presoak etxetik ehunka kilometrotara urruntzea eta sakabanatzea, giza eskubideen aurkakoa da, Europako Giza Eskubideen Epaitegiaren zenbait ebazpenen arabera. Horixe erabaki zuten hurrenez hurren, Errusia eta Ukrainako Khodorkovskiy eta Lebedev kasuetan. Hain juxtu, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean, 1978ko Espainiako Konstituzioan eta maila baxuagoko beste araudi batzuetan aitortzen den intimitate eta famili bizitza edukitzeko eskubidea urratzen du dispertsioak. Kezka adierazi dute juristek Entzutegi Nazionalak presoei etxetik gertu dagoen kartzela batera eramateko eskaera atzera bota dielako, “batetik Europako giza eskubideen arloko jurisprudentziaz erakutsi duten ezjakintasunarengatik; bestetik, epaia ez delako egokitzen euskal jendartearen egungo egoera sozial eta politikoari”.
Aldi berean, publikoki salatu dute beste herrialde batzutan betetako kartzela zigorren kontaketa zehazten duen Europako Erabaki markoari buruz espainiar epaitegiek duten jarrera; “Kezkatzeko modukoa da, erabaki hori beteko balute, preso batzuk jadanik etxean edo askatzear liratekeelako. Entzutegi Nazionaleko 11 epailek 9ren aurka erabaki zuten Europako Justizia epaitegiari ez galdetzea, zuzentarau horren aplikazio murriztailea Europako irizpideen aurkakoa den ala ez”. Abando Hotelean prentsaurrekoa eman duten juristen iritziz, ”jasotako zigorra erabat beteta duen pertsonak libre izateko duen eskubidea zapuzten ari da Audientzia Nazionala. Gainera, gizatasun aldetik neurri oso gogorra dela deritzogu, kontuan izanik preso horiek kartzelan 20 urte baino gehiago daramatzatela eta 40-60 urte artekoak direla”.
Salbuespen neurriak indargabetzeko eskatu dute legelariek, “legedia nahita presoen eskubideen aurka behartzeari eta makurtzeari uzteko. Izan ere, gure ustez, egungo legediari dagokion kartzela politika soila bera aurrerapausoa litzateke, jendarteak sarri aldarrikatu eta hainbeste desiratzen duen bake eskenatokira iristeko bidean lagungarri”.
- Begoña Atxa
- Juan Maria Bidarte
- Felix Cañada
- Amaia Izko
- Iñigo Santxo
- Juan Daniel Barandiaran
- Nazario Oleaga
- Iñaki Lasagabaster
- Arantxa Itsasmendi
- Begoña Crespo
- Mikel de la Fuente
- Iñigo Urrutia
Sare Ibarrak bertso afari arrakastatsua antolatu zuen
Amets Arzallusek eta Igor Elortzak saio biribila egin zuten Ibarran, atzo gauean. Afaldarrak barrez lehertzen jarri zituzten, izan ere, umorea izan zen bertso saioaren ardatza. Gaiek horretan lagundu egin zuten, eta bertsolarien eta afaldarren artean giro berezia sortu zen. Lapurtarra eta bizkaitarra gustura egon ziren bertsotan, eta hori nabarmena izan zen, entzuleekin batera eurak ere barreari ezin eutsiz ibili baitziren hainbat alditan. Gozatzeko moduko saio borobila. Eta antolatzaile batek esan zuen bezala, saioa bera bakarrik 15 euro ordaintzeko modukoa izan da. Bikaina.
Sarek antolatutako bertso-afarian Gari Ibarluzea iheslari politiko ibartarrak ere parte hartu zuen, Londrestik gaia jarriz.
Bestalde, Ibarrako Sarek herri batzarra antolatu du azaroaren 3an, asteartean. 19:30ean Kultur Etxera azaltzeko deia egin dute. Eguberriak gainean direnez, egun horien inguruko ekimenez hitz egiteko izango da batzar irekia.
Kronikaren egilea eta argazkia: Tolosaldeako Ataria
Sareren I. Batzar Orokorra burutu dugu
Ehun sarekide baino gehiago elkartu gara, gaur goizean, Miramonen Sareren I. Batzar Orokorrean, Sarearen ardatz eta ildo nagusiak finkatzeko zein ondorengo hilabeteetako plangintza adosteko. Argi adierazi dute berriro parte hartu dutenek Giza Eskubideen, Konponbidearen eta Bakearen aldeko Sare-ren konpromisoa.
Gainera, hasieratik sarekideek defenditu dute urgentzia handiko lehentasuna dela pertsona guztien giza eskubideen errespetua, horrek ekarriko baitu herri honek hainbeste desio duen bake eszenatokia.
Batzarraren ondoren Teresa Toda eta Joseba Azkarraga bozeramaileek salatu dute Espainiako epaitegiek berriro bizkarra eman dietela euskal gizartearen eskaerei eta Europako Giza Eskubideen Epaitegiaren irizpideei. “Entzutegi Nazionalak atzera bota ditu Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko eskatuz zenbait presok egindako helegiteak. Berriro ere, euskal gizartea, oro har eskatzen ari denari kontra egin diote Espainiar Gobernu eta epaitegiek”.
Entzutegi Nazionak berak aitortu du Barne ministerioari dagokiola presoak Euskal Herrira ekartzeko erabakia. “Beraz aspalditik esan duguna, baieztatu du horrek, hau da, Barne ministerioaren agindu politikoa dela Europako epaitegien irizpideak ez jarraitzeko erabakia, ez juridikoa”.
Teresa Todak nabarmendu du presoen sakabanaketa legez kanpokoa dela Europako legediaren baitan. “Espainiar epaileek jakin badakite hori, baina prozesua luzatzen ari dira eta ez dituzte Europako irizpideak betetzen. Jarrera ez da berria, salbuespenak eta jasotako zigorra gogortzen duten neurri eta betebeharrak ezarri dizkiete presoei”.
“Sarri erabili du Espainiako Barne ministerioak Entzutegi Nazionala konponbidearen aurka, behin eta berriro jarri dizkiote harritzarrak euskal gizartearen bake nahiari, baina denok batera tiratzen badugu mugituko dira, eta berandu baino lehen iritsiko da hainbeste espero dugun konponbidea” esan du Teresa Todak.
“3,2,1… Herritarren Sarearen helburu, lan ildo eta ardatzak laburbiltzen dituen Iritsi da ordua” dokumentua aztertu dute elkartu direnek. Honekin batera ondorengo hilabeteetarako lan plangintza ere jorratu dute batzarrean, batetik urtarrilaren 9ko manifestazioari begira, eta baita egun horretatik aurrera abian jarriko den dinamikari ere.
Kutxa espazioko Eureka eraikinean burutu den Batzarrean ageriko ondorioa izan da, egoeraren egungo blokeoa herritarren aktibazioaren bidez gaindituko dela, hau da, Madril eta Parisen jarrera itxiaren aurrean, behar beharrezkoa dela behin eta berriro aldarrikatzea; herritarren artean gai horien inguruan dagoen adostasuna konpromiso bilakatzea, eta, guztiak ahalegintzea.
Bide horretan hurrengo pausua izango da, urtarrilaren 9 arratsalderako Bilbon eta Baionan Bagoaz eta Sarek elkarrekin burutuko dugun manifestazioa. Sarekideok bileraren amaieran deialdia luzatu diegu herritarrei mobilizazio honetan partehartzeko. Eta konkretuki, hiru aldarrikapen zehatz nabarmendu dituzte: presoen dispertsioarekin amaitzea, gaixotasun larriak dituztenak askatzea eta aplikatzen zaizkien salbuespen neurri eta legeak indargabetzea.
Manifestazioa ondorengo hilabetetako ahaleginaren abiapuntua izango dela nabarmendu dugu batzarrean. Presoen eta iheslarien egoera eta baldintzak hain latzak izanik segituko dugu pentsaera ezberdineko pertsonak guregana elkartzen Gobernuko arduradunek salbuespen neurriak kendu ditzaten lan egiteko, zein lehenengo pausu gisa, behingoz gaixo dauden presoak askatu eta besteak Euskal Herrira ekartzeko.
> Prentsan bildutakoak
Berria
Herritarren aktibazio bila joko du Sarek
Batzarra egin dute Donostian, lan ildo nagusiak zehazteko. Lan egutegia ere finkatu dute, urtarrilaren 9ko mobilizazioa gogoan.
Noticias de Gizpukoa
Sare censura la conexión entre Interior y los jueces.
El colectivo afirma que la Audiencia Nacional “ha vuelto a dar la espalda” al deseo de la mayoría de la sociedad vasca.
Naiz-Gara
Sare subraya la importancia de las citas del 9 de enero al no esperar «nada» de los tribunales españoles.
La red ciudadana Sare ha reiterado que no espera nada de los tribunales españoles, «a la vista de la estrecha colaboración entre el Ministerio del Interior y algunos jueces en contra de la paz», y ha insistido en que la dispersión de presos vascos es «ilegal en el marco de la jurisprudencia europea».
Gaixo dauden presoen oinarrizko eskubideei eraso bortitzak
Ibon Iparragirre ihesarekin bizi duen euskal presoarekin darabilten jokabide eta jarrera oso larria iruditzen zaigu.
Bilbora ekarri dute epaiketa batetara egun batzuetarako eta segituan berriro dispertsatu dute gaixotasun larria duen pertsona bati zor zaion arreta eta begirunerik izan gabe. Alcala-Mecoko espetxera eraman dute egun hauetan Bilboko Etxera-gunean zein beste foro batzuetan askatu dezaten edo behintzat, baldintzapeko askatasuna tramitatu bitartean Euskal Herriko espetxe batean artatua izan dadila proposatuz egindako eskaerei muzin eginez.
Aipagarria da Ibon Iparragirre Ondarruko presoaren kasua: 2011. urtean onartu zion epaileak 100.2 artikulua eta espetxealdi arindua, baina 2014an berriro atxilotu eta Madrileko espetxetara eraman zuten Valdemorora lehenengo eta Alcalara gero. Ordutik, bere gaixotasunak okerrera egin du, egoera larrian dago, itxu gertatzen ari da, baina jada kartzeletako arduradun eta epaileek ez dute bere giza eskubideak errespetatzeko asmorik erakusten.
Europako Giza Eskubideen epaitegiak zenbait kasutan ebatzi du sakabanaketak pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen dituela, baina espainiar agintariek ebazpen horiek saihesten saiatzen dira. Legez kanpokoa da larriki gaixorik dauden pertsonak kartzelan edukitzea ere. Ibon Iparragirre eta gaixotasun larriak dituzte beste 10 euskal presoren bizitza dago jokoan.
Dena den, Espainiar gobernuak entzungor egiten dio euskal gizartearen eskaerei eta beraz, behar beharrezkoa da herritarren aktibazio behingoz giza eskubideei eta konponbideari oztoporik jarri ez diezaioten. Egia esan, hainbat ekimen burutzen ari dira pertsona hauen alde, esaterako aste betean Bilboko plaza zirkularrean hainbat ekintza burutu dira Etxera gunean gaixotasun larriak dituzten presoen egoera latza ezagutarazteko. Bestalde, urrian zenbait erakundek eskatu dute gaixorik diren presoak askatzeko, Iñigo Urkulu lehendakariak berak eta Gasteizko parlamentuak besteak beste.
Urriaren hasieran Errenteria-Oreetan kolore ezberdineko hainbat ordezkari politikok bat egin zuen Basaurin larriki gaixo daukaten Aitzol Gogorza askatzeko eskaerarekin, tartean Julen Mendoza alkateak eta Ezker abertzaleko, EAJko, eta PSEko zinegotzi ohiek. PPko Txema Herzog-ek ere interesa adierazi zuen.
Aurreko astean berriz, Lea Artibaiko Udalek hartu dute lekukoa. Zazpi udalek aho batez eskatu dute gaixo dauden presoak askatzeko, hain juxtu, Ondarroa, Munitibar, Mendexa, Berriatua, Markina-Xemein, Aulesti eta Lekeitioko udaletan EH Bildu eta EAJko ordezkariek. Ibon Iparragirre presoari buruz, aske geratu bitartean, Euskal Herriko espetxe batean eta konfiantzazko mediku batek artatua egon dadila exijitu dute. Salatu dute kartzelako baldintzek presoen osasun egoera okertzen eta senideen egonezina areagotzen dutela. Azken finean pertsona orok dituen eskubideak ukatzen zaizkie.
Egoera honen aurrean Sarek berresten du egoera larri hauek salatzen eta giza eskubideak defenditzen jarraituko duela baina nazioarteko mailan ere. Horrekin batera, behar beharrezko jotzen dugu herritarron konpromisoa eta parte hartze aktiboa inmobilismoari aurre egiteko.
Urola ikastolako irakasleek Azkoitiko giza-sarearekin bat!
Hil honetan Urola ikastolako irakasleek egiten dute deialdea Giza Sarera eta beraiena izango da protagonismoa. Ostirala 30- 19etan eliz ataritik.
Mugi daitezen harriak!
Urte asko, urte gehiegi igaro ditugu labirintoan. Irteera sumatu ezinik. Handik aterako gintuen hariaren bila. Baina, urte askoren buruan, azkenean aurkitu egin dugu! Hari argia. Argi izpia. Irteera aldera goaz orain, aterabidearen hurbiltasunarekin eta itxaropenarekin. Nor bere hari zatiari helduta.
Baina, ibilbidean aurrera, hainbat harri agertu zaizkigu. Hainbat behaztopa harri etsigarri. Batzuk ttikiak dira, baztertzen errazak. Beste batzuk mugituko baditugu, esku askoren laguntza behar. Baina badira harri puska mugigaitzak ere. Alimalekoak. Labirintoa labirintikoago egiten dutenak, irteeraren poztasuna zapuzten dutenak.
Baina harriak ez daki nire haria hariagoa dela zurearekin lotuz gero, eta guztion hariak harilkatuta, soka bat sortzen dela. Zenbat eta hari gehiago lortu, zenbat eta hari gehiago lotu, orduan eta sokagoa da soka, sendoagoa, gotorragoa. Eta hamaika hari finez osatutako soka irmoaz harria bilduta, denok norabide berean, tira handik eta tira hemendik, kirrikilun-karrakilun, harria mugitzea lortu dugu. Eta bidea zabaltzearekin batera, konkorra gutxitu egin zaigu eta tenteago goaz gu, zuzenago, zeren urte asko, urte gehiegi igaro baitigugu labirintoan, zama handiegiarekin.
Eta urrun ditugunekiko hurbiltasunak eta itxaropenak bultzatzen gaituzte irteerarantz.
Tras muchos, demasiados años vacilantes en el laberinto, por fin hemos dado con el hilo que nos guiará a la salida. Algunas rocas, algunos pedruscos todavía pueden dificultarnos el camino, pero no saben que mi hilo es más fuerte si lo hilvano con el tuyo, y que cuantos más hilos unamos, más gruesa y resistente será la cuerda que logremos. Con ella y con el ánimo que nos ofrece la cercanía que sentimos por los que están tan lejos, conseguiremos liberar el camino y, aligerados y esperanzados, llegar por fin a la salida.
Leloa: Julio Soto, bertsolaria.
Testua: Patxi Zubizarreta, idazlea.

[otw_shortcode_button href="http://sare.eus/wp-content/uploads/2015/10/kartela-nagusia.jpg" size="medium" bgcolor="#ff4b44" icon_type="general foundicon-down-arrow" icon_position="left" shape="square" text_color="#fff" target="_blank"]Kartela jeitsi[/otw_shortcode_button]
Sare Gernikak "Ispilue proiektua" aurkeztu du
Gaur, urriak 23, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarrak 2015ko urritik eta 2016ko ekaina bitartean garatuko duen "Ispilue proiektua"-ren aurkezpen ekitaldia dugu.
Berton, iazko balantzearen ondorio nagusiak konpartitu nahi ditugu, aurrena:
- SARE ezagutzera emon dugula uste dugu eta dispertsioa amaitzeko helburua konpartitzen dugunon arteko sarea martxan jarri, parte hartze garrantzitsuarekin.
- Dispertsioaren eta bestelako salbuespen neurrien ezagutzan eta sentsibilizazioan urratsak eman ditugu.
Egun gurean 7 preso daude etxetik urrun, sakabanatuta, beraiei eta euren senideei ez-legezko zigor gehigarri baten erruz:
- Jabi Abaunza Martinez, Moulins-Yzeure. 790 km.
- Kepa Arronategi Azurmendi. Almeria. 980 km.
- Ibon Goieaskoetxea Arronategi. Fleury-Megoris. 900 km.
- Eneko Goieaskoetxea Arronategi. Alcala-Meco. 430 km.
- Iñaki Dominguez Atxalandabaso. Jaen. 745 km.
- Oier Goitia Abadia. Murtzia. 800 km.
- Jone Amezaga Arriaga. Brieva (Avila). 445 km.
Ikasturte honetan ere erronka latza daukagula ondorioztatzen dugu: dispertsioa amaitu dadin behingoz egoera gordin hori ezagutzera ematen segitzeaz gain, sarekideak aktibatu behar garela deritzogu, gutako bakoitzak egunen baten dispertsioa amaitzeko helburua bete dadin inplikatuz, eta horrela, euskal gatazkaren behin betiko konponbidean urrats berriak ezagut ditzagun lagunduz.
Nolakoa izango da Ispilue proiektue? Bada, gaur ez dakargu erantzunik, proiektu zabal baten margoak izan daitezkenak dakarzkigu, sarekide guztion artean margoztu dezagun helburura eramango gaituen bidea. Beraz:
1. Ederra litzake alor desberdinetako jendea inplikatzea.
2. Sarekideen ekimena da proiektu honen motorra.
3. Ezinbestekoa da aniztasuna lantzea, desberdinen arteko sarea zabaltzea.
4. Gaur ez ditugun tresnak bidean sortuko ditugu.
5. Gure lana kaleratuko dugu. Hor datoz Gabonak; egutegian leku bat gordeko diogu urtarrilaren 9ko manifestazioari; eta ikasturteari amaiera ona emateko, helburua lortu izana erakusteko gogoz egongo gara.
Gaurko gure mezua ulertu duzuen esperantzan, proiektu honen lehenengo urratsa azaroaren 7an emango dogu, Astran beren beregi antolatuko dugun mintegian. Bihotz eta buruak ideekin beteta, eta hankak eta eskuak lanerako prest etorri zaitezten nahi genuke.
Eduardo Galeano idazle uruguayarraren "Espejos" liburua Xabier Alegria Loinaz Cadizgo Puerto III-ko espetxean preso zegoela euskarara itzuli bezala...
Ispiluak jendez lepo.
Ikusezinek gaituzte ikusten.
Ahantziek oroitzen.
Gure burua ikustean, haiek ditugu ikusten.
Gu joatean, badoaz?
Etxeragunea, larriki gaixorik dauden presoak etxera!
Ibon Iparragirre Burgoa euskal presoa Madrilgo Alcala-ko espetxetik Euskal Herrira ekarri dute epaiketa batera. Gaixo dagoen presoetako bat da, -ihesa dauka ibonek-, 2011. urtean epaileak espetxealdi arindua ezarri zion, 100.2 artikulua aplikatuz, bere gaixotasunari behar bezalako tratamendua eman ahal izateko.
2014. urtean, ordea, berriz atxilotu eta dispertsatu egin zuten Ibon; geroztik Madrileko Valdemoron lehenengo Alcalan gero preso izan dute eta bere gaixotasunak okerrera egin du.
Giza eskubideetaz ari gara, pertsona bat gaixo dagoenean espetxean mantentzeak ez du gizatasunik, eta legearen kontrakoa ere bada. Ibonen kasua horren adibide garbia da: sendaezina den gaixotasun bategatik 100.2 artikulua aplikatu zioten, espetxe arindua ezarri -espetxea ez zelako tokirik egokiena tratamendurako- eta urte batzuetara erabaki judizial hori aldatu eta espetxeratu egin zuten.
Honengatik guztiarengatik SAREk Ibonen eta gaixo dauden preso guztien askatasuna eskatzen du, euren bizitza eskubidea bermatua izan dadin, eta askatasunak ebazten diren bitartean preso guztien Euskal Herriratzea exijitzen dugu. Nahikoa da, ez dezatela presoen bizitzarekin jolastu!
Euskal jendarteak sufrimenduari ateak itxi nahi dizkio, giza eskubide guztien errespetua aldarrikatu, baita preso daudenena, eta konponbideranzko urratsak eman nahi ditugu. Horretan arituko gara Sarekideok, borondateak batu eta gobernuen inplikazio aktiboa eskatzen bake eskenatoki baterantz bideratzeko.
Honengatik guztiagatik, SARE-k, bat egiten du Bilboko Plaza Zirkularrean antolatuta dagoen Etxera-gunearekin, uste dugulako herritarron konpromisoa eta parte hartze aktiboa ezinbestekoa dela inmobilismoa mugiarazteko.





















