sarenaiz
Espainiako Barne Ministerioren komunikatua eta “Zerga” operazioaren harira Sare Herritarraren oharra:
Espainiako Barne Ministerioak gaur publiko egin duen komunikatuaren eta une honetan irekita duen “Zerga” operazioaren harira Sare Herritarraren oharra:
- Espainiako Estatuk agertutako jarrerak konfrontazio eta sufrimendu egoera mantentzearen aldeko apustu garbia egiten duela erakusten du. Orain arte bizitako iraunkortzearen aldeko apustua.
- Ezer aldatu ez bailitzan, iraganari begira jarraitzen du Estatu espainiarrak, euskal jendarte osoari bizkar emanaz, Euskal Herrian batutako iritzi politiko eta sindikalaren gehiengoaren aurka, mendekuaren eta gorrotoaren politikak aplikatzen jarraitzearen alde egin du.
- Gaurko operazioak argi erakusten du hori. Espetxean zein kalean zigorra bere osotasunean betea izanda ere, giza eskubideen urraketan sakontzen jarraitzen du.
- Maiatzaren 4a geroztik, garai berri bat ireki da Euskal Herrian elkarbizitzan eta bakean bizi ahal izateko. Estatuak ordea, ETAk emandako urrats atzeraezin eta garrantzitsuari iraganeko teknikekin erantzun dio, inmobilismoan, sufrimenduan eta errepresioan sakonduz.
- Sare Herritarrak mendekuan oinarritutako eta giza eskubideen aurkakoa den jarrera eta ekintza hauek gogor salatzen ditu eta dei egiten dio jendarte osoari ireki berri den garai berri hau probestu eta elkarbizitza eta bakearen eraikuntzan aktibo izatera. Sarek lan honetan jarraitzeko konpromisoa du.
Motxiladun umeen erakusketa martxan da
Motxiladun umeek bizi duten errealita eta euren testigantza zuzenak jasotzen dituen erakusketa inauguratu du Sarek.
Sare Herritarrak herriz herri mugitzen joango den Motxiladun Umeen erakusketa martxan jarri du. Exprai artista nafarraren laguntzaz, Motxiladun Umeen errelitatea eta testigantzak jasotzen dituen erakusketa osatu du. Erakusketan Exprai artistak eginiko marrazkiak, errealitatea era grafikoan agertzen duten irudiak eta gune interaktibo bat du erakusketak (audiobisuala, bixita simulatzen duen kristala eta telefonoak, haur bat eta bere amaren arteko telefono deia, …).
Erakusketaren inaugurazioa Azpeitian egin da, erakusketa ikusgai izango den lehen herria, eta sarrera Azpeitiko Alkateak eta Joseba Azkarragak egin dute, alderdi, sindikatu eta abarren konpainian.
Giza eskubideen defentsan laguntza behar dugu!
Gurekin parte hartu eta ekarpen ekonomikoa egin nahi baduzu SAREINA izatera gonbidatzen zaitugu. Izan Sare!
Sare Herritarrak prentsa agerraldia egin du Bilbon ETAren disoluzioaren osteko bere irakurketa egin eta aurrera begirako ikuspegia elkarbanatzeko.
“Elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko preso eta errefuxiatuen eskubide urraketaren aferak ardura kolektiboa izatera igaro behar du, ezinezkoa baita mendekuzkoak eta injustuak diren oinarrien baitan adiskidetutako jendarte bat eraikitzea”
Gaur goizean Sare Herritarrak prentsa agerraldia egin du Bilboko La Bolsa eraikinean ETAren disoluzioaren osteko bere irakurketa egin eta aurrera begirako ikuspegia elkarbanatzeko. Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek “2018ko maiatzaren 4ean ETAk bere azken erabaki” hartu duela eta “desmobilizatu egin” dela ziurtatu dute, gaineratuz, “ETAko militante izan direnak, aske izan ala preso, gaur gaurkoz jada ez dira ETAko kide, baita ondorio penalei dagokionean ere, jada ezin baitute existitzen ez den zerbaiten parte izan”. Bozeramaileek ideia hau argi utzi nahi izan dute, izan ere, haien ustetan “bada oraindik talde armatu baten existentziaz mintzo denik, gero eta zabalagoa den euskal jendartearen eskariei muzin egin asmoz, zeinak presoek bizi duten eskubide urraketarekin amaitu beharra dagoela eta elkarbizitzan bizitzeko prest dagoela aldarrikatzen du”.
Azkarraga eta Atxak ETA existitu den 60 urte hauetan “urteetako indarkeriaren oinazea eta mina” geratzen direla gogorarazi dute, hainbat eta hainbat “biktima eragin izanaren arddura bere gain hartuaz” apirilaren 8ko komunikatuan, adieraziz “indarkeriak ez zuela sekula existitu behar izan”. Horrez gain, gehitu dute, biktima hauei beste indarkerietako biktimak ere gehitu behar zaizkiela eta hauei ere “besteei zor diegun elkartasun eta errespetu bera” zor zaiela.
Agerraldi honen bitartez, Sare Herritarrak maiatzaren 4a gure historian inflexio une bat izan dela eta inflexio une honek berekin batera bi ondorio dakartzala adierazo nahi izan du:
- Lehenik, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko preso eta errefuxiatuen eskubide urraketaren aferak ardura kolektiboa izatera igaro behar du, ezinezkoa baita mendekuzkoak eta injustuak diren oinarrien baitan adiskidetutako jendarte bat eraikitzea, ezta zauriak eta hamarkadetako indarkeriak utzitako ondorioak sendatu gabe ere. Eta horregatik ere, gure instituzioei lehentasunezko gai gisa kokatzeko eta ardura bere gain ere hartzeko exijitzeko unea da.
- Bigarrenik, Estatu espainiarrari erreferentzia zuzena eginez, aurrera urratsik ez eman eta euskal presoen giza eskubideen errespetuari muzin egiteko aitzakien amaiera. Estatuak urteak daramatza ematen den urrats bakoitzeko exijentzia berri bat mahai gainean jarriz bere lege propioa dena ez betetzeko -presoen gerturatzea, larriki gaixo diren edo nagusiak diren presoen kaleratzea, graduen aplikazioa, kasu injustuen berrikustea...-. Jada ez da exijitzeko urratsik geratzen, espetxe politikan urratsak emateko unea da. ETAk bere jarduna amaitutzat eman du, jada amaitu dira aitzakiak, aurrerantzean urratsik eman ezean mendekua eta min injustua sortzen jarraitzeko grina baino ez dira geratzen, bereziki senideek, inolako errurik ez duten horiek, jasaten duten min injustu bat.
Baina gaurko egunean, Sare Herritarrak bereziki hurrengoa esateko deitu du agerraldi hau:
ETA, 2011eko urrian hasi eta 2018ko maiatzaren 4ean amaitutako bidean, aurrera urratsak ematera zerk eraman duenaren arrazoiak albo batera utzita, Sare Herritarrak uste du gizarte zibilak bide guzti honetan izan duen rola balioan jarri behar dela, zeinaren bultzadarik gabe, ziurrenik, amaiera hau ez litzake sekula gauzatuko, edota behinik behin, asko luzatuko litzake denboran beharrezko baldintzak ez izanagatik.
Azkarraga eta Atxak gogorarazi dute 2011ko urriaren 20ko erabakia, besteak beste, gizarte zibileko hainbat eragileren aurretiazko lanaren ostean eman zela, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen babesarekin. 2017Ko apirilaren 8ko armagabetzea ostera “berau egingarri bilakatu zuen artikulatutako gizarte zibil baten arrakasta irudikatu zuen, kasu honetan Iparraldean”.
“Sarek, agerraldi honetan, pasaden maiatzaren 4tik garai berri bat bizitzen hasi garela azpimarratu nahi du. Zentzu honetan, hamarkadetako sufrimenduarekin amaitzeko eta koponbidean, adiskidetzean eta elkarbizitzan aurrera egiteko sortu den aukera paregabe hau galtzen ez uzteko gonbita luzatu nahi diogu, beste behin ere, gizarte zibilari eta euskal zein espainiar instituzioei”.
Sareko bozeramaileek adierazi dutenez “generazio berri honek guk gure nagusiengandik jaso genuena baino jendarte hobe bat merezi dute. Eta horregatik, gizarte zibila da instituzio, alderdi eta sindikatuekin batera, arduraz eta prespektibaz jokatu behar duena. Garai berri honetan ezin da inor bazterrean geratu”.
ORAIN PRESOAK.
Helburu hau da, une honetatik aurrera, Sare osatzen dugun pertsonon indar guztia mugiaraziko duena. Izan ere, espetxeetako aferari irtenbidea jartzen ez diogun bitartean, euskal presoen eskubideak urratzen jarraitzen diren bitartean, presoen senideak urruntze politikarekin zigortuak izaten jarraitzen duten bitartean, salbuespen legedia aplikatzen jarraitzen den bitartean edota espetxeetan presoak hiltzen jarraitzen duten bitartean ezingo baita benetako bakeaz eta elkarbizitzaz hitz egin.
Sareren lana, une honetatik aurrera, gizarte zibilaren aktibazioa izango da. Gizarte zibilari aldaketarako unea dela eta mobilizatzeko ardura Sarek bere gain hartzen duela adieraziko dio eta baita instituzioei eskariak egitekoa ere, benetako inplikazio bat izan dezaten konponbidearen eta bakearen eraikuntzan.
JUSTIZIA TRANTSIZIONALA
Bada garaia justizia trantsizionalari bide emateko eta beraz:
1.- Gaixo dauden eta adinez nagusiak diren presoak askatzeko, bai eta Euskal Herrira gerturatzeko.
2.- Espetxe eskumena bereganatzeko, bai eta zaintza epaileekiko eskumena, Entzutegi Nazionalaren menpean egoteari uztea beharrezkoa da; Entzutegi Nazionala desagertzea beharrezkoa den moduan. Bere sorrerak zentzurik ez bazuen, gaur are gutxiago. Izan ere, maiatzaren 4az geroztik existitzen ez den erakunde baten kide izateagatik edo berarekin kolaboratzea egozten zaien pertsonak epaitzeak ez baitauka zentzurik.
Hau medioa, epaiketaren zain dauden auziak eta bermerik gabe gauzatutakoak, gertuko epaitegien eskumenpera pasatzea eskatzen dugu, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako epaitegietara.
3.- Gradu aldaketa eskaerak onartzeko eta behin behineko askatasunari begira betetako zigorrak zenbatuak izateko.
4.- Salbuespen legediari amaiera emateko.
5.- Salbuespen legedian oinarritutako prozesuak berraztertzeko.
6.- Tortura salaketapean eman diren zigorrak berraztertzeko.
Beterri-Buruntzan Euskal Presoen eskubideen aldeko ekitaldi sorta antolatu dute Maiatzerako
Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko ekitaldi sorta iragarri zuen Beterri-Buruntzako Sarek, Urnietako Etxeberri plazan egin zuen agerraldian. Egun, eskualdeko 27 euskal preso daude. Guztiak urruntzen politikaren menpe. Euren eskubideen aldeko ekitaldiak burutuko dituzte maiatzean:
Maiatzaren 11an Errezitaldi kulturala Lasarte Orian.
Maiatzaren 12an Hernani Motxiladun Umeen gaia landuko dute.
Maiatzaren 20an Santa Barbara eskualdeko irteera.
Maiatzaren 24an Urnietan Joseba Azkarragarekin Hitzaldia egingo dute.
Sare Herritarra ostiralean Kanbon ospatuko den Topaketaren parte aktibo izango da
Konponbidearen eta bakearen norabidean urrats garrantzitsu bat ematera goaz datorren maiatzaren 4ean Kanbon “Nazioarteko topaketa Euskal Herriko gatazkaren konponbidean aurreratzeko” ekimenaren baitan. Euskal jendarteak iragana atzean utzi eta sufrimenduarekin behin betikoz amaitzeko urratsak eman nahi eta behar ditu, aurrera egin eta elkarbizitzan eta bakean bizi ahal izateko.
Maiatzaren 4ean gure herriaren historiako pasarte garrantzitsu bat biziko dugu, aldaketa biziki garrantzitsua izango baita Kanbon gauzatuko dena. Herritarrak aldaketa horren parte aktibo izan behar dugu, eta bagara, giza eskubideen errespetuaren, konponbidearen eta bakearen baitan urteak daramatzagulako lanean. Horren erakusle izan da Bakearen Artisauek eginiko lana.
Azken urtebetean Bakearen Artisauek hasitako bidearen fruituak ikusten ari gara, eta orain beste aurrerapausu baten aurrean gaude. Baina ezin dugu ahantzi, aurreko apirilaren 8a gizarte zibilak hartutako konpromisorik gabe pausu urrats berri hau gauzaezina litzakeela. Aurrerantzean ere bide beretik jarraitu behar dugu. Orain arte egin dugun moduan herritar gisa gure oraina eta geroa sufrimendu gehiagorik gabe eta elkarbizitzan oinarritua izateko ardura hartu behar dugu.
Izan ere, maiatzaren 4ko egun historikoaren ostean ere bada zer askatu. Oraindik ere, espetxean diren euskal presoak eta euren senide zein lagunak eskubideak urratuak izaten jarraitzen dute, ehunka kilometrotara urrunduak eta mendekua soilik bilatzen duen salbuespeneko legedi baten baitan bi bider zigortuak. Oraindik ere sufrimendua eta eskubideen urraketa dakarten hainbat korapilo ditugu askatzeko eta bide horretan Sare Herritarrak herritarren laguntzarekin lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du, elkarrekin konponbidearen baitan aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa. Ostiralean bide horretan urrats handi bat emango dugu. Eta datozen hilabeteetan euskal presoen eskubideen defentsari indar berberaz eusteko une berri bat irekiko da.
Arabako Batzar Nagusiek eta sindikatuek urruntze politikaren aurkako adostasuna lortu dute
Arabako Batzar Nagusiek (PP kanpo) urruntze politikaren amaiera eskatzen duen akordioa eskuratu dute, sindikatu guztien babesarekin.
PP izan ezik gainontzeko alderdien babesarekin onartu da gaurko Arabako Batzar Nagusietako plenoan urruntze politikarekin amaitzeko eskaria. Akordio honek sindikatuen babesa ere jaso du, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalderen sinadurarekin.
> Pretsan bildutakoak
> NAIZ
Urruntze politikaren amaiera eskatu du Arabako gehiengo politiko eta sindikalak.
PPk ez beste alderdi guztiek espetxe politika berri baten eta urruntzearen amaieraren eskaerarekin bat egin dute Arabako Batzar Nagusietan. Adostasun zabal horrek arlo sindikalean ere izan du isla, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxaldek ere babesa adierazi dutelako.
> BERRIA
Urruntze politika amaitzeko eskatu dute Arabako Batzar Nagusiek
“Errotze sozial eta familiarretik urrun zigorrak ez betetzea saihestuko duen eta senideekin harremanak erraztuko dituen” espetxe politika bat galdegin dute. Sindikatu guztiek bat egin dute eskariarekin.
> EL CORREO
El PP se queda solo en las Juntas de Álava, que reclaman el fin de la dispersión de los presos de ETA
Todos los grupos políticos, salvo los populares, han respaldado una moción impulsada por el Foro Social.
Igandean Motxiladun haur bat gutxiago ekitaldia Izarrekin Sara Etxera Plataformak antolatuta
Sara Majarenas euskal presoak askatasuna eskuratu ostean, motxiladun hau bat gutxiago dugu Euskal Herrian. Izarrek bizitako egoera eta motxiladun haurrena salatzeko ekitaldia egingo da igande honetan Donostian.
Izarrekin Sara Etxera plataformak ekitaldia antolatu du igande honetarako, apirilaren 22rako, “Motxiladun umeak bat gutxiago” lelopean. Plataformaren azken agerraldia izango da. Sara Majarenas presoa aske geratu ostean, 4 urteko Izar txikiak motxiladun ume izatea
ri utzi diola ospatuko dugu, baina azken urte honetan bizi izan duen egoera gogorra ere salatuko dugu. Aldi berean, oraindik ere Euskal Herrian motxiladun ume asko daudela gogorarazi eta egoera honi amaiera jarri behar zaiola aldarrikatuko dugu.
Ekitaldia 12.00etan egingo dugu Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuan (kioskoa dagoen plazatxoan). Ekitaldian zehar Izarrekin Sara Etxera plataformak, Donostiako mugimendu feministak eta Motxiladun umeen ordezkari batek hartuko dute hitza, halaber, bertan izango da Porrotx pailazoa, eta bertsoak, musika eta dantza ere ez dira faltako.
Ekimenak Bizkaia eta Nafarroan Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta
Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekimen egin dira Bilbon eta Iruñean salbuespen neurriek euskal presoen osasunean duten eragina salatzeko.
Aste honetan urtebete da apirilean ETAk gizarte zibilaren bultzadaz armagabetzea gauzatu zuela. Gaur gaurkoz ordea, urrats honen aurrean, urteetan luzatu den mendekuzko espetxe politikak bere horretan darrai. Osasunaren Nazioarteko Eguna den honetan, Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu eta euskal presoen osasunean bereziki eragiten duten funtsezko bi faktore nabarmendu:
-
Euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe-politika: isolamendua, zigorraren luzapena eta urruntze politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute, ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak… sortzen ditu. Gaixo diren presoen kasuan gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu.
-
Espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak: espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak, osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun-zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Ezin dugu segurtasun politiken aitzakia pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik onartu. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.
Politika honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak aurten ere gora egin baitu eta horren adibide da Xabier Reyren kasua. Egun 22 dira larriki gaixo diren presoak. Sarek argi du salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean eskubide urraketa honen ondorio lazgarriei aurre egiten jarraitu beharko dugula.
Horregatik eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa eta laguntza behar dugu, behin betikoz, presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, espetxea ere gure gizartearen zati bat baita. Denon artean eta guztion bultzadaz lortu ahal izango baitugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea eta konponbidearen eta bakearen baitan urratsak ematea.
Sarek bere III Batzar Orokorra ospatu du
Sareren 4. urteurrena betetzear den honetan, une aproposa da hausnarketa egiteko, jendarteari eskerrak eman eta helburu berriak definitzeko.
Lehenengo hitzak bake iraunkor baten alde lan egiten duen ekimen herritar hau sigla eta interesen gainetik lagundu eta babestu duten pertsonak errekonozitzeko dira. Bagoaz pixkanaka gure herrian, baita hemendik kanpo ere, hainbeste sufrimendu eragin duen gatazkari irtenbide demokratikorantz, horretarako lanean ari gara.
Aurrera egiten ari gara. Euskal jendartea urrats sendoak ematen ari da bortxen garaia ixteko. Helburua elkarbizitzarako espazio amakomun eta kolektiboa da. Eta sei urte igaro diren arren ETAk borroka armatua utziko zuela erabaki zuenetik, Estatuen jarrera inmobilista da. Parisek duela gutxi eman ditu urrats ttipi batzuk euskal preso batzuk gerturatuz. Azken biak atzo bertan. Madrilek, bestalde, egoskorkeria zapaltzailea baino ez du erakutsi. Aitzitik, eta paralisiak paralisi, berretsi egiten gara: urratsak ematen ari gara, positiboak. Zentzu honetan, beste behin, euskal jendartearen jakintza goraipatu nahi dugu. Aiete, Luhuso, Baiona… lan amankomunaren mugarri eta Estatu espainiarrak saihestu nahi zuena lortu zuena gainera: ETAren armagabetze ordenatua eta egiaztatua.
Sareren lana politikaren eremuan ere kokatzen da, baina ez da espazio politikoen borrokan sartzen. Zera da garrantzitsuena: urraketekin amaitzeko ekimen onenak lortzea; horregatik, ekintza eraginkorrenekin bat egingo dugu, proposatzen dituenak proposatzen dituela. Baliotsuena helburuak betetzea da eta modu kolektiboan lan egitea, bakoitzaren espazioak errespetatuz. Iruñea nahiz Gasteizeko parlamentuetan lortutako akordioak jarraituko beharreko bidearen bi adibide baino ez dira.
Giza eskubideak aldarrikatzen jarraitzen dugu, oinarrizkoak eta unibertsalak, denentzat, salbuespenik gabe. Testuinguru horretan, gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzen dugu, baita adinduena ere. Urrunketaren amaiera eta salbuespenezko legearen amaiera ere eskatzen dugu, honek preso zein beren senideen giza eskubideak urratzen baititu.
Garai berriak dira. Eta honek guztiak zera pentsatzera eramaten gatu: ETAren aldetik urrats berriak etor daitezkeela. Horrek bai oraina bai etorkizuna begiratzeko modu berri bat eskatzen du, ezberdinen artean gehiago adostu eta ekimen eta proposamen berriak sustatu. Horrela egiten diogu aurre urte berriari Sare-tik. Lan amankomuna eta Estatuko elkarteekin lankidetzak, bereziki Madril, Andaluzia eta Kataluniakoekin, gure helburuetako bat dira. Denon artean bakea posible egingo dugu.
> Pretsan bildutakoak
> NAIZ
Sare: «Garrantzitsuena helburuak lortu eta elkarrekin lan egitea da»
Garai berriek bide eta urrats berriak eskatzen dituzte Sareren arabera. Abiapuntua hori izanik, euskal agertoki politikoan ireki den aroan amankomunean eginiko lana eta Estatuko gainerako elkarteekin lankidetza izango ditu oinarri mugimenduaren etorkizuneko jardunak.
> BERRIA
Desberdinen arteko elkarrizketen alde egin du Sarek
Donostian egin dute batzar orokorrean nabarmendu dute azken hilabeteetan urratsak egin direla “indarkerien garaia alde batera uzteko”. Baina kritikatu dute, ETAk borroka armatua utzi eta sei urtera, estatuek geldirik jarraitzen dutela.
> EITB
Presoak hurbiltzeko Frantziak emandako ‘urrats txikiak’ nabarmendu ditu Sarek
Espainiak, berriz, jarrera ‘inmobilistari’ eusten diola esan du presoen aldeko plataformak. ETAren amaiera gertu egon litekeen uneotan, ‘gorrotoan’ oinarritutako justiziak ez duela lekurik esan dute.
Azken atxiloketen harira
Sare Herritarrak gaur goizean eman diren atxiloketak salatu nahi ditu eta baita Gobernu espainiarraren partetik errepresioa mantentzearen aldeko jarrera. Gobernu espainiarrak urteetako sufrimendu eta minarekin amaitzeko urratsak eman beharrean, berau luzatu eta betikotzearen alde egin du, Euskal Herrian oraindik orain eta ETAk zein EPPK emandako urratsei muzin eginez, milaka eta milaka herritarrek behin eta berriro eskatutako konponbiderako ateak itxi eta beldurraren eta errepresioaren mamua bizirik mantenduz. Atxiloketa hauek euskal presoen eskubideen alde lanean ari diren herritarren aurka emandako atxiloketak dira, eta zentzu honetan, Sarek argi adierazi nahi du, bere burua demokratikotzat jotzen duen Estatu batek ezin duela halakorik ahalbidetu.
Sarek beste behin ere, dei egin nahi dio jendarte osoari eta baita euskal instituzio, alderdi, sindikatu eta eragileei, giza eskubideen alde, konponbidearen alde eta bakearen alde urrats bat aurrera eman eta halako egoerekin guztiz amaitzeko prest gaudela adieraztera.










































