sarenaiz

Julen Mendoza Errentariako alkatea Aitzol Gogorza Larriki gaixo dagoen Presoa bisitatzera joan da

Sare Herritarrak pozez hartu du Oreretan abiatutako iniziatiba instituzional honi esker Julen Mendoza alkateak larriki gaixo diren herriko presoak bisitatzeko hartutako erabakia. Pozez hartu dugu, abiatutako bideak fruituak eman dituelako eta indar politiko nagusien babesa jaso duelako. Bada denbora Sare Herritarrak jendartearen gehiengo diren aldarri eta eskariak instituzioetara eramaten dituela eta eginiko lan honen ondorioz bai Nafarroako zein EAEko Parlamentuetan urruntze politika aldatzeko eta gaixo larrien kaleratzea eskatzeko adierazpenak onartzea lortu da. Bide honi jarriki, azken hilabeteetan eta baita datozenetan ere herrietara iniziatiba hau ekarri dugu eta gaurko hau horren adibide da. Saretik benetan garrantzitsua iruditzen zaigu gizarte aktibazioan egiten dugun lan hori instituzioetara eramatea, bi bideak elkarlanean espetxe politika honekin amaitzeko beharrezkoak baitira.


EIBARKO 3. BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA

Eibarko SAREk 2016an, EIBARKO 1. BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA antolatu zuen #STOP DISPERTSIOA / IBON ETXERA! kanpañaren barruan.

Zoritxarrez gauzak ez dira batere aldatu: Ibon Muñoak kartzelan jarraitzen du, Euskal Herritik oso urrun, CORDOBAn (800kmra) eta salbuespeneko legediaren menpe, 1. graduan, isolamenduan, egunaren 20 ordu ziegan pasatzen ditu, (2. gradua sistematikoki ukatzen diote) eta gainera, bere zigorraren ¾k beteak izanik baldintzapeko askatasunean, bere ETXEAN egoteko eskubidea duenean.

Eta egoera hau, egoera sinestezin hau salatzeko, gure kanpañarekin aurrera jo beste erremediorik ez daukagunez, beste ekimen batzuen artean, azaroaren 17an, 11.30etan, Untzaga plazan egingo den EIBARKO 3. BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA antolatu dugu.

Honen berri emanez, eta euren partaidetza ezinbestekoa iruditzen zaigulako, Eibarko elkarte guztietara gutunak bidali ditugu dagoeneko. Aurreko urteetan oso ondo pasatu dugu, giro ezin hobean, eta aurten berdin gertatzea espero dugu.


Zozketaren zenbaki saridunak!

Lehengo saria Altsasun banatua. Irabazleak aurkitu ditugu

Bigarren saria Elorrion banatua.  Irabazlea aurkitu dugu

Hirugarren saria Berangon banatua.  Irabazlea aurkitu dugu


Estrasburgok gaur zigorren batuketaren inguruan atera duen epaiaren gainerako balorazio egin du Sare Herritarrak.

Sare Herritarrak arduraz hartzen du epaia, ebazpena aldekoa dela ulertuta, baina honen irakurketari dagokionean ez da esperotakoa izan. Izan ere, giza eskubideak urratzea bermatzen duela ulertzen du Sarek, Estatu batean zein bestean oinarri berdinaren baitan betetako zigorrak kontuan hartzeari uko egiten dio, ondorioz, euskal presoek euren zigorra birritan betetzen jarraitu beharko dute, sententziak, prozedura judiziala okerra izan dela onartu arren.

Sare Herritarraren ustetan epai honek sufrimendua areagotu eta presoen auziari irtenbidea emateko urratsak baino oztopoak dakartza, mendekuan oinarritzen den lege bati aurre egin eta justiziaz jokatzeko eskatu beharrean, beste aldera begiratu eta egoera hau bere horretan mantentzea dakar.

Era berean Espainiar estatuari zigorrak luzatzea dakarren lege injustu hau bertan behera uzteko eskatzen du Sare Herritarrak, mendekua eta gorrotoa alboratu eta elkarbizitza eta bakea ahalbidetuko dituen egoera eraikitze bidean lagun izan dadin. Zentzu honetan, Espainiar kongresuko ordezkariei ere dei egiten diegu norantza honetan jardun eta europako araudiaren ezarpena aplikatzearen alde egiteko, aurrera urratsak ematearen alde ekiteko.

Sarek gogorarazi nahi du euskal jendartearen gehiengoak argi adierazi duela aurrera urratsak emateko garaia dela eta euskal presoen auziari, mendeku dinamika batetik aldenduz, irtenbidea emateko beharra dagoela elkarbizitzan oinarritzen den jendartea osatu ahal izateko. Nabarmendu du 40.000 lagun batu zirela Donostian joan den larunbatean espetxe politika hau aldatzeko nahiak batuta, orain arteko manifestaziorik anitzenean. Bide honi eutsi eta elkarrekin lanean jarraitzeko deia luzatu nahi du eta bide batez, jendarteari gaurko egunerako herrietan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera animatu.


40.000 lagun inguru batu dira Donostian orain arteko manifestazio anitzenean

“Gaur hemen lortu dugun aniztasuna eta elkartasuna aurrera begirako bidean lagun izan dezagun”

Orain Presoak dinamikako kideek manifestazio amaieran eginiko irakurketan gaurko ekitaldietan lortutako aniztasuna eta parte hartzea azpimarratu dute eta aurrerantzean ere indar eta batasun berarekin lan egiten jarraitzeko deia zabaldu dute.

40.000 lagun inguru batu dira gaur Donostian “garai berri baten aurrean zabaldutako aukera berriak probestu” eta elkarbizitzaren eta espetxe politikaren aldaketaren aldeko topaleku bilakatu diren ekimenetan. Arratsaldeko 16:00etan Miramar Jauregian batu dira alderdi, sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariak Felix Arrieta eta Anaiz Funosas Orain Presoak dinamikako sinatzaileek hitza hartu duten elkarbizitzaren aldeko ekitaldian. Bertan s̈ ufrimendu eta min handia pairatu” duen herria garela azpimarratu duten arren, aurrera begira jartzeko unea dela adierazi dute, ondorengoei “gizarte hobea utzi behar” diegula, eta guztiei dagokigula “hau eraikitzea, guri dagokigu zauriak ixteko bideari ekitea eta horretarako sufrimendu guztiekin amaitu eta elkarbizitza ahalbidetzeko baldintzak sortzea”.

Miramar Jauregia gauzatu den ekitaldian EAJ, EH Bildu, Podemos Euskadi, EH Bai eta EELV alderdietako ordezkariak izan dira, baita sindikatuenak ere (ELA, LAB, CCOO, UGT, STEEILAS, ESK, EHNE/ETXALDE ETA HIRU). Horiekin batera hainbat eragileetako ordezkariak ere batu dira (Bake Artisauan, Sare, Etxerat, Foro Soziala, Bagoaz, Bake Bidea) eta gizarte zibileko hainbat kide, tartean, Pili Zabala, Ane Muguruza, Peru del Hoyo, Laura Pego edota Julen Madariaga. (Gonbidatuen zerrenda bere osotasunean atxikita duzue).

Arratsaldeko 17:00etan Antiguako tuneletik abiatu den manifestazioan 40.000 lagun inguru batu ditu, orain artean espetxe politikaren aldaketaren alde egin den manifestaziorik anitzena izan delarik gaurkoa, ordezkaritza zabala dela eta. Orain Presoak dinamikako kideek euren poza eta esker ona adierazi dute manifestazioaren amaierako ekitaldian bertaratutako milaka lagunengatik, parte hartu duen ordezkaritzagatik eta herriz herri eginiko lanagatik eta gogoratu dute “garai berri baten aurrean aurkitzen” garela “bakean eta elkarbizitzan aurrera egiteko aukera ezin hobeak” zabaltzen dituen aukera historiko baten aurrean. Zentzu honetan, “bidea hasi baino ez” dela egin ziurtatu dute eta “gaur hemen lortu dugun aniztasuna eta elkartasuna aurrera begirako bidean lagun izan” dadin lanean jarraitzeko deia egin dute Arantza Aldezabal eta Laura Gomez Orain Presoak dinamikako kideek.

Aldezabal eta Gomezen hitzartzeen aurretik, Michel Berhokogoien Bakegileak hartu du hitza, Iparraldean Bake Artisauen eginiko ibilbidea, Orain Presoak dinamikaren aitzindari izan dena, azaldu eta eginiko lanaren etekinak goraipatu eta gizarte zibilaren aktibazioaren balioa eta beharra azpimarratuz. Lehen aldia da, Bake Artisauan atxilotuak izan zirenetik, Michel Berhokogoienek hegoaldean hitza hartzen duena, orain artean muga pasatzea ezinezkoa baitzuen.

Manifestazioko parte hartzaileak zorionduz eta eskerrak emanaz agurtu dira Orain Presoak dinamikako kideak “benetan batzen gaituen oinarri baten alde elkarrekin lan egitea beharrezkoa bezain aberasgarria” dela esanaz.

 

¡Necesitamos ayuda en la defensa de los derechos humanos!

Si quieres tomar parte en la red y realizar una aportación económica, te invitamos a ser SOCIX, a ser Sare

Ser Sare


Orain Presoak Miramar jauregiko ekitaldia eta Manifestazioa Zuzenean

11:30 | Bulebarrean | OLATZ IGLESIAS

Egunon denoi. Ostegunean ohar bidez adierazi genuen moduan, Orain Presoak dinamikako kideok oso pozik gaude gaurko ekitaldietarako jaso dugun harrera ona dela eta. Batetik, orain artean izan den manifestazio anitzena izango delako gaur 17etan Donostiako kaleak zeharkatuko dituena, eta bestetik, herrietatik jasotako azken datuen arabera 85tik gora direlako arratsaldean hona etorriko diren autobusak, beraz, anitza ez ezik jendetsua ere izatea espero dugu. Hilabeteak daramatzagu dinamika honen baitan lanean eta gogotsu gaude gaurko egunarekin, herriz herri eginiko harreman eta saretze lanen lehen erakusleiho bat izatea espero baitugu.

Horren erakusle da EAJk, EH Bilduk edota Podemos Euskadik ordezkaritza bat ekartzeko hartutako konpromisoa eta baita, bereziki azpimarragarria, sindikatu guztien atxikimendua ere. Ideologia eta lan eremu ezberdineko jende anitza bilduko gara gaur elkarbizitzaren aldeko eta espetxe politika aldatzearen aldeko ekimen honetan. Eta baita generazio ezberdinetako pertsonak ere, egun ireki den garai berri honen zain izan direnak, sortutako aukerak baliatu nahi dituztenak eta oraina zein geroa aurretik dutenak, elkarbizitzan eta bakean eraikitzeko.

Guztiok garela ezinbesteko esan dugu eta esaten jarraitzen dugu, hala sinetsita baikaude. Eta horrexegatik, azken dei hau egin nahi dugu, herritar guztiei zuzenduta, gaur arratsaldeko 17:00etan Antiguako tunelera gerturatu eta Orain Presoak lelopean abiatuko den manifestazioan parte hartu dezaten.

Miramar Jauregia | Elkarbizitza | Convivencia | Cohabitation | Convivence

Orain Presoak manifestazioaren iritsiera eta ekitaldia

 


Oharra urriaren 20an Miramar Jauregian egingo den ekitaldian izango diren gonbidatuen berri emateko:

Orain Presoak dinamikako kideok larunbat honetan Miramar Jauregian antolatu dugun elkarbizitzaren aldeko ekitaldian parte hartuko duten alderdi eta sindikatuen berri eman nahi dugu. Izan ere, garrantzitsua deritzogu Miramar Jauregian batuko den ordezkaritza baita, norbanakoak ez ezik, hainbat alderdi eta sindikaturen batasuna irudikatzeko sortuko den aukera.

Elkarrekin lan egiteko garaia dela uste dugu eta atzo Aieten adierazi bezala, lan handia egin dugun arren, badauzkagu egiteke batzuk oraindik ere, guztiak elkarrekin egitekoak. Bide horretan kokatzen dugu presoen gaiari irtenbidea ematea eta elkarbizitzaren norabidean pausuak ematea…

Miramar Jauregian antolatutako ekitaldirako zabaldutako gonbidapenek harrera ona izan dutela adierazi nahi dugu, sindikatu guztiak egoteaz gain (ELA, LAB, CCOO, UGT, STEEILAS, ESK, EHNE, HIRU, ETXALDE), talde politikoei dagokionean ere, herritarren gehiengo bat ordezkatzen duten alderdiak batuko baitira (EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Geroa Bai, EH Bai, EELV). Horrez gain, Bake Artisauak, Sare, Etxerat, Foro Soziala, Bake Bidea eta Bagoazeko ordezkaritza ere bertan izango da, besteak beste.

Pozez adierazi nahi dugu, orain artean izan den manifestaziorik anitzena izango dela eta honekin batera, ohar hau probestu nahi dugu larunbatean bertan Antiguako Tuneletik arratsaldeko 17:00etan irtengo den manifestaziorako azken deialdia egiteko, gizarte zibilaren aktibazioa ezinbestekoa dela baiteritzogu presoen egoera konpontzeko.


Sare Herritarrak Karlos Apeztegiaren atxiloketa eta ondorengo espetxeratzearen aurrean hurrengoa adierazi nahi du:

Bakerako eta elkarbizitzarako urratsak emateko garai baten aurrean gauden honetan, atxiloketa eta espetxeratze hau ulergaitza egiten zaigu. Atzera garamatza. Urteetako sufrimenduaren amaitzeko une historiko baten aurrean gauden honetan, aurreko egoera bortitza mantendu eta hain beharrezkoa dugun elkarbizitza egoera bat zapuzteko ekintza gisa baino ezin ulertu genezake Apeztegiaren espetxeratzea. Espainiarko Gobernu berriari aurrekoak hasitako mendekuan oinarritutako politikarekin ez jarraitzeko eskatu diogu behin eta berriro, jendartearen gehiengoaren behar eta nahiei erantzuteko ordua dela eta giza eskubideen errespetuan, bakearen eta elkarbizitzaren alde, zein konponbide bidean aurrera urratsak emateko balentriaz jokatzeko garaia dela azpimarratuz. Atxiloketa eta espetxeratze hau ordea, norabide horren aurka doa eta zentzu horretan gogor salatzen dugu eta argi adierazi bakearen norantzan aurka doan erabaki bati erantzuten diola, herritarrok elkarbizitzaren alde ematen ari garen urratsen aurkakoa da.

Karlos Apeztegiak 22 urteko espetxe zigorra bete du, urte gehienak senideengandik milaka kilometrotara urrundua Andaluziako espetxeetan, eta mendekuzko espetxe politikaren neurri zorrotzenak jasanaz. 2013an kondena bere osotasunean bete ostean eskuratu zuen askatasuna. Orain, Audientzia Nazionalak berriro ere espetxeratzea erabaki du, bere aurkako inolako sententziarik ez izan arren, akusazioa besterik ez. Apeztegia, egun, Etxerat Elkarteko kidea da eta Etxeratek berak adierazi duen moduan frantziar Estatuan dauden euskal presoen senideei laguntza tekniko zein humanoa emateaz arduratzen zen.

Sare Herritarrak babes eta animo mezua helarazi nahi die Karlos Apeztegiren senide eta lagunei eta bere konpromisoa adierazi orain arteko bidean lan egiteko jarraitzeko. Honekin batera, herritar oro, edozein delarik bere ideologia ere, larunbat honetan Orain Presoak dinamikako kideek Donostian deitu duten manifestazioan parte hartzera deitzen du, espetxe politika aldatu eta halako gertakariekin amaitzea ezinbestekoa baita elkarbizitza eta bakearen oinarriak eraikitzeko. Gutako bakoitzak larunbaten Donostian emango duen urrats bana, elkarbizitzaren aldeko pausu izango da.


Bakegileak, Bagoaz eta Bake Bidea elkarteek Urriaren 20an Donostiako manifestaldian parte hartuko dute

«Orain presoak » lemapean urriaren 20-an manifestaldi handi bat antolatua da Donostian. Manifestaldi horren helburua, Espaniar estatua interpelatzea da eta pausuak egin ditzan presoen auzian eskatzea. PSOE-ko gobernamendu berriak  hainbat deklarazio egin zituen uda aintzin presoen hurbilketeri buruz. Geroztik soilik 3 preso mugitu dituzte Euskal Herritik 200km baino gehiogotara dauden Zuera eta Logroñoko presondegietanetara eta ez Euskal Herriratu Zaballako presondegira galdetua den bezala. Gaineratu nahi dugu hauetariko 2 gaixorik diren presoak izanik aske egon behar luketela.

Ez dira hauek Euskal Herriak itxoiten dituen pausoak. Espaniar estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean haren ardurak hartu behar ditu. Inoiz baino gehiago mobilizatzea garrantzitsua da. Aieteko nazioarteko deklarazioaz geroztik, egindako bidea eta eta prozesuaren garapena, mobilizazio sozialari esker izan da eta lorpen garrantzitsuetara ereman gaitu. Hala nola Euskal Delegazioaren eta Frantses Justizia ministroaren  elkarrizketa espazioa irekitzea eta hortik lehen pausoak martxan jartzea.

Guzi horren gatik, gu, Bakegileak , Bagoaz eta Bake Bideak manifestaldi honetan parte hartuko dugu eta deia luzatzen dugu euskal jendarteari, hautetsi eta eragile orori datorren urriaren 20ko mobilizazioan parte hartzea.


Eremu ezberdinetako Donostiako 50 bat lagun Orain Presoak dinamikarekin bat egin dute

Ekainaren 2an dinamika hau zabaldu genuenean, oso bestelakoa zen Espainiar estatuaren egoera, PP genuen gobernuan eta ez zegoen espetxe politika hau aldatzeko egiazko aukerarik. Gaur berriz, Sanchezen gobernua daukagu agintean, eta bertatik entzuten ditugu ahotsak espetxe politika hau aldatzearen aldekoak dira, eta horren adibide izan daitezkeen bi kasu ere ezagutzen ditugu, baina ezin dugu hitz egin aldaketa hoiek eman direnik edota aldaketarik egon denik.

Entzun dugu, Europatik ere espetxe politikak ezin horrela jarraitu dezakeela esan diezaioken epaila ere badatorkigula. Baina gaur egun, urte luzeetan oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzen dituen espetxe politika bat daukagu indarrean. Urrunketa daukagu indarrean, gaixoak baldintza gogorretan, zigorren batuketaren aplikaziorik gabe eta ia preso guztiak lehen graduan.

Horregatik Urriaren 20rako deialdia oraindik eta garrantzitsuagoa iruditzen zaigu, benetan irudikatu dezakegulako gehiengo zabal batek espetxe politika honen aldaketa desio duela. Horrela ikusten ari gara herriz herri, baita Donostian ere, norbanakoen atxikimenduekin eta baita udaletan onartzen ari diren mozioekin ere. PSE, EAJ , EhBildu eta Irabaziren bozkekin atera genuen aurrera, eta horrek Donostiarron %80a edo gehiagoren babesa irudikatzen du.

Bestetik, garrantzi berezia ematen diogu, ain beharrezkoa zaigun elkarbizitza eta bakearen aldeko ekitaldiari. Elkarbizitzaren alde lanean egon diren edota prest dauden norbanako desberdinak gonbidatuak bertan izatea ilusio handiz jaso dugu.

Gaur hemendik, 50 bat Donostiarrok, Urriaren 20ean ORAIN PRESOAK lelopean 17:00tan abiatuko den manifestazioan parte hartzera dei egiten dizuegu, guretzako ain beharrezkoa den gizarte aktiboa irudikatu asmoz, elkarrekin lan egiteko prest gaudela irudikatu asmoz, presoei urratzen zaizkien eskubideen alde gizarte oso bat dagoela ikusarazteko, eta benetan hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea dela esateko.

Donostiar guztiak ere han egon behar dugu elkarbizitza eta bakearen garrantzia azaldu eta giza eskubideak errespetatu eta ORAIN PRESOEN egoera konponbiderantz aldatzeko unea dela azpimarratzeko.